atletismoa

Altsasuko Duatloia, bueltan

Guaixe 2026ko martxoaren 3a

Martxoaren 21ean, larunbata, Altsasuko Duatloia jokatuko da. 

Nafarroako Triatloi Federazioaren egutegiaren arabera, otsailaren 28an Vianako Duatloia jokatuko da, aldi berean Nafarroako Txapelketa izango dena, martxoaren 7an Agoizko Duatloiaren txanda izango da, martxoaren 15ean Arangurengoa eta martxoaren 21ean Altsasuko Duatloia. Iaz ez zen jokatu, halako proba batek antolakuntza lan handia duelako eta Sakana Triatloi Taldearendako ezinezkoa izan zuelako, baina aurten bueltan da. Sakana Triatloi Taldeak Dantzaleku Sakana atletismo klubaren laguntza izan du eta elkarrekin XIV. Altsasuko Duatloia antolatu dute martxoaren 21erako. Goizean Nafarroako Kirol Jokoetako Altsasuko Duatloian lehiatuko dira kategoria txikikoak, 10:45ean Txioka parean eta 15:45etik aurrera helduen txanda izango da, Altsasuko plazatik abiatuta. Antolakuntzatik azaldu dutenez ohiko ibilbideak izango dira eta bakarka eta erreleboka lehiatu ahal izango da. Izena ematea zabalik dago Rockthesport webgunean.

Tamalez, Arbizuko Duatloiak kale egingo du aurten. Iaz bertan behera geratu zen nahikoa kirolarik izena eman ez zutelako, eta aurten ez da proba antolatu.