Astekaria

Irristalariek ilusioz begiratzen diote denboraldiari

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 5a

Sakana Patin taldea, azaroan Olaztin jokatutako Sakana Indoor Sarian. SAKANA PATIN

Dantzalekun pista egiteko egitasmoak baiezkoa jaso du eta Sakana Patini izugarrizko bultzada emango dio. Asteburuan Espainiako Indoor Txapelketan lehiatu ziren, Liga Nazionalerako taldea atera dute eta ohiko txapelketetan ari dira

Altsasuko Udalak irristaketarako eta txirrindularitzarako pista egiteko asmoa du Dantzalekuko futbol zelai zaharrean, gaur egungo futbol 7 zelaiaren parean eta Dantzalekuko futbol zelai eta atletismo pistaren artean egongo dena. Pista Sakana Patin irristaketa taldearen eta Burunda txirrindularitza taldearen aspaldiko eskakizuna zen. "Nafarroako Gobernuak Altsasuko Udalak eskatutako dirulaguntzari onespena eman dio irristaketa eta txirrindularitza pista egiteko. Aurreko astean Javier Ollo alkatearekin bildu ginen, eta martxoaren 6rako Nafarroako Gobernuan proiektuari buruzko dokumentazio guztia aurkeztu beharra dutela aipagu zigun, eta lanen exekuzio epea 2026ko udazkenerako aurreikusten dela" azaldu du Sakana Patineko arduradun eta monitore Oscar Zamarronek. 

Poz handia
Sakana Patinen eta Burunda Txirrindularitza kluban erabakiarekin pozarren daude. Ez da gutxiagorako. "Urteak eta urteak daramatzagu pista eskatzen, Sakanan baldintzetan entrenatu ahal izateko, gaur egun Iruñera joaten baikara entrenatzera. Ez da pista estalia izango eta eguraldiaren pean egongo gara, baina albiste oso ona da eta oso pozik gaude" nabarmendu du Zamarronek. 

Pistaren tamaina
Pista berria gutxi gorabehera Dantzalekuko pistaren erdia izango dela dio Zamarronek. "Barruko soka 200 metrokoa izango da. Dantzalekukoa 400 metrokoa denez, tamaina erdia izango du. Lursailak hartuko duen eremuaz, pistak ia 100 m luze eta 50 m zabal izango ditu. Alkatearekin izandako bileran arkitektoa egotekoa zen, ditugun beharrak eta dagoen aurrekontuarekin zer egin daitekeen aztertzeko, baina ezin izan zuen egon eta aurrerago bilduko gara. Ea dugun ideia aurrera ateratzerik dagoen". 

Oscar Zamarron: "Pista errealitatea izango da eta horrek klubari bizi asko emango dio"

Ongi bukatu, eta ongi hasi
2025 denboraldia ezin hobea izan zen. Noa Flores, Nahia Zamarron, Eneritz Fresneda, Elaia Agirre eta Aiora Resanok osatutako Sakana Patin taldeak 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko hirugarren maila irabazi zuen, meritu handiz. Bestalde, Nafarroako Pista Txapelketetan ederki aritu ziren: kimuen mailan Aiora Resanok bi urrezko domina eta zilarrezko bat lortu zituen, eta Espainiako Pista Txapelketan bosgarren izan zen. Horretaz gain, Espainiako Zirkuitu Txapelketan txapeldunorde izan zen. Azkenik, urte bukaeran despeditutako Euskal Ligan Eneritz Fresneda eta Aiora Resanok podiuma lortu zuten. "Liga Nazionaleko jardunaldi batek eta Euskal Ligako beste batek bat egiten zutenez, proba horretan ez genuen puntuatu eta nabaritu zen, baina kontentu gaude". 

2026ko ilbeltzean denboraldi berriari ekin zioten. Altsasuko eskola eta Sakana Patin lehiaketa taldea kontuan hartuta, ia 60 neska-mutil trebatzen ditu Oscar Zamarronek. Ilbeltzaren azken asteburuan Lourdesen Pirinioen Arteko trofeoan parte hartu zuten. Noa Flores lehena izan zen, eta Izaro Resano bigarren. 

Espainiako Indoor Txapelketara
Sakana Patin taldeak aurten lehenengoz jokatutako Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketako zenbait probatan parte hartu du, emaitza onekin. Kimuetan Noa Flores bigarren izan zen, eta aurten infantil kategoria mustu duen Aiora Resano hirugarren. Asteburuan, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean, Espainiako Junior Mailako Irristaketa Indoor Txapelketa jokatu zen La Nucian (Alacant). Sakana Patinetik Eneritz Fresneda, Leire Rabat, Amalur Apaolaza eta Maddi Goyak hartuko dute parte. 

Aiora Resano, Europako Kopan
Martxoaren 20tik 22ra Speed Track European Series txapelketako etapa bat Gijonen jokatuko da, hau da, Europako Pista Abiadurako Irristaketa Kopako etapa. Bertan lehiatuko da Aiora Resano. "Aiora oso ondo aritzen denez, maila handiko irristalariekin batera nola aritzen den ikusteko balioko dio". 

Liza Nazionalerako taldea, sortua
Iaz Sakana Patinek 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko hirugarren maila irabazi zuenez, aurten bigarren mailan aritzea dagokio. Iazko taldetik bi baja dituzte, Eneritz Fresneda eta Elaia Agirre, 15 urte beteko dituztelako. "Aurten Espainiako Federazioak taldeen artean irristalariak uztea baimendu du eta horrek salbatu gaitu, gu bakarrik ez ginelako gai taldea sortzeko, soilik hiru irristalari ditugulako adin eta maila horretan lehiatzeko moduan: Aiora Resano, Noa Flores eta Nahia Zamarron. Artica Patin taldearekin harremanetan jarri gara, eta euren bi irristalarik, utzita, gurekin jokatuko dute Sakana Patin gisa. Izaskun eta Rocio dira, eta oso kontentu gaude". 

Ostegunetan Sakana Patin eta Artica Patin taldeak Iruñera doaz Amaya klubeko pistan entrenatzera. "Liga Nazionaleko boskotea elkarrekin aritzen da lanean. Izan ere, probetako bat erreleboetakoa da eta ongi landu beharra dago, ongi koordinatu daitezen"

Liga Nazionalak hiru proba izango ditu: martxoaren bukaeran Madrilen, maiatzan Gijonen eta urrian Iruñean. "Espektatibak zeintzuk diren? Bigarren mailara igotzean maila handiagoa da, talde oso indartsuak daude. Beraz, kategoriari eustea, hori oso ongi legoke. Hamabi talde dira, eta azken biak jaisten dira. Ezer arrarorik ez bada gertatzen, taularen erdian egon gaitezke". 

Oscar Zamarron: "Liga Nazionalerako taldea atera dugu. Bigarren mailari eutsi nahi diogu"

Taldeak gora egiteko itxaropena
Aipatutako guztiarengatik denboraldirako gogotsu daude Sakana Patinen. "Horrenbeste urteren ondoren pista errealitatea izango da, eta horrek bizi asko emango digu. Egun lauzpabost irristalari nagusi daude Iruñeko taldeetan hemen ezin delako behar bezala entrenatu, eta pistarekin ez dugu arazo hori izango. Nagusiek hemen jarraitzeko aukera izango dute, eta txikienendako erreferente izango dira. Jendeak ikus gaitzala eta gurekin irristatzera animatu dadila. Talde txikia gara, baina pistarekin talde lehiakorragoa izan gaitezke, talde ertaina. Ilusio handia dugu".