Astekaria

Burunda frontoian, Binakakorako dena prest

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 13a

Elordik eta Zabaletak sentsazio onekin iritsi nahi dute finalerdietara. EL CORREO

Binakako Pilota Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko partidetako bat hartuko du Altsasuko pilotalekuak otsailaren 15ean. Dagoeneko finalerdietan dauden Elordik eta Zabaletak play-offetan dauden Jaka eta Iztueta dituzte aurkari

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako hamalaugarren eta azken jardunaldia dago jokoan. Dagoeneko erabakita daude sailkapeneko lehen bi postuak, Laso-Albisu (12 puntu) eta Elordi-Zabaleta (8 puntu), eta azken bi postuak, Artola-Imaz (5 puntu) eta Etxeberria-Rezusta (2 puntu). Lehen bi bikoteak dagoeneko finalerdietarako sailkatuta daude, eta azken biek ez dute play-offetara sailkatzeko aukerarik. 

Play-off aukerei so
Hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen diren bikoteek play-offak jokatuko dituzte eta hortik aterako dira finalerdietarako beste bi bikoteak. Sailkapenean duten postuaren arabera, play-offetan aurrera egiteko aukera bakarra edo bi aukera izango dituzte play-offetan dauden lau bikoteek, eta hain zuzen ere sailkapeneko postu horiek erabakiko dira ligaxkako azken jardunaldian. 

Altsasun, Zabaleta
Altsasuk sailkapenean bigarrenak diren Elordi-Zabaletaren eta seigarren diren Jaka-Iztuetaren arteko partida hartuko du otsailaren 15ean, 17:00etan hasiko den pilota jaialdian. Elordi eta Zabaleta finalerdietan daude dagoeneko, baina sentsazio onekin jarraitu nahi dute, garaipenaren xendan jarraitu. Aldiz, sailkapenean seigarren diren Jaka-Iztuetak hirugarren eta laugarren postuagatik borrokatu nahi dute, bi postu horietan sailkatzen direnek play-offetan bi aukera izango dituztelako. Zaila dute, irabazteaz gain gainontzekoen emaitzen mende daudelako, baina saiakera egin nahi dute. Beraz, partida lehiatua espero da Burundan. 

Aurretik, B Serieko Binakako Txapelketako hamalaugarren jardunaldiko partida jokatuko dute Senar ordezkatuko duen Bakaikoa etxarriarrak eta Ugartemendiak, Darioren eta Lozaren kontra. Senar eta Ugartemendia play-offetan daude, baina sailkapenean postu hobea lortzea da euren erronka. 

Martija, Ezkurdia eta beste
Gainontzeko partidei dagokienez, otsailaren 13an sailkapenean hirugarren diren Zabala-Martijak Artola ordezkatuko duen Peña eta Imaz izango dituzte aurkari Seguran; hirugarren postuari eustea da euren xedea. 

Otsailaren 14an bosgarrenak diren Altuna-Ezkurdiak eta laugarrenak diren Larrazabalek eta Mariezkurrena ordezkatuko duen Eskirozek elkarren kontra jokatuko dute Donostian, laugarren postu desiratua jokoan dutela. Beraz, lehia gogorra espero da.

Azkenik, otsailaren 16an, Tolosako Beotibarren, Laso-Albisu liderren eta Etxeberria-Rezusta azkenen artean soilik ohorea egongo da jokoan.