Ibarrola izanen da UPNko Parlamentuko zerrendaburua

Guaixe 2026ko otsailaren 16a

Cristina Ibarrola Guillen hautagai izendatu berritan. UPN

Diego Calderon Fernandez hautagai altsasuarraren hautagaitzak hiru boto eskuratu zituen. 

UPNren Kontseilu Politikoak Nafarroako Gobernuko presidentegaia aukeratu zuen otsailaren 14an, larunbatean. Alderdiko presidente Cristina Ibarrola Guillen izanen da alderdi erregionalistako Nafarroako Parlamenturako zerrenda burua. Ibarrolak 155 boto (%84,74) jaso zituen alde. Beste bi hautagai ere bazeuden: Lizarrako Angel Garcia Roigek boto bat eskuratu zuen (%0,56) eta Diego Calderon Fernandez altsasuarrak, berriz, hiru (%1,69). Alderdi erregionalistaren Kontseilu Politikoan parte hartu zutenen %12,99k boto txuria eman zuen, eta ez zen boto baliogaberik izan.

Izendapenaren ondoren, Ibarrolak adierazi zuenez, "UPNk gidatuko du Nafarroak behar duen aldaketa politikoa". Haren esanetan, "argi dago Espainian aldaketa politikoaren olatua dagoela" azken hauteskundeetan, eta gaineratu zuen "aldaketa olde hori hemen dago, Nafarroara iritsi da eta geldiezina da. Nafarrek Chiviteren gobernuaren kudeaketa negargarria eta zintzotasun falta zigortuko dituzte. Jendea nazkatuta dago eta guztiok bizi beharko dugu gidatuko dugun ziklo politikoaren aldaketa. UPN da egungo gobernua aldatzeko gai den benetako alternatiba bakarra".

Ibarrolak gaztigatu zuenez, bere alderdia "ez da inoren sukurtsala, eta ez da izango ere. Madrilen edo Bilbon hartutako erabakien menpe dauden eta beste interes batzuk lehenesten dituzten beste alderdi batzuen aurrean", Ibarrolak nabarmendu zuenez, UPNk "nafarrei axola zaiena konpontzen" du: "etxebizitza, osasuna, hezkuntza, zaintza, segurtasuna, kalitatezko enplegua, soldata duinak, erosteko ahalmena, zerga-arintzea, aisialdia eta etorkizuna".