Martxoaren 23an pasako da euskararen aldeko lasterketa Sakanatik.
1. Korrika arduradunak, nola hartu duzue erronka?
Aitziber. Duela 11 urte arduraduna izan nintzen eta hainbat fronteri aurre egin behar zaiela banekienez, prest aurkeztu nuen nire burua, baina beste norbaitekin.
Iñaki. Irakasle iritsi berria nintzen, proposatu zidaten, eta baietz esan nuen. Hasieran pixka bat izuturik, baina Aitziberrekin, lasai.
2. Zein da zuen lana?
I. Hilabetean behin bilerak egiten ditugu Nafarroako beste Korrika antolatzaileekin. Erradiografia moduko bat egiten hasten gara, arropa eta materiala saltzen, baita Korrika Laguntzaileekin hasi ere. Figura garrantzitsuak dira. Askotan badirudi 15 eurogatik pin bat erostea dela, baina zerbait gehiago da. Bi urteko harpidetza moduko bat da; Korrika babestea.
A. Aurkezpenaren ondoren lan gehiago izan dugu. 90 lekuko hartze kudeatu behar genituen, eta dagoeneko saldu ditugu. Jendeak oso ongi erantzun du.
3. Irakasleak ere bazarete, nola uztartu bi lanak?
I. Astelehenetan eta ostiraletan, goizetan eskolarik ez dugula, astea antolatzen dugu.
4. Korrika batzordeak sortu dira?
I. Herri bakoitzean badago batzorde finko bat eta Korrika iristean aktibatzen dira. Orain hasi dira biltzen eta autonomoak dira. Herrietan gauzak antolatzen dituzte, gehienbat Korrika Kulturalaz arduratzen dira. Guretzako oso garrantzitsuak dira, asko laguntzen digute.
5. Kilometrotik lekuko hartzera. Zergatik izena aldatzea?
A. Mila metroko kilometro kontzeptu hori alde batera utziko dugu eta lekuko hartze gehiago eskaini ahalko ditugu eta erakunde guztien parte hartzea bermatuko dugu. Korrika arrakastatsua da, eta erakunde gehiagok parte hartu nahi dute, eta modu honetan bermatu dezakegu. Sakanan 90 lekuko hartze izango dira, eta salmenta oso ongi joan da. Jendea gogoz dago.
6. Egunez pasako da, ospatu beharra!
A. Egia da azken alditan Burunda aldean gauez pasa dela, baina Arakil aldean goizaldea izaten da eta irudi izugarri politak ikusten dira. Elurra egin zuenean ere... Badauka bere xarma. Eguraldi ona ateratzen bada, oso-oso polita izan daiteke.
7. Korrika pasatzean zer egiten duzue?
A. Aurretik furgoneteroei bidea markatzen joaten gara eta esatariak ere izaten gara; aldatzen joaten gara. Zerbait gertatzen bada, adibidez elurra bota zuenean, sortzen diren arazoak konpontzen joan behar gara ere. Suertatzen dena.
8. Euskaltegiko langile guztiak aritzen zarete, ezta?
A. Aurretik lan asko egiten da. Kilometroak markatzen ditugu, behin pasatzen denean kendu, Korrika lagunak dendaz denda bilatzen joaten gara ere.
9. Korrika egiteko aukera izango duzue?
I. Ahal dela Sakanatik pasatzen denean, eta bestela Atharratzera joateko autobusa antolatuko dugu, eta bertan korrika egiteko aukera izango dugu. Jendea parte hartzera animatzen dugu. Betetzen bada 5 eurotan izango da. Egun oso polita izango da. Bilbora ere joango gara.
10. Euskara gara?
I. Ahaldutako herria dugu. Euskarak batuko gaituen komunitate handiagoa eta kontzientziatuagoa egiteko sareak egiteko pausuak ematen ari gara. Herri harroa akuilu izanda, komunitatea ezinbestekoa da helduen euskalduntze hori elikatzeko. Euskal gizarte hobe bat nahi dugu etorkizunean herritar guztiek euskararen ezagutza eta erabiltzeko baldintzak izan ditzaten.
11. Zergatik Korrikan parte hartu?
I. Oraindik beharrezkoa da. Gizarte indibidualistago, globalizatuago eta homogeneizatzaileago batean bizi gara, eta Korrika aniztasuna, alaitasuna, elkarlana, herria, anbizioa, zoriontasuna, kolektiboa eta kohesionatzailea da. Mundu oso bat sartzen da Korrikan. Ezin ahaztu Korrikak AEKri suposatzen dion ekarpen ekonomikoa.