Astekaria

"Ametsen mundutik ateratako" irudien erakusketa

Guaixe 2026ko otsailaren 9a

Mikel Montesinos 'Esencia Onírica' erakusketan bisita gidatua egiten. UTZITAKOA

Mikel Montesinos argazkilari altsasuarraren 'Esencia Onírica' ikusgai dago Iru Bide tabernan.

Esencia Onírica esposizio luzeko argazkilaritzaren inguruko erakusketa bat da, "haren modalidade guztietan", Mikel Montesinos argazkilariak azaldu duen bezala. Ilbeltzaren 30ean Altsasuko Iru Bide tabernan dagoen erakusketatik bisita gidatua egin zuen; otsailaren 17ra arte izanen da bertan ikusgai. 

"Esposizio luzeko argazkilaritzak begi bistan ikusi ezin ditugun irudiak ikusteko aukera ematen digu. Argazki kamerak bideo baten antzerako irudia har dezake irudi bakar batean, eta horrela irudi oso harrigarriak sortzen dira". Teknika honetan oinarritu du bere bigarren erakusketa Montesinosek: "Hori da teknika honen esentzia; ametsen mundutik ateratako irudiak dirudite". 

Teknika honek piztu zion argazkilaritzarekiko zaletasuna: "Ikusi nuenean zer nolako argazkiak lor zitezkeen, ongi ezagutu nahi nuen zerbait bihurtu zen argazkilaritza".