Altsasuko udaletxea erabat eraberritzeko lanak otsailean hasiko dira. Lanak egin aurretik, eraikina hustu beharra dago eta horretan hasi dira gaur, otsailak 11. Hurrengo bi egunetan udaletxean herritarrendako itxita egonen da, ez da aurrez aurreko zerbitzurik egonen. Horiei otsailaren 16an, astelehenean, berrekinen dien udalak. Baina udaletxeko lanak iraun bitartean udalak bere zerbitzuak beste eraikin batzuetan eskainiko ditu. Garbitoki eraikineko lehen solairuan alkateren, idazkariaren eta diruzainaren bulegoak, giza baliabideak, errolda, ogasuna eta jendeari arreta eskaintzeko tokia edo erregistro orokorra egonen dira. Azpian dagoen gimnasioan udal artxiboa egonen da. Bestetik, Iortia kultur guneko erakusketa gelan hirigintza eta Udaltzaingoaren bulegoa egonen dira. Udal bilkurak eta bilerak Gure Etxea eraikineko lehen solairuko gela handian eginen dituzte. Lanak despeditzean zerbitzu guztiak udaletxera bueltatuko dira.
Eraberritze lanak Erki Construccion Sostenible SM enpresa eginen ditu 1.418.397,17 (BEZ barne) euroren truke. Hamar hilabete iraunen dute. Obra finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 2025eko aurrekontuetatik 300.000 euro eta 2026kotik 230.000 euro jasoko ditu zuzenean. Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa pare bati esker izan zen hori. Bestetik, gobernuaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdiko 180.000 euro jaso ditu lan horretarako. Udaletxeaz aparte, egitasmoak aurreikusten du atzeko aldean dagoen eraikina artxibo gisa egokitzea eta udaletxearen iparraldean dagoen eraikina Udaltzaingoaren egoitza hartzeko egokitzea.