Korazonistek mende bat bete dute Altsasun

Guaixe 2026ko otsailaren 17a

Sagrado Corazon ikastetxearen ikuspegia. ARTXIBOA

Ikastetxearen mendeurrena ospatzeko lehenengo ekimena, ihoteetan oinarrituta, otsailaren 13an, ostiralean, egin zuten. 

Gipuzkoako Ibarrako seminarioa Altsasura lekualdatu zuten Corazonistek 1926an. Horretarako, Prim familiari eta Iruñeko Artzapezpikuari jabetzak erosi ondoren. Beraz, Sagrado Corazon ikastetxeak Altsasun seminario gisa abiatu zuen bere jarduna 1926an. Seminarioa aurretik Osasunaren Etxe gisa ezagutzen zen eraikinean jarri zuten. Etxe hark aurretik prindarren ortopedia klinika eta ur sulfurosoen bainuetxea hartu zuen. 

Corazonistak Altsasura iritsi zirenean herriak 3.000 biztanle inguru zituen. Orduz geroztik, ikastetxea haziz joan zen, herriaren ondoan, garai bakoitzeko aldaketetara egokituz. Esaterako, Ferrocarriles del Norte enpresak eskatuta, Corazonistek San Francisco Javier ikastetxetxoa zabaldu zuten. Eskolatxo hori klinikaren eraikinean kokatu zuten. Eskola hori 1970ra arte zabalik egon zen. Osasunaren Etxea 1985ean bota zuten eta haren tokian estalitako kirol azpiegiturak egin zituzten. 

1996. urtean, Errukiaren ahizpek corazonistei eskatu zieten beraien ikastetxea haienarekin elkartzeko. 1996-1998 urteen artean egin zen bat-egite hori. Beraz, egungo ikastetxea 90eko hamarkadaren akaberan sortu zen, hezkuntza komunitate osoaren ahaleginari esker. 

Ikastetxeaz
Eva Uriz Urrestarazu zuzendariak azaldu duenez, ikastetxeak "gaur egun, hezkuntza integrala du ardatz, laguntza pertsonalean, bizikidetzan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritua". Nabarmendu duenez, "azken urteotan, ikastetxeak hainbat esker on jaso ditu hezkuntzarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoagatik. Iraunkortasun ekimenetan parte hartu du, eta Nafarroa estatuko hezkuntza topaketetan ordezkatu izan du". Gaineratu duenez, "sariez aparte, ikastetxea definitzen duena hainbat errealitatetako ikasleak integratzen dituen eta pertsona kritiko, arduratsu eta bizitzarako prestatuak diren hezkuntzaren aldeko apustua da".

Mendeurrena dela eta, urte guztian barna jarduerak antolatu dituzte. Horiek "hezkuntza komunitateari eta Altsasu osoari zuzenduta egongo dira", zehaztu du Urizek. "Jarduera horien bidez, Altsasuko Korazonistak ikastetxeak gonbidatu nahi ditu familiak bere proiektua gertutik ezagutzera, herriari ateak irekitzera eta datozen ehun urteetan elkarrekin eraikitzen jarraitzera".

Aurrena, ihoteez 
Familia belaunaldiak laguntzen 100 urte bete dituen ikastetxeak "herri osoari ateak irekiz" ospatu nahi du, "konpartitzeko, topatzeko eta etorkizunari elkarrekin begiratzeko jarduera programa batekin. Mendeurrenaren helburua da beren hezkuntza-proiektua ezagutaraztea, ingurunearekin duten harremana sendotzen jarraitzea eta hezkuntza hurbila, gizatiarra eta konprometitua bilatzen duten familia berriengana hurbiltzea".

Hasteko, Altsasuko inauterietan eta elkarbizitza, sormena eta inklusioa bezalako balioetan inspiratutako jarduera ludiko eta hezigarriak izan zen ikastetxean otsailaren 13an, ostiral arratsaldean. Altsasu guztiari zabalik zegoen jardueran Haur Hezkuntzako ikasleendako ihoteetako tailer sentsoriala izan zen. Lehen Hezkuntzakoendako ihoteetako altxorra eta torrija tailerra antolatu zituzten. DBHko ikasleendako torrija tailerra eta ihes gela zeuden. Guztiek ere aurpegi margoketaz eta ipuin sentsorialaz gozatzeko aukera izan zuten.