Altsasuko Burunda pilotalekuak Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako hamalaugarren jardunaldiko partida hartu zuen otsailaren 15ean, igandea. Sailkapenean bigarrenak diren eta dagoeneko finalerdietako txartela duten Elordi-Zabaletak play-offetan dauden Jaka eta Iztueta izan zituzten arerio. Sailkapenari begira ez zegoen ezer jokoan; animoari eta sentsazioei begira, ordea, asko. Hala ere, tentsiorik eza gehiegi nabaritu zen.
Giroa hotz zela hasi zen norgehiagoka, Burundako berogailuak ez baitzuen lan egin nahi. Nolanahi ere, harmailek itxura ederra zuten eta bestelako giroa ekarri zuten Burunda hotzera. Partida ziztu bizian jokatu zen; Zabaletak atzeko koadroetan agindu zuen eta Elordi fin ibili zen errematean. Jaka eta Iztueta, ordea, irregular aritu ziren eta lehen atsedenaldirako, ia konturatu gabe, 12-3 jarri ziren aurretik Elordi eta Zabaleta, bikote sendoa osatuta. Zabaletak zuen partidako batuta, eta urdinek ederki probestu zuten. Jaka eta Iztueta ordena jartzen eta arerioei aurre egiten saiatu ziren, baina ezin. 17-4 aurreratu ziren Aspekoak. Azken unean markagailua zerbait makillatzea lortu zuten Elordik eta Zabaletak, galera horren erabatekoa ez izateko, eta 13ra heltzea lortu zuten, tanto polit batzuk eginda. Tartean, Iztuetak bi pilota sartu zituen errebotean bata bestearen atzetik, pilotazaleen txalo artean. Azkenean, 21-13 gailendu ziren Elordi eta Zabaleta, eta finalerdietara primerako animoarekin iritsiko dira.
Aurretik, B Serietako Binakako hamalaugarren jardunaldiko partida hartu zuen Burundak. Senarren tokia hartu zuen Joanes Bakaikoak eta Ugartemendiak Dario eta Loza liderrak izan zituzten aurkari, eta 13-22 galdu zuten. Senar eta Ugartemendiak play-offak jokatuko dituzte.
Zabala-Martija eta Altuna II.a-Ezkurdia, play-offetan bi aukerekin
Martijak eta Ezkurdiak txapelketan jarraitzeko aukera dute, play-offetan daudelako, hirugarren eta laugarren postuan, gainera, hamalaugarren jardunaldiko partidak irabazita. Beraz, play-offetan aukera bikoitza izango dute.
Zabalak eta Martijak Artolaren ordez aritu zen Peña eta Imaz izan zituzten aurkari otsailaren 13an Seguran. Partida borrokatuan, Zabalak eta Martijak oso gogor lan egin behar izan zuten Peña eta Imaz gailentzeko. 64:14 minutu iraun zuen partidan, pilotariek 491 pilotakada gurutzatu zituzten oso parekatua izan zen partidan, hamar aldiz berdindu baitzuten. Peña eta Imaz 18-16 jarri ziren aurretik, baina Zabalak eta Martijak partidari buelta eman zioten, eta Zabalaren dejada batekin garaipena lortu zuten, 18-21. Horrela, sailkapeneko hirugarren postua lortu zuten.
Altunak eta Ezkurdiak Larrazabal eta Mariezkurrenaren lekua hartu zuen Eskiroz izan zituzten aurkari Donostiako Atano III.ean. Bi bikoek sailkapeneko laugarren postua zuten jokoan, play-offetan bigarren aukera ematen duen postua, eta dena eman zuten. Duela hiru jardunaldi ia lurpean zeuden Altuna eta Ezkurdia, baina altxatu dira, eta nola gainera. Lana, esperientzia eta pazientzia balioan jarri eta lortu dute. Larrazabalen eta Eskirozen kontra sendo jokatu zuten eta Larrazabalen eta Eskirozen gainetik pasa ziren, 20-10 aurreratuta. Azkenean, 22-15 bukatu zen partida, sari bikainarekin: laugarren postua eta play-offetan aukera bikoitza.
Binakako hamalaugarren jardunaldiko azken partida gaur jokatuko da, Tolosan, jokoan ezer ez dela. Lasok eta Albisuk Peio Etxeberria eta Rezusta izango dituzte aurkari. Lehendabizikoak, liderrak, dagoeneko finalerdietan daude, eta Peio Etxeberria eta Rezusta azkenak dira, aukerarik gabe. Ohorea da jokoan dagoen bakarra.