Altsasuko elkarteek egiten dute gozoa.
1. Noiz hasi zineten torradak egiten?
Amandrea elkartean hasi ginen duela 27 urte. Julik, Jacinto eta Jesus Tobarren amak, erakutsi zigun; Geltokiko fonda izan zuten.
2. Nola sortu zen ideia?
Ez dut gogoan. Betidanik egin dira torradak garai honetan, baina ez dakit noren ideia izan zen inauterietan egitearena. Agian Jacinto elkarteko juntan zegoelako bururatu zitzaion. Herriko beste elkarteei esan genien, eta denak ados egon ziren.
3. Zenbat egiten dituzue?
Elkarte bakoitzak 150 edo 180 torrada egiten ditu eta Gure Etxean 0,50 eurotan saltzen dira. Diru horrekin inauterietarako gauzatxoak erosten ditugu.
4. Nork egiten ditu?
Normalean elkartetako juntakideek. Ni ez naiz juntakide, baino urtero joaten naiz.
5. Errezeta guztiendako berdina da?
Ez. Bakoitzak bere modura egiten du. Behin ardoarekin egin zuten; ez zuten arrakasta handirik izan. Aurreko urtean esneari anisa bota zioten.
6. Zeintzuk dira osagaiak eta nork jartzen ditu?
Elkarteek jartzen dute. Hemezortzi litro esne inguru, azukrea bota, ez dakit zenbat kilo zehazki, kanela sei makil eta limoia eta laranja azala. Ogia mozten da, barra bakoitzeko 30 bat torrada ateratzen dira, eta bandejetan jartzen dira. Esnea beroa dagoenean ogiaren gainean botatzen da. Arrautzak irabiatzen dira, ogia arrautzatik pasa eta ondoren frijitzen dira.
7. Zenbat denbora egoten zarete?
14:00ak aldera elkartera joaten naiz esnea berotzera; beti egoten da norbait kontrolatzen. 15:15ak inguru itzultzen naiz. 17:15erako Gure Etxean egon behar dira, jendea azkar etortzen delako.
8. Zein da torrada on baten sekretua?
Ogia esnean ongi bustitzea. Bestela, oso gogorra gelditzen da.
9. Denak saltzen dira?
20:00etarako ez dira gelditzen. Sei elkartek parte hartzen dugu, aurten bi gutxiago, horregatik eskatu dugu 180 torrada egitea. Jendea tuperrekin etortzen da eta badago jendea urtero etortzen dena, kanpotik ere. Oso onak daudela esaten dute.
10. Zenbat urte daramatzazu batzordean?
35 urte; emakumezko gehiago geunden, baina joan ziren. Josten egoten naiz, Juantranposoak konpontzen gehienbat. Maribel Mazkiaranek egiten zuen. Bakoitzak egiten du ahal duena. Torraden kasuan elkarteen gauza bat da, eta kide naizenez ere egiten ditut.
11. Nolakoa da zure inauteri egun bat?
Aldatu da. Lehen oso goiz jaikitzen nintzen, Amandrean hamaiketakoa hartzen genuen eta etxean torradak prestatzen nituen; ondoren puska biltzarekin joaten ginen. Frontoian bazkaltzen genuen eta, ondoren, Gure Etxera joaten ginen merendatzera. Gero mozorrotu eta segizioarekin joaten ginen. Biltokin edo Amandrean afaltzen genuen. Orain goizean ateratzen naiz, bilobekin egoten naiz eta ez naiz mozorrotzen; torradekin laguntzen dut eta Foru plazan fokuarekin laguntzen egoten naiz. Senarra duela bi urte hil zen eta ordutik ez naiz ateratzen.