Galdakao eta Altsasuren arteko senidetzea, instituzio lotura, Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek sinatu zuten larunbatean. Beteta zegoen Galdakaoko kultur etxeko aretoan egin zen ekitaldia.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari dantza taldeko kideak azaldu duenez, "Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentala Altsasuko ihotearen berreskurapena nola egin zen jaso zuen. Lan horren ondorioz, udalei senidetzea proposatu genien. Eta bi herriek harrera ona egitea positiboa izan da". Eguskiza pozik zegoen senidetze ekitaldirako aretoa lepo bete zela. Jakinarazi zuenez, "ez diogu ikertzeari utzi".
Altsasuko ihote batzordearen izenean Asier Jorge Aristorenak hartu zuen hitza: "beharrezkoa ikusten genuen senidetzea. Batez ere, Andra Mari dantza taldeari aitortza egiteko, egin zuen ikerketagatik eta Altsasun aurkeztutako lanagatik". Gaineratu zuenez, "beharrezkoa jotzen genuen ihoteak duen garrantzia udalek bermatzea". Udalen arduraz aparte, gainerako elkarteek, "ziurtatu dezagun ahal dugun heinean". Senidetzea "loturak estutzeko, eta euskara eta kultura transmititzen jarraitzeko" baliagarria izan zitekeela adierazi zuen.
Galdakaoko Ganguren eta Altsasuko Mendigoizaleak taldeak bat egin dute. Galdakaon Mozoilo Eguna ospatuko dute garagarrilaren 6an eta altsasuarrak Galdakao inguruko mendiak ezagutuko dituzte eta, ondoren, festan eta herri bazkarian izanen dira. Mendizale galdakoztarren bisita 2027ko maiatzeko lehen igandean izanen da. Inguruak erakutsi, artisau azoka ikusi eta ondoren bazkaria izanen da. Gauzak ongi, bestelako irteerak ere antolatuko dituzte.