Futbola

Altsasuk bere buruan sinisten du

Guaixe 2026ko otsailaren 10a

Nesken hirugarren mailako hamaseigarren jardunaldiak poza ekarri du Altsasura

Nesken hirugarren mailan hamaseigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Huarte arerio zuzena izan zuen aurkari Uharte Iruñean otsailaren 8an jokatutako partidan. Santa Ageda ospakizunetako biharamuna nabarituko zen edo ez azkar uxatu zuten altsasuarrek, berehala jokoan eta lehian murgildu baitziren. 24. minutuan etxeko taldea aurreratu zen, baina Altsasuk ez zuen behera egin eta atsedenaldira joatear zirela bana berdindu zuen Nerea Arellanok. Horrek lasaitasun handia eman zion Altsasuri, eta bigarren zatian zerotik hasi zen partida. Bi taldeak ekin eta ekin aritu ziren, 51. minutuan Laida Garziandiak Huarteko atea zulatu eta Altsasu 1-2 aurreratu arte. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 1-2 gailendu zen Altsasu. Azkeneko hiru jardunaldietan galdu eta gero, Uharte Iruñean lortutako garaipenak poz handia eman die altsasuarrei. 

Nesken hirugarren mailan Osasuna B Fundazioak jarraitzen du lider (46 puntu), Mulier segika duela (42 puntu). Altsasu zazpigarren postura igo da (18 puntu). Otsailaren 22an, igandea, Altsasuk sailkapenean bosgarren den Mutilbera hartuko du Dantzalekun, 17:00etan.