Merkealdia despeditzeko, beherapen handiak

Guaixe 2026ko martxoaren 10a

Dendariek beraien eskaintzak kalera aterako dituzte. ARTXIBOA

Martxoaren 12tik 15era, Altsasuko hamaika arropa eta oinetako dendetan maukak eskuratzeko aukera izanen da.

ADE Altsasuko Dendarien Elkarteak Altsasuko Outleta. Merkealdiaren azken errematea kanpaina antolatu du atzera ere. Haren bidez, neguko merkealdia despedituko dute ADEko dendek. Hamaika establezimenduk beraien produktuen aukera zabala denden parera aterako dute. Horregatik, ADEko kideek herritarrak Altsasun barna paseatzera gonbidatu dituzte kanpainak irauten duen bitartean. Martxoaren 12tik 15era, ostegunetik domekara, iraunen du kanpainak. Aurreko asteburuan egiteko aurreikusita zegoen, baina eguraldi txarragatik aste bat atzeratu zuten. 

Erakusleiho bihurtuko diren Altsasuko kaleetan herritarrek beherapen handiak aurkituko ditu modan, oinetakoetan, kirolean eta osagarrietan. Dendariendako kanpaina aukera ona izanen da denboraldiko stockari irteera emateko. Eta, bestetik, herritarrendako kanpainak balioko du dendak, haien salgaiak, eskaintzaren kalitatea eta barietatea ezagutzeko. Gainera, herritarrek erosketak oso prezio erakargarrietan egiteko. Izan ere, data horietarako dendariek eskaintza bereziak pentsatu dituzte, batzuk %70erainoko deskontuarekin. 

Aurtengo kanpainan Altsasuko merkataritzan erreferentzia diren hamaika establezimenduk hartuko dute parte, promozio esklusiboak eta gertuko arreta pertsonalizatua eskainiz: ML Moda Emakumeak, ML Mutilak, Iker Kirolak, Joss, Joselen, Bengoetxea oinetako denda, Ekin, Iulene, Asensio, Tu Tienda Especial eta Txikitxo. 

Kanpainak merkataritza ibilbideaz aparte, Altsasuko ostalaritzaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Bestalde, azpimarratu dute merkataritzak Altsasuko ekonomian eta bizitza sozialean duen funtsezko papera duela. Ekimenak gobernuaren eta udalaren laguntza du.