Saskibaloia

Berri onak CBASK-en

Guaixe 2026ko otsailaren 5a

Altsasuko saskibaloi klubeko bi talde nagusiek, mutilen bigarren mailakoak eta nesken lehen autonomikoak, garaipen estuak lortu zituzten eta euren ligetan hirugarrenak dira

Mutilen senior bigarren mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen. CBASK Narum Fisioterapiak Zizurren jokatu zuen, Megacalzado Ardoi taldearen kontra. Bi taldeek lehia oso estua izan zuten. Hasieran Ardoik abantaila hartu zuen eta partida ia guztian aurretik joan zen, gehienez 11 puntuko aldea lortuaz. Bukaera aldera, ordea, Altsasuko taldea gerturatu zitzaion eta lehia are gehiago gogortu zen. Bi aldiz berdindu zuten Ardoik eta CBASK-ek, eta altsasuarrek tartea hartu zuten azken txanpan, 9 puntukoa. Ardoi gerturatzen hasi zen, baina CBASK-ek eutsi zuen eta, azkenean, 63-64 irabaztea lortu zuen, puntu eskas baten aldearekin garaipen garrantzitsua lortuaz. 

Noainek jarraitzen du mutilen bigarren mailako lider (24 puntu), Larraona Clareten aurretik (21 puntu). Garaipenaren ondoren CBASK Narum Fisioterapia hirugarren postura igo da (21 puntu). Hamaseigarren jardunaldian CBASK-ek Liceo Monjardin R izango du aurkari, Zelandin. Partida otsailaren 6an jokatuko da, ostiralarekin, 20:00etan. 

Nesken lehen senior autonomikoan hamabosgarren jardunaldian Iruñean jokatu zuen CBASK Xabi Gorriz taldeak, Navarro Villoslada A-ren kontra. Altsasuarrak primeran hasi ziren eta partida guztian aurretik joan ziren. 18 punturen aldeko abantaila hartzera iritsi ziren, baina bukaera aldera Navarro Villoslada A geroz eta gehiago gerturatzen hasi zen. Zorionez, Altsasuk iruindarren erauntsiari aurre egin zieten eta, azkenean, 51 eta 54 irabaztea lortu zuten, garaipen estua lortuaz. 

Liceo Monjardin da nesken lehen senior mailako liderra (30 puntu), Navasket SF´Old taldearen aurretik (27 puntu). Garaipena eta gero CBASK hirugarren da (26 puntu). CBASK Xabi Gorrizek sailkapenean hamahirugarren den Burlata hartuko du otsailaren 8an, igandea, 18:00etan, Zelandin, Santa Agedako ospakizunek ondoren.