Sakanako Mankomunitateak, beste urte batez, Literatura Geraldiak egitasmoa antolatu du eta, besteak beste, liburu aurkezpenak, solasaldiak, hitzaldiak eta abar izanen dira ibarrean zehar. Lehenengo geraldia Altsasuko Iortia kultur gunean martxoaren 3an, asteartea, 19:00etan, izanen da: Esne Berriketan bertso saio literarioa. Uxue Alberdi idazlearen eta Begoña Durruti ilustratzailearen Esne Berriketan liburuaren aurkezpen berezia da, izan ere, liburuaren pasarteak Iban Urizar Amorante-ren musikaz lagunduta irakurriko ditu Alberdik eta ondoren Sarai Robles eta Miren Artetxe bertsolariak bertsotan ariko dira. Sarrera librea da.
Kontakizunek eta ilustrazioek bat egiten dute, ezta?
Oso liburu ederra da. Begoña Durrutik izugarrizko lana egin du. Asko gustatzen zait Begoñak errealitatea nola ikusten duen eta nola irudikatzen duen. Uste dut lortu duela kontakizun horiek denak nolabait elkarren artean biltzea eta oso-oso modu freskoan kontatzea; bere marrazkiak ez dira oso elaboratuak, baina kontakizunei ematen die horrelako batasun bat eta elkarren aldamenean biltzen ditu.
Nola sortu zen 'Esne Berriketan'?
"Emakumezko protagonistak bildu nahi banituen propio lan egin behar nuen"
Niri idazketa beti sortzen zait, hasteko eta behin, barreneko behar, gogo edo bulkada batetik. Urteak dira asko interesatzen zaidala ahozko hizkuntza idatziz emateko kontu horretan gertatzen den guztia eta nola egin dezakegun, zer zailtasun dauzkagun... Hori lantzea asko interesatzen zait besteren ahotsen gainean idaztea eta istorio bat biltzea, anekdotak eta pasadizoak entzutea; horien berri jakitea eta kontalari horiei aditzea plazera izan da. Liburu hau dator beste baten atzetik. Duela pare bat urte Begoña eta biok argitaratu genuen Belarriko kilkerra deitutako liburu bat, honen antza izan dezakeena; kontakizun laburrak, norbaitek ahoz kontatuta nik idatzitakoa. Baina kasu horretan liburu oso azkarra eta jolastia zen, hau baino gaztetxoendako izan daiteke, anekdotara eta horrelako gertakizun xelebretara jotzen duena; denetik dauka eta liburu hura egiterakoan bi gauzataz ohartu nintzen: bata, zenbat gozatzen dudan horrelako lanetan eta, bestea, bihurrikeriak eta horrelakoetan beti zirela gizonak kontatutakoak eta gizonei buruz aritzen zirela. Konturatu nintzen protagonistak emakumezkoak dituzten kontakizunak bildu nahi banituen propio lan egin beharko nuela. Horren bila joan behar nintzen. Bi urte eman dizkiot lan horri. Herriz herri aritu naiz. Banaka edo talde txikitan hainbat andrerekin bildu eta kontatzeko zeukatena aditzen, istorioak idazte, gero berriro haiei pasatzen... Horrelako bilaketa batean aritu naiz, ez zientifikoa edo historikoa, baizik eta pixka bat bihotzak, tripak eta belarriak agindutakoa segika ahalik eta istoriorik onenak biltzen.
Zenbat kontalari eta istorio jaso dituzu?
57 kontalari dira liburuan agertzen direnak, baina gehiagorekin bildu naiz. Istorio guztiak ez ditut liburuan sartu eta haiei hasieratn esaten nien balitekeela bilera horietan kontatutakoa liburuan agertzea edo ez; hori ezin nien aurretik esan. Baina argi uzten nien ariketa bera niretzat oso garrantzitsua zela eta asko eskertzen nien prest egon izana. Bi urte izan dira; Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskuratu ahal izan nuen, eta laguntza horri esker prozesu guztia mimatu dut. Azken batean, istorioak biltzeko hainbat gauza eman behar dira, eta beste batzuen artean dirua bada; gasolina, herri batetik bestera joan eta modurik egokienean egitea gustatzen zitzaidan, merendua eramaten nuen... Nahi nuen prozesua poliki egin eta mimatuz. Horrelaxe izan da.
Zer da hobe idatziz edo ahoz esaten dena?
"Ondo entzutea da ez bakarrik hitzen segida entzutea; azpitik mugitzen den hori entzutea"
Galdera zaila da ez dudalako erantzun bat. Nik uste idaztea badela, nolabait, ahotsa idatziz jartzea, bai norbere kontzientziaren ahotsa bai inguratzen gaituen hizketa paperera eramaten asmatzea edo jakitea. Hori nola egiten den jakingo bagenu literaturaren formula jakingo genuke. Horren bila idazten dugu. Badaude espresio batzuk kontalari batzuk momentuan entzun eta hori horrela idatzi behar dela esaten nuela; esateko moduak esaten duenaren azpitik zerbait esaten dutena. Ondo entzutea da ez bakarrik hitzen segida entzutea, baizik eta hitzen azpitik mugitzen den hori entzutea. Horretan saiatu naiz. Pertsona batek zerbait kontatzen duenean ulertzea nondik ari den kontatatzea, zer zaurietatik, zer garaietatik, kontestutik... Memoria, denona, selektiboa da eta zerbaitengatik gogoratzen ditugu gauza batzuk bai eta beste batzuk ez. Jolasa ere izan da, plazeretik mugitzen delako.
Bertso saio literario batean aurkeztuko duzu, Altsasun. Nolako formatua da?
Bertso saio baten eta istorio irakurraldi arteko zerbait izango da. Liburuko istorio batzuk, zazpi, hautatuko ditut eta Iban Urizar Amorante-k istorio bakoitzarentzat soinu banda txiki bat sortu du eta tartekatuz kontakizun bat irakurriko dugu, musikarekin, eta gero bertsolariei gaia jarriko diet inprobisatu dezaten, bertsotan egin dezaten, normal, musikarik gabe. Batzuetan ariko dira istorioko protagonisten azaletik eta beste batzuetan istorio horretan oinarrituta beraien ahotsetik kantatzeko eskatuko diet. Hainbat ahots nahastuko dira.