Altsasu DBHko institutuaren lana aitortu dute

Guaixe 2026ko otsailaren 9a

Ikastetxea eta lantzen ari diren Sakana 360º proiektuaren irudia. UTZITAKOA

Iraunkortasunean eta herritartasun globalean egindako irakaskuntza lanagatik izan da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Ikaskuntza eta Zerbitzu Sareak Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko Proiektuen Diseinuaren Lehiaketa antolatu du. Ikasturte honetakoa laugarren edizioa izan da. Lehiaketa deitu duten erakundeek haren bidez ikasturte honetan ikastetxeek iraunkortasun eta herritartasun globalaren arloan egindako irakaskuntza lana aitortu nahi dute. Banatu dituzten bi sarietako bat Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuak eskuratu du. 

Ikastetxe sakandarrak DBH-Batxilergoa mailako lehen saria jaso du. Saritutako proiektua, Altsasutik Mundura, Mundutik Altsasura, STEAM ekimen bat da. Bere baitan zientzia, teknologia, ingeniaritza, komunikazioa eta artea uztartzen ditu, ikasleen teknologia gaitasuna garatzeko eta Sakanarekiko errotzea eta nortasuna indartzeko helburua duena.

Proposamenak produktu interaktibo bat sortzea aurreikusten du, Sakana 360, errealitate birtualeko betaurrekoen, ordenagailuaren, tabletaren eta telefono mugikorraren bidez eskuragarri egongo dena. Bertan, eskualdeko herrietako ingurune birtualak irudikatuko dira eta bakoitzean bizpahiru elkarrizketa izango dira.