Nafarroako 21 udalerri Etxebizitza Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatu zituen Nafarroako Gobernuak. Tartean da Altsasu. Eremu horiek garagarrilaren 14tik indarrean daude. Izendapen horrek, besteak beste, etxebizitzen alokairuaren gehieneko prezioak, mugak, finkatzen dituen indizea ezartzen du. Garilaren 31z geroztik indarrean da. Eta, beraz, etxejabeek ezin dute errenta urtetik urtera nahieran igo. Horrekin batera, beste hainbat neurri jarri dira indarrean. Foru administrazioak erabaki hori hartu zuen "alokairuaren merkatua destentsatzeko eta gaur egun alokairuko etxebizitza eskuragarrien eskaintza eskasa arintzeko helburuz". Eremu izendapena 2028ko garilera arte izanen da indarrean. Begoña Alfaro Garcia Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak azaldu duenez, "Merkatu Tentsionatuko Eremu izendatutako 21 udalerritan, alokairuaren prezioa %8,6 jaitsi da 2025eko laugarren hiruhilekoan. Horrela, bigarren hiruhilekoan alokairua batez beste 848,7 eurokoa izatetik, laugarren hilekoan 774,3 eurokoa izatera pasa zen". Eskaintzari dagokionean, egonkor mantendu zen.
Era berean, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuak udalerri horiekin lankidetzan udal plan espezifikoak egin ditu. Hala, Altsasuko Udalarekin batera, herriko ezaugarrien araberako etxebizitza arloko neurrien plan espezifikoa egin dute. Horretarako, udalaren eta altsasuarren kezka nagusiak jaso dituzte.
Emaitzak
Altsasuko Udalak adierazi duenez, alokairuko etxebizitzen eskasia eta alokairuaren prezioa dira arazo nagusiak. Gaineratu duenez, etxebizitza huts asko ez daude, ez direnenak ez saltzen ez alokatzen. "Etxebizitza eskuragarriaren gabezia hori oso modu larrian eragiten ari zaie etxebizitza bila ari diren 35 urtetik beherako biztanleei", adierazi du udalak. Gaineratu duenez, alokatzeko etxebizitza gutxi daudenez daudenak prezio altua dute, eta horrek "egoera larriagotzen du". Bestetik, altsasuarren eskari nagusiak hiru dira: alokatzeko etxebizitza gehiago izatea, errentamenduko etxebizitzen prezioa murriztea eta erosteko etxebizitza aukera gehiago izatea.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du etxebizitza sozialetarako sarbidea hobetzeko, legez etxebizitzak emateko prozesu berria ezarri duela, irailetik aurrera indarrean sartuko dena. Bestetik, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko, Nafarroako Gobernuak zaharberritzearen alde egin du. Horretarako baliabideak eta dirulaguntza eskainiko ditu. Bestetik, etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun baldintzak arautzen dituen legearen moldaketa aurten onartuko du.
Udal plana
Altsasuko planak bost ildo eta 23 ekintza ditu, 2028ra arte eginen direnak. Aurreneko ildoa etxebizitza hutsak eta lurzorua mugitzeari dagokio eta bere baitan bederatzi neurri jaso ditu. Batetik, udalak hutsik dauden etxebizitzen zerrenda eginen du Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiarekin partekatzeko. Azken horrek Altsasun hutsik dauden etxebizitzak aztertu eta neurriak ezarriko ditu alokairu poltsaren bidez mobilizatzeko. Horrekin batera, gobernuaren alokairu poltsarako uzten diren etxebizitzen balorazioa eginen da, haien ezaugarrien arabera, tamaina, kokapena eta kontserbazio-egoera kontuan hartuta. Aurreikusi da ere alokairuko poltsara bideratutako etxebizitzak egokitzeko deialdi espezifikoa egitea. Errenten araberako etxebizitzen birgaitzea egitea ere jaso da planean. Horrekin guztiarekin batera, Altsasun erabilgarri dagoen lurzoruaren zerrenda eginen dute. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak, gainera, Altsasun erabilgarri dauden lurzoruak aztertu, udalari aholkuak eman eta lurzoru hori mobilizatzeko formulak bilatuko ditu. Azkenik, Altsasun birgaitu daitezkeen udal eraikinen zerrenda eginen dute.
Turismora bideratutako etxebizitzak arautzea da planaren bigarren ildoa, eta hiru ekintza jasotzen ditu. Aurrena, etxebizitza turistikoak alokairuko etxebizitzen merkatuan duen eraginari buruzko azterlana eginen da. Hurrena, etxebizitza turistikoak mugatzeko hirigintza plangintza eginen da. Eta, atzena, turismo ostatuen udal errolda arautzen duen ordenantza ezarriko da.
Hobari fiskalak jasotzen ditu planeko hirugarren ildoak eta lau ekintza jasotzen ditu. Lehendabizikoa da Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Toki Araubidearen Legea aldatzeko proposamena egitea. Bigarrena da Nafarroako Gobernuaren alokairu poltsarako uzten diren etxebizitzei udal hobaria ezartzea, zehazki Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Hirugarrena, berriz, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, udal hobaria ezartzea alokairurako etxebizitzari, baldin eta etxebizitza babestuaren prezioa badu. Azkenekoa da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga murriztea, udalaren hobariagatik, etxebizitzen birgaitzea sustatzeko.
Etxebizitzari buruzko informazioa zabaltzeko ildoak zazpi ekintza ditu. Bata da Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak udal langileak prestatu eta aholkatzeko talde bat ezartzea, baita etxebizitzaren arloan altsasuarrei ematen zaien arreta hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak koordinatzeko ere. Aldi berean, altsasuarrendako etxebizitzari buruzko gai interesgarriak zabaltzeko protokoloa sinatuko dute gobernuak eta udalak. Bestetik, Altsasun etxebizitzari lotutako kudeaketak izapidetzen lagunduko du gobernuak. Etxebizitzari buruzko gaia zabaltzeko udalak dituen kanalak identifikatuko dituzte. Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoak Etxebizitza Bulego bihurtzeko proiektu pilotua martxan jarriko dute. Altsasuarrei zuzendutako alokairu eta hipoteka informazio arreta zerbitzua ezarriko da. Eta, azkenik, laguntzaile birtual batek alokairuarekin bizitegi-merkatu tentsionatuarekin lotutako kontsultak argituko ditu. Azken ildoaren bidez ikuskapen eta kontrolerako lankidetza zehazten da.