Astekaria

Emakume zientzialarien Altsasuko erakusleihoak

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 10a

Emakumezko zientzialari baten berri ematen duen erakusleihoa.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, Altsasuko udalak bat egin du Elhuyarren 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenarekin. Otsailaren 2tik 11ra, 30 saltokiren erakusleihoetan emakume zientzialari baten berri dago.

Altsasuko Udaleko Euskara eta Berdintasun batzordeek eta Elhuyarrek Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa jarri dute martxan Altsasuko 30 dendatan. Establezimendu horien paretik otsailaren 2tik 11ra pasatzen direnek emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutzeko aukera izanen dute. Izan ere, erakusleiho bakoitzean emakumezko zientzialari baten berri ematen da. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egin du Altsasuk. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori 2016an aukeratu zuen. Haren bidez, emakumezkoek eta neskek zientzian parte hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bulkatu eta nesken zientzia bokazioa sustatu nahi da. 

Esan bezala, establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskaini dio erakusleihoa. Guztira dozena bat emakumezko zientzialariren berri ematen dute. Guztiek emakumezko zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten irudiak jarri dituzte dendan. Hainbat dendarik, gainera, haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtu dira Altsasuko dendariak, eta lagundu dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.

Elhuyarren Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoak aurten sei urte bete ditu eta, Altsasuz aparte, Hego Euskal Herriko beste hamabost herritan egiten ari dira: Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpi, Mutiloa eta Urduliz. Aurten ekimenak Nafarroara egin du salto. Gaur egun hamasei herri horietako 400 erakusleiho daude emakumezko zientzialariei eskainita. 

Ginkana 
Emakumezko zientzialarien berri izatera erakusleihoetako batera hurbiltzen denak, gainera, ginkana batean parte hartzeko aukera izanen du. Horretarako, dendetako erakusleihoetako karteletan dauden QR kodeak telefono mugikorrarekin eskaneatu beharko dituzte. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana altsasuarrek, eta sakandarrek. 

Altsasuko ikastetxeek paperean osatzeko bertsioa jaso dute, ikasleekin erakusleihoak bisitatu eta emakumezkoak gertuagotik ezagutzeko. Ekimen hori Elhuyarrek Bizilaberen barnean sortu zuen duela sei urte, hau da, gazteendako zientzia eta teknologia jarduerak egiteko aisialdi jardueren eskaintzaren barruan. 

STEAM hezkuntzaren bitartez (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika hitzen laburdura ingelesez), Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia eta teknologia gaietan parte har dezaten bulkatuz, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Erakusleihoena bezalako ekimenen bidez, emakumezko horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakumezko zientzialariak 

Jane Goodall
Londres, Erresuma Batua, 1934-2025 
Primatologoa 

Afrikara 23 urterekin joan zen. Animalien portaera ulertzeko zuen gaitasuna zuen eta Louis Leakey antropologoa txinpantzeak beren ekosisteman aztertzea eskaini zion. Gombeko Parke Nazionalera (Tanzania) iritsi zen 1960an. Bere metodologiak primatologia eraldatu zuen: poliki-poliki txinpantzeengana hurbildu zen bera han egotera ohitu zitezen, hala, haien portaera modu naturalean behatu zuen. Deskubritu zuen txinpantzeek tresnak erabiltzen zituztela, gizarte harreman konplexuak zituztela, eta afektua, lankidetza, lehia eta dolua erakusten zutela. Aurkikuntza horiek zientzia irauli zuten. Txinpanzeak eta haien ekosistema ikertu eta babesteko institutua sortu zuen 1977an.

 


Mari Luz Guenaga Gomez

Eibar, Gipuzkoa, 1975
Informatika ingeniaria 

Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen, eta ikusmen urritasuna duten pertsonen baliabide digitaletarako irisgarritasunari buruzko doktore tesia egin zuen. Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da, eta programazioarekin, pertsonen eta ordenagailuen arteko elkarreraginarekin eta datuen bistaratzearekin lotutako irakasgaiak ematen ditu. Deustek ikerketa-taldeko kidea da. Bertan, STEAM hezkuntzarekin lotutako hemengo zein nazioarteko hainbat proiektutan hartu du parte. Gainera, STEAM proiektuaren arduraduna da, gazteen, batez ere nesken, artean zientzia eta teknologiaren interesa sustatzen duena. Programak hainbat sari jaso ditu.



Ola Arafat 

Gaza, Palestina, 1977 
Farmazialaria eta ekintzailea

Farmazia ikasi zuen Gazako Al-Azhar Unibertsitatean eta Gazako Al-Shifa ospitalean egin zuen lan. Senarrak beka bat jaso zuen Nafarroan tesia egiteko, eta harekin Iruñera etorri zen. Seme-alabak hazi ondoren, DNA Catcher bioteknologia-enpresa sortu zuen 2017an, osasun, elikadura eta ingurumen arloetako arazoei aurre egiteko irtenbide berritzaileak eskainiz. Hainbat sari jaso ditu bere ibilbide profesionalagatik. Giza eskubideen aldeko aktibista, Nafarroako Gobernuak Nafarroa Koloretan saria eman zion 2024an. Salam Gaza Nafarroa elkartea sortu zuen, gazatarrak lagundu eta elkartasun zubiak sortzeko. 

 


Marie Anne Gillan Boivin 

Versailles, Frantzia, 1773-1841 
Emagina eta asmatzailea

Obstetriziako diploma 1800ean lortu zuen, emagin gisa hasi zen lanean eta urtebetean superintendente bihurtu zen. Bere eragina baliatu zuen obstetrizian espezializatutako eskola bat sortzeko, eta haren ekimenez Parisko Amaetxean, emaginentzako eskolaren sorkuntza sustatu zuen. Han obstetriziako aditu handienetako bat bihurtu zen. Ama ezkongabeentzako ospitale batean ere aritu zen lanean, eta Frantziako hainbat ospitale zuzendu zituen. Ginekologiari eta obstetriziari buruzko eskuliburu ugari idatzi zituen, eta erditze-geletan ezinbesteko bihurtuko ziren hainbat tresna asmatu zituen.

 


Yasnaya Aguilar Gil

Ayutla Mixe, Mexiko, 1981 
Hizkuntzalaria

Mixe jatorriko hizkuntzalari, idazle, itzultzaile eta ekintzaile oaxakarra, erreferentea da indigenen hizkuntza eskubideen eta autonomiaren defentsagatik. Bere familian goi-mailako ikasketak egiten lehena izan zen. Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan Hizkuntza eta Literatura Hispanikoetan lizentziatu zen, eta gramatikarekiko zaletasuna deskubritu zuen. Bere ama-hizkuntza, ayuujk edo mixea, ez zegoen formalki deskribatuta, ez zekien hartan idazten, eta horretan hasi zen. Lan horrek bere ikerketa-ibilbidearen oinarriak ezarri zituen eta ayuujk hizkuntzaren biziberritze mugimenduarekin bat egitera eraman zuen. Komunitate indigenen lurraldeen eta baliabide naturalen defentsan ere lan egiten du.

 


Elisabeth Rasekoala  

Lagos, Nigeria, 1960 
Kimika-ingeniaria

Ingeniaritza kimikoa ikasi eta doktoretza egin zuen, emakume gutxik eta ia pertsona beltzik ikasten ez zuten toki batean. Industria petrokimikoan lanean hasi zen. Han ohartu zen zientzia eta teknologiaren munduan ikuspegi maskulino, zuri eta eurozentrikoa nagusi zela. Hori aldatzeko African Gong erakundea sortu zuen, Afrika osoan zientziaren komunikazioa eta zabalkundea sustatzeko, genero berdintasunaren eta kultura aniztasunaren ikuspegitik, zientzia inklusiboago baten alde eginez. Bestetik, neska afrikarren artean STEM bokazioak pizteko hezkuntza programak bultzatu ditu, eta komunitate marjinatuetan zientzia hurbiltzeko proiektuetan parte hartu du. 

 


Amaia Ortiz Barredo 

Gaubea, Araba, 1965
Fitopatologoa

Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasi zuen, eta Mikrobiologian espezializatu zen. Bere doktore tesian, azukre erremolatxari eragiten zion gaixotasun biriko baten aurrean estrategia berritzaile bat garatu zuen, eta lan horrengatik sari bat jaso zuen. Ordutik Neikerren lan egiten du, landareei erasotzen dieten organismoak, izurriteak eta intsektuak aztertzen. Bere ikerketak nekazaritza jasangarriagoa lortzea du helburu, produktu kimikoen erabilera murriztea ekarriko baitu eta ingurumenarekiko errespetua sustatuko. Gaur egun nazioarteko ikerketa proiektuetan hartzen du parte, eta fitopatologiaren eta nekazaritza jasangarriaren arloan erreferente da.

 


Ruby Payne-Scott 

Graftib, Australia, 1912-1981
Fisikaria
Bi bekari esker, Sydneyko Unibertsitatean Fisika ikasi zuen, garaiko emakumeen artean nahiko ezohikoa zena. Ikertzaile gisa, minbizia tratatzeko teknika berri bat aztertu zuen: erradiologia. II. Mundu Gerran, Joan Freeman lankidearekin batera, defentsarako radarrak garatu zituzten. Gerraren ondoren, bere taldea irrati astronomian espezializatu zen, astroak igortzen zituzten irrati-uhinen bidez aztertuz, eta eguzki erupzio mota batzuk deskubritu zituen. Emakumezkoen eskubideen alde egin zuen, bere garaian muga asko baitzituzten. Ezkondu zenean bere lanpostua finkoa galdu zuen. Amatasun laguntzarik ez zegoenez, ama izatean bere karrera bertan behera gelditu zen. 

 


Hong Wang 

Guillin, Txina, 1997 
Matematikaria

Pekingo Unibertsitatean Matematika ikasi zuen. Egun, irakaslea eta ikertzailea da New Yorkeko Matematika Zientzien Courant Institutuan. Forma, patroi eta mugimendu konplexuak atal sinpleagoetan deskonposatzeko moduak ikertzen ditu; baita oso irregularrak izan daitezkeen objektu geometrikoen tamaina eta egitura zehazki neurtzeko moduak ere. Bere ikerketek fenomeno matematiko abstraktuak ulertzen laguntzen dute eta beste zientzia batzuetan aplikagarriak diren ezagutzak eskaintzen dituzte. Matematikariei buruhauste handiak eman dien problema historiko bat, Kakeyaren aierua, ebatzi zuen 2025ean. Bere erantzuna maisulantzat jotzen da.



Lourdes Herrasti Erlogorri 

Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958
Historialaria eta antropologoa

Geografia eta Historia ikasi zuen eta Osteoarkeologian espezializatu zen, indusketa arkologikoetako hezurrak aztertzen dituen diziplinan. Bigarren Hezkuntzako irakasle, asteburuetan eta oporretan arkeologia indusketetan egoten zen. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide egonkor bihurtu zen. Egun, Antropologia Fisikoko saila zuzentzen du, osteoarkeologian eta, bereziki, Gerra Zibileko eta frankismoko giza aztarnen berreskurapenean zentratutako ikerketa lerroak garatuz. Hobi komunen desobiratzetan egiten duen lana ezinbestekoa da biktimen familiei egia eta duintasuna itzultzeko eta gizarteari memoria berreskuratzen laguntzeko. Ikerketa lanaz aparte, zientziaren dibulgazioa bulkatu du.



Rebecca Lee Crumpler 

Christiana, AEB, 1831-1895 
Medikua

Medikuei laguntzen trebatu zen erizain gisa, eta 1860ra arte ez zuten onartu medikuntza eskolan. Onartua izan zen lehen emakume afroamerikarra eta bakarra izan zen. 1864an AEBetan mediku titulua lortu zuen lehen emakume afroamerikarra izan zen. AEBetako Gerra Zibilaren amaieran graduatu zen, hain justu askatu berri ziren milioika afroamerikarrek laguntza behar zuten garaian. Berak  mediku arreta duina eman zien. 1883an A Book of Medical Discourses argitaratu zuen, bere oharretan oinarritutako liburua, pertsona afroamerikar batek idatzitako medikuntzako lehen testua da. Besteak beste, amatasunaren eta haurren osasuna, haurdunaldia eta edoskitzea jorratzen ditu. 



Olatz Ortega Vidales 

Bilbo, Bizkaia, 1997 
Ekotoxikologoa

Biologiako gradua egina, jabetu zen inklusioa eta hezkuntza gizartea eraldatzeko oso garrantzitsuak direla. Erasmus Mundus Ekotoxikologia Masterra egin zuen eta Master Amaierako Lana hastear zela, Plentziako Itsas Estazioan naturaren kontserbazioa, inklusioa eta herritarren parte hartzea uztartzen dituen Kontuz! Ez nazazu zapaldu! herritarren zientziako proiektuan murgildu zen. Biologia oinarri eta feminismoa ardatz dituen ikerketa taldean sartzeko aukera izan zuen, eta horrek, zientzia esperimentalen inguruan zuen ikuspegia zabaldu zion. Egun, doktorego tesia egiten ari da zientzia esperimentalen didaktikan. Argi du zientzia egiteko modu anitz daudela, denak beharrezkoak. 

ILUSTRAZIOAK: Izaskun Alberdi Landaluze