Gizonezko batek 28 urteko labanaz emakumezko bat hil eta hura defendatzen saiatu zen bere ama larri zauritu zuen Sarrigurenen, ostiralean. Euskal Herrian aurten gertatu den lehen hilketa matxista da. Hori salatzeko 50 bat pertsona elkartu ziren Altsasun, Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak deituta.
Deitzaileek bilkuraren akaberan adierazi zutenez, gertatutakoa "feminizidio" bat izan zen, "gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena". Hildakoaren senideei, "bereziki lekuko izan zen semeari, babes osoa" adierazi zieten. Erailketa matxistari testuingurua eman zioten: "indarkeria matxista ez da kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik. Kapitalismoak, kolonialismoak eta patriarkatuak gure gorputzak eta bizitzak kontrolatu nahi dituzte, eta kontrol hori mantentzeko bortizkeriarik gordinena erabiltzen dute emakume* identitate zein gorputz disidenteon kontra".
Nabarmendu zutenez, "gure bizitzak ez dira pertsonen jabetza". Azaldu zutenez, "erailketa banatze prozesu baten testuinguruan gertatu" zela. "Patriarkatuak gizonei ematen dien zigorgabetasunak eta 'jabe' izatearen usteak elikatzen du indarkeria hori: emakumeak* bere bidea egitea erabakitzen duenean, gizonak indarkeria erabiltzen du bere nagusitasuna berresteko. Ez da pasio kontu bat, boterearen erabilera hiltzailea baizik".
Interpelazioak
Gizonezkoei "ardura hartzeko" eskatu zieten. "Indarkeria matxista ez da emakumeon arazoan, gizonak sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik. Zuen isiltasuna konplizitatea da". Horregatik, gizonezkoei hainbat eskaera egin diete: "apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribiliegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen zain dago", gaztigatu zuten.
Justizia feminista aldarrikatzearekin batera, erakundeei "diskurtso hutsalak eta keinu sinbolikoak alde batera uzteko" exijitu zieten. Horrekin batera erakundeei eskatu zieten "benetako baliabideak jar itzazue emakumeen eta haien seme-alaben babeserako. Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz; instituzioek ardura zuzena dute prebentzioan eta arreta integralerako baliabide publikoen gabeziagatik".
Protokolo berria
Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak erailketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu du duela gutxi. Han jasoa dagoenez, "erantzun kolektiboa da gure indarra. Horregatik mobilizazioak egitera deitzen dugu. Salaketa plazetara eraman behar dugu eraldaketa politikoa bulkatzeko". Deitzaileek nabarmendu zutenez, "ez gara biktimak, subjektu politikoak gara". Azpimarratu zutenez, "autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da, elkar zaintzea eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatzea. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko".
INDARKERIA EGOERAN BAZAUDE
Jar zaitez ibarreko berdintasun zerbitzuekin harremanetan eskualdeko baliabideei buruzko informazioa jasotzeko.
Sakanakoa: 660 384 328 edo berdintasuna@sakana-mank.eus
Altsasukoa: 628 328 593 edo berdintasuna@altsasu.net
LARRIALDI EGOERAN BAZAUDE
112 telefonora hots egin daiteke eta Nafarroako Gobernuak prestatutako protokoloa martxan jarriko da.
Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa
Doako arreta espezializatua ematen die sexu-indarkeriaren biktima izan diren edo bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei, indarkeria hori gaur egungoa zein iraganekoa izan. IRUÑEAN EMATEN DUTE ARRETA urteko egun guztietan: 848 463 999 telefono zenbakian, 621 690 351 Whatsappa edo caivs@fundaciongizain.es