Futbola

Altsasu, primeran: igoera fasean sartu da

Guaixe 2026ko martxoaren 3a

Mutilen preferente mailako sailkapenean hirugarren jarri da Altsasu

Mutilen preferente mailako 21. jardunaldian Altsasuk sailkapeneko beheko postuetan dagoen Infanzones hartu zuen Dantzalekun. Angel Vergara atezaina taldera bueltatu da, eta hori izan zen taldearen aldaketa nabarmenena. Gorritxoek hasieratik kontrolatu zuten partida, eta 18. minuturako 2-0 aurreratu ziren Asier Claverri eta Jon Lopez de Goikoetxeari esker. Atsedenaldia baino lehen Jon Lopez de Goikoetxeak bere bigarren gola sartu zuen, eta Joaquin Angelek taldearen laugarrena. Horrela, 4-0 aurretik joan ziren aldageletara. Bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen. Infanzones saiatzen zen, baina Altsasuren nagusitasunaren aurrean ezin zuen ezer egin. 85. minutuan Iñaki Castiellak Altsasuren bosgarren eta azken gola sartu zuen, penaltiz. 

Sailkapenean, San Jorgek jarraitzen du preferente mailako lider (41 puntu), baina azkeneko lau partidetan bi porrot eta bi berdinketa izan ditu eta bere hegemonia urtzen ari da, Amigo bigarrena puntu eskas batera baitu (40 puntu). Altsasu behetik gora egiten ari da eta azken garaipen horrek ondorio ederrak izan ditu, Altsasu hirugarren postura igo baita, igoera fasera (36 puntu), Beti Casedano laugarrenarekin puntutara berdinduta. 

Beraz, goiko postuak gori-gori daude eta datozen jardunaldietan ez da emoziorik faltako. 22. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamabigarren den Mutilbera B du aurkari martxoaren 7an, 18:30ean, Arangurenen.