Iruñea eleberrietako protagonista

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko otsailaren 9a

Pedro Garate idazlea bi liburuekin. UTZITAKOA

'El asesino de las peñas' eta 'Iruña Zombie' liburuak idatzi ditu Pedro Garate Hernanz idazleak; biak Iruñea oso desberdinetan kokatzen dira, eta tokiak egiazkoak badira ere bi mundu erakusten ditu. Otsailaren 10ean, asteartea, Haritza tabernan aurkeztuko ditu.

Munduko festarik ezagunenetarikoak Iruñean ospatzen dira, San Ferminak, eta aldiz Nafarroako hiriburuan eta festetan oinarritutako thriller-ik ez zegoela ohartu zen Pedro Garate Hernanz idazlea; horrela bururatu zitzaion El asesino de las peñas idaztea. Arrakastaren ondoren, oso gustuko duen genero bat ere ez dela Nafarroan kokatu konturatu zen; zonbiak, eta haren inguruko liburua ere idatzi du: Iruña Zombie. Bi eleberriak Altsasuko Haritza tabernan aurkeztuko ditu, otsailaren 10ean, asteartea, 19:00etan (Arkatz liburudendak eta Haritza tabernak antolatuta). 

"Errazagoa egiten zait ezagutzen ditudan gauzei buruz hitz egitea, asmatzea baino"

"Errazagoa egiten zait ezagutzen ditudan gauzei buruz hitz egitea; fikziozko mundu bat asmatzea baino". Hortaz, Iruñean kokatu ditu bere bi liburuak Garatek. El asesino de las peñas liburuaren prozesua "oso polita" izan dela esan du idazleak: "Ateak ireki zizkidan". Bat-batean bururatu zitzaion istorio bat izan zen: "Hasiera batean niretako idatzi nuen eta ez nuen argitaratzeko ideiarik. Ordenagailuan nuen gordeta". Nobela beltza edo thriller-ak oso irakurriak direla konturatu zen, "baina liburu horietan Iruñea ez da ateratzen, ezta sanferminak ere, eta peñak are gutxiago. Pentsatu nuen peñak zerbait hain iruindarra izanda horren inguruko nobela bat idatzi behar nuela". Egun batean bikotekidearekin hitz egiten ari zela, argitaratzea proposatu zion: "Paperean izateko, etorkizunean alabek irakurri ahal izateko". 

Liburua autopublikatu zuen eta hiru astetan 700 bat ale saldu zituen. Argitaletxe bat bilatu zuen eta Lamiñarrarekin harremanetan jarri zen,"gainera azala ere onartu zidaten, nik diseinatu nuen. Izugarria izaten ari da". Milaka ale saltzen ari dira, "harrera oso ona izaten ari da", eta primiziaz maiatzaren 5ean, "sanferminetako eskaileran", bigarren zatia kaleratuko du. 

Hainbat peñetako jendea erailtzen duen hiltzaile baten istorioa kontatzen du Garatek El asesino de las peñas liburuan, "eta peñetako zapietan hurrengo erailketarako enigmak uzten ditu. Modu honetan jendeak ezagutzen ez dituen hiriaren inguruko bitxikeriak kontatzen ditu; esaterako, Helloween taldeak Cafe Iruñan bideoklip bat grabatu zuela". Horrelako "gauzatxoak" jarri ditu idazleak thriller-aren barruan. 

"Zonbien generoa asko gustatzen zait, Carlos Sisi eta Manel Loureiroren zalea naiz, eta haiek Malagan eta Galizian, hurrenez hurren, kokatutako zonbien nobelak idatzi dituzte". Garatek "askotan" irakurri ditu zonbien istorio horiek, eta Nafarroan horrelako zerbait kokatu ez izana harritzen zuela komentatu zion Lamiñarra argitaletxeari: "Generoa hainbeste gustatzen zaidanez lehenengoa izango nintzela pentsatu nuen, asko disfrutatzen dudalako horrelako istorioekin". Hutsunea zegoenez, aurrera egitea erabaki zuen. Argitaletxeak baiezkoa eman zion: "Aurreko liburuaren arrakastaren ondoren nik uste gutxi gora behera nire erokeriak egiteko baimena ematen didatela". 

Biziraun
Iruña Zombie sortzeko aurretik irakurritako liburuetan oinarritu da, "baina nahi nion ukitu original bat eman eta beste frakzio bat sartu nuen: sekta antzeko bat". Gainera, orain arteko beste lanetan atera ez den beste birus zonbi bat sortu du ere: "Zonbien munduan bariante desberdinak daude: betiko kutsatuta 28 days after filmekoak bezala rabiaren birusaren mutazio bat dela edo bizitzera itzultzen diren hildakoak; nik beste puntu bat eman nahi izan diot, originalagoa". Eta hori guztia Iruñearen barruan. "Zientzia fikzioaren barruan gaude, baina gorputz bat nola usteltzen den ikertu dut, gero literaturara eramateko". 

Nolakoa da zonbien Iruñea? "Oso kaotikoa da fase desberdinetatik pasatzen delako. Lehenengo fase batean protagonista munduan bakarrik dago, jende guztia hil delako; bere biziraupenean oinarrituta dago". Gero jende gehiagorekin elkartuko da, "eta beste gauza batzuk gertatzen dira. Liburuan aurrera egiten duzunean, gauzak okertzen joaten dira...". Liburua "generoa gustuko duen" jendearendako da, eta idazlearen buruan "unibertso handi bat" dagoen arren, liburuaren harreraren araberako izango da istorioak jarraitzen duen edo ez. "Azken finean, idazten jartzen zarenetik liburua amaitu arte denbora asko pasatzen da". Momentuz arrakastatsua izaten ari da. 

"Espero dut hiltzailearena inoiz ez gertatzea; zorionez Iruñea lasaia da". Peñetako jendeak oso ongi hartu du El asesino de las peñas liburua, "badago jendea hurrengo nobela biktimetako bat izatea eskatu duena ere". Zonbien kasuan "ez dakigu zer gertatu ahal den; egun batean argia joan daiteke, beste egun batean birus batengatik etxean gelditu behar gara... Behintzat liburua irakurrita bizirauteko ideiak har daitezke". 

Otsailaren 10ean, asteartean, Haritza tabernan izanen da, eta haren aurkezpenetan David Mariezkurrena editorearekin solasaldi bat egiten dute. "Galderak egiten dizkit eta nik erantzuten ditut". Ondoren, entzuleei galderak egiteko tartea ematen die ere, "bitxia da, jendea ez da animatzen, baina gero sinatzera etortzen direnean galdetzen dute, eta nik gustura erantzuten dut".