Astekaria

Memoriaren obra: 'Anónima'

Ahiletz Nuñez Galarza 2026ko otsailaren 24a

Txuspo Poyo artista altsasuarra. AHILETZ NUÑEZ GALARZA

Txuspo Poyo artista altsasuarrak Bilboko Azkuna Zentroan erakusketa mustu du. Memoriaren, identitatearen eta komunitatearen inguruko gogoeta zabala planteatzen du. Maiatzaren 17ra arte egongo da ikusgai.

Arte garaikideak sarritan iraganari begiratzeko leihoa zabaltzen du, oraina ulertzeko tresna gisa. Bide horretan kokatzen da Txuspo Poyoren azken proposamena, sorkuntza ibilbide luze baten emaitza den Anónima erakusketa, Bilboko Azkuna Zentroan ikusgai egongo dena otsailaren 19tik maiatzaren 17ra bitarte. Hamarkadetan garatutako lanak elkarrizketan jartzen ditu artistak, garai, testuinguru eta esperientzia ezberdinak sare berean uztartuz. Hala ere, proposamenak ez du atzera begirako errepaso huts bat izan nahi; kontrara, denboran zehar sortutako lanak gaur egungo begiradatik berrinterpretatzeko saiakera da. Erakusketak memoriaren, identitatearen eta komunitatearen inguruko gogoeta zabala planteatzen du, artearen bidez kontakizun kolektiboak berreraikitzeko aukerak aztertuz.

"Anonimoa hitzak diziplina guztiak zeharkatzen ditu, ez bakarrik artistikoak"

Artistaren hitzetan, izenburua bera lanaren abiapuntua da eta erakusketaren ardatz kontzeptuala laburbiltzen du. "Anonimoa hitzak diziplina guztiak zeharkatzen ditu, ez bakarrik artistikoak. Autoría kontzeptuarekin lotuta dago, baina baita komunitatearekin ere", azaldu du. Izan ere, anonimotasunak sinadura pertsonala lausotzen du, norbanakoaren protagonismoa bigarren plano batean utziz eta sorkuntza prozesu kolektiboen balioa azaleratuz. Poyoren ustez, kultura askotan ezagutza transmisioaren bidez eraiki da, egile jakinik gabeko kontakizunen bidez, eta idei horrek eragin zuzena izan du bere sorkuntza ibilbidean. Horrela, erakusketak egiletzaren inguruko galderak planteatzen ditu, artearen eta jakintza partekatuaren arteko mugak aztertuz eta ikuslea hausnarketara gonbidatuz.


Txuspo Poyo artistaren 'Anónima' erakusketa. UTZITAKOA

Materialek gordetzen duten memoria

"Erabilitako materialekin lan egitea gustatzen zait; egunkari zaharrak..."

Txuspo Poyoren lanetan elementu bereizgarrienetako bat erabilitako materialek duten presentzia da. Artistak sarritan aurretik beste bizitza bat izan duten objektuak erabiltzen ditu, historiaren lekuko diren aztarnak balira bezala. Objektu horiek ez dira elementu estetiko hutsak; memoria gordetzen duten piezak dira, denboraren arrastoak eta erabileraren markak daramatzatenak. "Erabilitako materialekin lan egitea gustatzen zait. Egunkari zaharrak, film zatiak edo baztertutako bildumak erabiltzen ditut, beste bizitza bat izan dutelako eta historiaren karga dutelako", azaldu du artistak. Haren lanetan, objektuek kontakizun propioa dute, eta askotan ahaztutako istorioen ateak irekitzen dituzte.

Material horien bidez, artea memoria berraktibatzeko tresna bihurtzen da. Poyoren lanak iraganeko aztarnak berreskuratu eta testuinguru berrietan kokatzen ditu, elementu zaharrei esanahi berriak emanez. Artistaren ustez, objektuek gordetzen dituzten arrastoek iraganarekin harremana berritzeko aukera ematen dute, betiere gaur egungo begiradatik eta gaur egungo galderen bidez askotan iraganeko galdera berdinak baliogarriak diren harren. Horrela, lanek denboraren geruzak azaleratzen dituzte, ikuslea objektu arrunten atzean dauden istorioez hausnartzera gonbidatuz.


Txuspo Poyoren 'Anónima' erakusketa. UTZITAKOA

Gainera, material horiek aukeratzeak dimentsio soziala ere badu. Poyok bazterturiko edo abandonaturiko objektuak berreskuratzean, ahaztutako ondarearen balioa aldarrikatzen du, eta memoria kolektiboaren eraikuntzan duten garrantzia azpimarratzen du. Artistaren ustez, objektu bakoitza testigantza bat da, eta sorkuntza prozesuak testigantza horiek berriro entzunarazteko aukera eskaintzen du. Horregatik, bere lanetan materialek ez dute soilik funtzio plastikoa; kontakizunaren parte dira, iraganaren eta orainaren arteko zubi bihurtuz.

Espazioaren bilaketa, lanaren ardatz
Bere ibilbide artistikoan, espazioaren kontzeptuak pisu handia izan du, eta horren bidez garatu ditu bere proiektu askoren oinarriak Txuspo Poyok. Artistak espazioa ikuspegi askotatik aztertzen du: espazio publikoa, espazio juridikoa edo espazio emozionala, besteak beste. Poyorentzat, espazioa ez da kokapen fisiko hutsa; harremanak sortzen diren lekua da, oroitzapenak eta identitate kolektiboak eraikitzen diren gunea. Proiektu bakoitzean, espazioa testuinguru sozial eta historikoarekin lotzen du, eta askotan komunitatearekin harreman zuzena duten lanak sortzen ditu.

"Etxe horrek ez zuen soilik ikusteko balio; erabiltzeko zen, komunitatearentzat"

Horren adibide da Altsasun egindako Casa Árbol proiektua. Herritarren erabilerarako sortutako egitura izan zen, haurtzaroko esperientziekin eta komunitatearekin lotuta. Artistak haurtzaroko jolasekin eta naturarekiko harremanarekin lotutako espazio sinbolikoa sortu nahi izan zuen, belaunaldi ezberdinen arteko topagune izan zitekeena. "Etxe horrek ez zuen soilik ikusteko balio. Erabiltzeko zen, komunitatearentzat sortutako espazio bat", azaldu du Poyok. Proiektuaren bidez, espazio publikoaren erabilerari eta herritarren parte hartzeari buruzko gogoeta ere sustatu nahi izan zuen, artea eguneroko bizitzaren parte bihurtuz.

Hala ere, proiektuaren egungo egoerak kezka sortu dio artistari. Denborarekin egituraren zaintza falta nabarmendu dela azaldu du, eta horrek lanaren jatorrizko helburua arriskuan jar dezakeela ohartarazi du. Bere esanetan, "ondare artistiko eta kulturalaren aurkakoa da halako espazio bat abandonatzea, eta komunitatearen aurkakoa ere bada, udalak sinatu zuena betetzerako orduan huts egin du". Artistak azpimarratu du halako proiektuek mantentze lana eta komunitatearen inplikazioa behar dituztela, erabilerarako sortutako espazioak bizirik mantentzeko. Haren ustez, arte publikoak benetako zentzua hartzen du herritarrek bere egiten dutenean, eta horregatik espazioaren zaintza ere erantzukizun kolektiboa dela nabarmendu du.

Ikerketa, narrazioa eta interpretazioa
Artistaren sorkuntza prozesuak ikerketa lan sakona eskatzen du. Proiektu bakoitza azterketa historiko eta sozial baten ondorioa da, baina, aldi berean, kontakizun berriak sortzeko espazio ere bada: "Proiektuak plataformak dira beste gauza askori buruz hitz egiteko. Historia, mitoa edo kontakizuna nahasten dira", adierazi du. Bere lanetan dokumentala eta fikzioa elkarrekin agertzen dira, eta horrek ikuslea interpretazio prozesuan parte hartzera gonbidatzen du. Poyoren arabera: "ez dago egia bakarra; interpretazioen bidez eraikitzen dira kontakizunak".

"Proiektu batzuk gelditzen dira, baina gero berriro agertzen dira; hari batetik tiratzea bezala"

Poyoren lanetan elkarlanak garrantzi handia du. Proiektuak ez dira lan pertsonal isolatuak, baizik eta diziplina anitzeko prozesuak. "Arteak aukera ematen du zientziarekin, hezkuntzarekin edo antropologiarekin harremanak sortzeko. Horrek aberastu egiten du proiektua", azaldu du. Artistak hainbat proiektu aldi berean garatzeko ohitura du. Ideiak erritmo desberdinetan hazten dira, eta batzuetan geldiarazi arren, berriro piztu daitezke denborarekin: "Proiektu batzuk gelditzen dira, baina gero berriro agertzen dira. Hari batetik tiratzea bezala da", dio. Beste artistek ere, nahastuta geratu diren hariak argitzen lagundu dezakete.

Etorkizuneko proiektuak
Artistak hezkuntzaren historiari lotutako ikerketa garatzen ari da gaur egun. XX. mendeko ikastetxeetako kabinet pedagogikoak aztertzen ari da, misio kolonialekin lotutako bildumak berreskuratuz. Animalia disekatuak, landare bildumak eta tresna didaktikoak biltzen zituzten espazio horiek hezkuntza sistemaren parte izan ziren urte luzez, Altsasuko kaputxinoak barne.

"Lan batek balioa du garaia pasata ere aktibatzen denean; sortzen da elkarrizketa"

Artistaren lanak erakusten du arteak iragana eta oraina lotzeko duen gaitasuna. Proiektuek memoriaren, kulturaren eta komunitatearen inguruko galderak planteatzen dituzte.Poyok berak dioenez, ez du publikoarentzat mezu zehatz bat bilatzen: "Ez dakit ikusleak zer eramango duen. Gustatuko litzaidake interesatzen zaion zerbait aurkitzea". Bere ustez, obra batek benetako indarra lortzen du denboraren muga gainditzen duenean: "Lan batek balioa du garaia pasata ere berriro aktibatzen denean. Orduan sortzen da benetako elkarrizketa". Era berean, gonbidapena luzatzen du Azkuna zentrora gerturatzeko eta bere obraz gozatzeko.