Otsailaren 18an abiatu zen Andaluziako Vuelta-Ruta del Sol, Benahavis eta Pizarra artean jokatutako etaparekin (150,1 km). Tartean, lehen mailako Madroñoko gaina gainditu behar izan zuten txirrindulariek. Etapako garailea eta lehen liderra Christophe Laporte frantziarra izan zen (Visma), esprintean Bastien Tronchon (Groupama-FDJ United) eta Ben Oliver (Modern Aventure) gainditu eta gero. Iker Gomez altsasuarra (Kern Pharma) 92. postuan sartu zen, 15:08ra.
Aldiz, Euskaltel Euskadiko Iker Mintegik ezin izan zuen etapa bukatu. Talde laranjatik azaldu dutenez, altsasuarrak gorputzaldi txarra zuen, eta urdaileko arazoengatik Andaluziako Itzulia utzi behar izan du.
Otsailaren 19an bigarren etapa dago jokoan. Malagako Torrox herritik abiatu, eta Nerja gainditu ondoren La Herradurara heldu eta berehala lehen mailako Puerto de la Cabra gainditu beharko dute txirrindulariek. Segidan ibilbide gorabeheratsua izango dute. Azken txanpan hirugarren mailako Alto de la Malaha igo beharko dute eta jaitsieraren ondoren Oturako helmugara iritsiko dira. Eskalatzaileendako eta urruneko erasoendako aproposa den etapa.