Otsailaren 27an, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, bideoproiekzioa egingo dute Haizea Ramirez de Alda Pozueta eta Unai Razkin Iriarte mendizaleek Iortia kultur Etxean, 18:30ean. 2022an bikoteak Himalaian egindako ibilbide berezi eta ahaztezinean dago oinarrituta 63 eguneko ibilaldia, 900 kilometro, Everest eta Annapurna lotuz izeneko proiekzioa. Haizea Ramirez de Aldarekin atzera egin dugu, Himalaiara.
Bideoproiekzioaren izenburuak dioen bezala, 63 egunez 900 km eginez lotu zenituzten Everest eta Annapurnako inguruak.
Izenburuak argi dio abentura horretan zer egin genuen: 63 egun eman genituen, oinez, bi eremu horiek lotzeko: Everest eta Annapurna.
Ez da berdina izango, esaterako, Donejakue Bidean 900 km egitea edo Himalaiako altuera horietan 900 km egitea, mendi eta xenda artean.
Bai, ibilbide hori gehien zailtzen duena altuera da, bestela ohituta baikaude kilometroak egiten eta oinez orduak ematen. Etapa batzuk ez ziren oso zailak, baina beste batzuetan ibilbidea zailtzen zuena altuera izaten zen. 5000 metro inguruan ibiltzea asko nabaritzen zen.
2022an erronka berezi honi ekin zenioten. Everest eta Annapurna arteko eremua seinaleztatua eta prestatua dago edo zuen egitasmoa izan zen eta zuek izan zineten guztia planifikatu zenutenak?
Etapak aurretik diseinatu genituen. Aurretik egonda ginen Nepalen, 2019an, eta herrialdeak nola funtzionatzen zuen pixka bat kontrolatzen genuen. Nepal guztia zeharkatzen zuen Great Himalaya Trail izeneko ibilbide bat bazegoela entzuna genuen. Asko erakartzen gintuen, aurretik Transpirenaica egin genuelako; Kataluniatik Euskal Herriraino oinez joan ginen, Pirinio guztiak zeharkatuta, hilabete batean 800 kilometro inguru osatuz. Asko gustatu zitzaigun, eta Nepalera itzuli eta antzeko zerbait egin nahi genuen. Horrela, bi izkinak alde batera utzita Great Himalaya Trailaren erdialdeko ibilbide gehiena egitea bururatu zitzaigun. Mamen Etxanizek Nepalera egindako hiru bidaia ezberdinetan Traila egin zuela jakin genuen, eta bere hitzaldi batera joan ginen. Horretaz gain, interneten informazioa bilatu genuen; Traileko etapa batzuk igota zeuden, baina ez guztiak. Oso informazio gutxi zegoenez, guk osatu genuen; guk egin genituen etapak, eta Unaik Wikiloc-era igo zituen "Great Himalaya Trail: Everest eta Annapurnak lotuz" izenburupean, beste norbaitek egin nahi badu, eskura izan dezan.
"Transpirenaica egin ondoren, Himalaian halako zerbait egin nahi genuen"
Ibilbidea oinez egin zenuten. Ez al zenuten momenturen batean autobus batera igotzeko tentaziorik izan?
Ez ba, behin hasita... (kar-kar). Gainera, gustura aritu ginen, eta dena ondo joan zenez ibilbide osoa ondo egin genuen. Ibilbideko zenbait tokitan lo egiteko eta bestelako azpiegiturak bazeuden, esaterako Everest, Annapurna eta Manaslu inguruetan. Leku turistikoenak prest daude, askotan jendea hara baitoa Everesteko trekkinga, Annapurnakoa edo Manaslukoa egitera. Baina haien tarteko loturak egitea beste kontu bat zen. Etapa batzuk inolako prestakuntzarik gabekoak ziren, ibilbidea markatu gabe zegoen, eskerrak GPSa geneukala, eta lotarako tokia topatzea ez zen erraza izan, baina lortu genuen.
Badaezpada kanping denda gainean zenuten?
Ez, bertako etxeetan eta Guest House-tan geratzen ginen lotara. Han ohikoa da otorduen truke ohea eskaintzea; jateagatik ordainduta, haiek ohea eskaintzen dizute.
Everest inguruetatik abiatu zineten, baina nondik zehazki? Everesteko oinarrizko kanpamendura igo zineten?
Bai. Katmandutik autobusa hartu genuen Everesteko zonalde inguruko herritxo batera, eta handik hasi genuen gure ibilbidea. Pentsatzen dut 1.000 metro ingurutan edo egongo ginela. Segidan Everesteko oinarrizko kanpamendura igo ginen, beste bailara batera iritsi ginen, eta berriro itzuli ginen. Everest lehenengo aldiz igo zuen Edmund Hillaryk hasieran egin zuen ibilbidea egin genuen, Jiri izeneko herritik abiatuta.
Zein sentsazio izan zenuen Everesteko oinarrizko kanpamenduan? Azkenaldian zabor handia pilatzen dela zabaldu da, turismo handia dagoela...
Zorte handia izan genuen 2022an oraindik pandemiatik ateratzen ari ginelako eta oraindik bidaiatzeko nahiko muga zeudelako. Batetik, turismoa guztiz itzuli gabe zegoen eta, bestetik, otsail bukaera eta martxo hasieran joan ginenez, ez zen denboraldi altua, apirilean izaten baita, udaberrian. Beraz, Everesteko oinarrizko kanpamendua ia bakarrik geundela bizi izan genuen, ez baitzegoen alpinistarik ez espediziorik. Gainera, altuerako etxe asko itxita zeuden oraindik, bertako biztanleak neguan beherago jaisten baitira, Namchera, eta turistak iristen diren garaian goiko herrietara igotzen dira, haien etxeak zabaltzera. Gu iritsi ginenean ez zegoen turistarik, eta bertakoen etxeetan gu bakarrik geratzen ginen. Zorte handia izan genuen Everest ingurua horrela bizi izan genuelako.
"Everesteko eremua ikusgarria da. dena da begira geratzeko modukoa"
Nolakoa da Everest? Zuek zeundeten tokitik gailurra ikusten zen?
Bai. Everest hor zegoen, gure aurrean, eta bere izate hutsagatik erakartzen du, munduko altuena delako, baina gertu zeuden beste mendi batzuek beste handitasun bat zuten, agian hurbilago zeudelako eremu horretan bertan. Nuptse, Pumori... bertan genituen, eta liluratuta utzi gintuzten. Nolanahi ere, eremu horrek guztiak zerbait berezia du. Khunbuko izotz jauzia eta glaziarra ikusgarria zen. Dena da begira gelditzeko modukoa.
Everest eta Annapurna inguruak lotzeko ibilbide horrek oso gorabeheratsua dirudi. Altuera handian ibiliko zineten, igo eta jaitsi.
Bai, uneoro zen gora eta behera egitea. Altuera handiena 5600 metro inguru izan zen, eta baxuena 800 metrokoa. Beraz, desnibel handia. Egunero zen gora eta behera aritzea. Hasieran altueraren eragina nabaritu genuen, baina behin aklimatazioa bukatuta, gorputzak nahiko erraz erantzuten zuen.
Zein eguraldi izan zenuten?
Berez, ona. Zortea izan genuen, ez zigun ia euririk egin. Hasieran hotza. Martxo hasiera zen, eta logela barruan, nezeserraren barruan zegoen hortzetako pasta eta edateko ura izoztu egiten zitzaigun. Ez dakit zenbat gradutan egongo ginen, baina hotzerako ongi prestatuta joan ginen, 2019an egon ginenean hotz handia pasa nuelako, eskuetan batez ere. Beraz, eskularru eta lo egiteko zaku oso onak eraman genituen, eta ez genuen gaizki pasa. Altuera baxuagoan zonalde pixka bat erdi tropikalak topatu genituen... denetatik. Kontraste handiak.
63 egun barru Annapurna ingurura heltzea bidaiaren momenturik onena izan zen?
Onena ez, dena bukatzen zelako. Alde batetik poztasun hori, jarritako erronka betetzeagatik, baina aldi berean pena handia, jada bukatzen zelako. Gure bidaia ez zen bertan bukatu, guztira hiru hilabete eman genituelako Nepalen. Hegoaldera joan ginen, Chitwaneko Parke Nazionaleko animaliak ikustera.
Sentimendu kontrajarriak, beraz.
Bai. Erronkaren bukaera Annapurnako inguruetan izan zen eta hain zuzen ere 2019ko bidaian bertan egon ginen Annapurnako trekkinga egiten. Jakinda dena ondo zihoala eta denboraz ondo genbiltzala, lasaitasunez hartu genuen, eta aurreko bidaian geratu ginen etxeetan hartu genuen aterpea, bere garaian ezagutu genuen jendearekin disfrutatzen.
Alpinista sonaturen batekin topo egin al zenuten?
Manaslun oinarrizko kanpamendura igo ginen, eta dagoeneko alpinisten garaia zenez, kanpin denda batzuk baziren, espedizio bat. 2019an egon ginenean Alex Txikon urte bat lehenago bere lehenengo neguko espedizioarekin Manaslura igotzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. 2022an itzuli ginenean justu hilabete bat lehenago Manasluko gailurra neguan zapatzea lortu zuen Txikonek, eta une oro bera etortzen zitzaigun gogora: "hemen egongo zen Alex Txikon...". Bestalde, Pasang Temba sherparekin egoteko aukera izan genuen. Altsasun egon zen bisitan duela urtebete pasa. Bera izan zen Everestera iritsi zen lehenengo euskal espedizioko sherpa, Martin Zabaletarekin gailurra egin zuena. Bere etxean egon ginen, Everest inguruan. Kasualitatez bere senide baten etxean geratu ginen, eta hemengo mendizaleei buruz hizketan Pasang Temba aipatu genion. Bere osaba zela esan zigun, etxeko atea jo eta berarekin egon ginen te bat hartzen. Bueltan, bere etxean geratu ginen lotan.
"Urteak pasa dira baina oraindik oso presente dugu. Himalaiara itzuliko gara, argi dugu"

Altsasura etorri zenean berarekin egon zineten?
Bai, ilusioa egin zigun. Normala den bezala, hasieran ez gintuen ezagutu, baina bere herrian ateratako argazkia erakutsi genion, berarekin eta oparitu genion ikurrin batekin. Eta orduan esan zigun: “bai, ikurrina oparitu zenidatenak zarete. Hor daukat etxean jarrita”.
Iortian erakutsiko duzuen bideoan zer da jasotzen saiatu zaretena?
Ez gara bideogintzan oso onak, baina ahal izan dugun bezala han egindako grabazioekin muntaia moduko bat egin dugu, ordu erdiko bideo bat, gutxi gorabehera bidaia guztiko momentuak jasotzen dituena. Bideoa ikusi eta gero, solasaldiaren txanda izango da.
Aurretik Irurtzungo Mendi Jardunaldietan erakutsi zenuten, ezta?
Bai, Irurtzunen uste dut hiru aldiz egon garela gure bidaien inguruko proiekzioak egiten. Nepalgo biak han eman genituen eta azkena izan zen India iparraldean, Ladakh izeneko mendi eremu batean egin genuen trekking baten ingurukoa. Altsasuko Mendigoizaleek proiekzio bat egitea proposatu zigutenean, hiru lan horien artean guretako bereziena izan zena aukeratu genuen, Everest eta Annapurna arteko ibilaldiarena. Nahiz eta pixka bat zaharkitua egon edo urte batzuk pasatu, horregatik emango dugu, guretako berezia delako.
Mendiko espedizioei buruzko bideoproiekzioek oso zahartzaro ona izaten dute. Polita da atzera begiratzea eta ordutik egon diren aldaketak ikustea, esaterako.
Bai, adibidez orain, Nepalen, gida batekin ibiltzea beharrezkoa da, eta gu joan ginenean ez. Guk gure kabuz egin genuen bidaia osoa, Manasluko zatia izan ezik. Han bai, behartuta geunden gida batekin sartzera, eremu babestua delako. Beraz, zentzu horretan ere zortea izan genuen, gure bidaia osoa norbaitekin egitea zeharo ezberdina litzatekeelako. Guri gure kabuz ibiltzea gustatzen zaigu. Manaslun aste batez bertako gida batekin egoteak zituen alde onak aprobetxatu genituen; horrek bertakoari eta bertakoei buruz pixka bat gehiago ezagutzeko aukera eman zigun, baina nahiago dugu gure kasa ibiltzea. Orain hori ezin da.
Une hartan erronka hura betetzeak zer eman zizuen?
Amets bat bete izan banu bezalakoa izan zen. Betidanik nuen buruan ohiko oporretatik kanpo bidaia luzeago bat egitea, bizitza osorako geratuko zitzaidana. Eta lortu genuen. Oraindik askotan hitz egiten dugu bidaiari buruz eta beste noizbait antzeko zerbait errepikatzeko aukeraz. Markatu gaitu; beraz, harrotasun edo poztasun hori du. Urteak pasa dira baina oraindik oso presente dugu.
Tarte honetan guraso izan zarete. Mendira joateko moldatzen zarete?
Aukera gutxi izan dugu, baina umea altuera batera igo ahal izango denean itzuliko garela, halako komentarioak izaten ditugu. Ea noiz joan ahal garen berriro, beti buruan dugu.
Beraz, Himalaia iltzatuta geratu zaizue. Bueltatuko zaretela, argi.
Bai. Ez dugu zalantzan jartzen.
Otsailaren 27an Iortiara gonbidatuta daude Guaixeko irakurleak, zuen esperientzia ezagutzera.
Jakina! Nahiko bideo arina dela uste dut, edonork gustura ikusteko modukoa. Ez gara alpinistak, baina mendian ibiltzea gustatzen zaienendako, guk egindakoa edonorentzat egingarria da. Beraz, mendia gustuko duten guztiak animatzen ditugu.
