Oier Gastesi Serrano altsasuarrak 2021-2022 denboraldian fitxatu zuen Athleticekin. Athletic-eko jokalari izaten jarraitzen du, baina 2025/2026 denboraldian Arenas Club Getxoko atezaina da, utzita.
Lau denboraldi egin dituzu Athleticen. Une ederrak bizi izan dituzu bertan, 2023/2024 denboraldian 2 RFEF mailako liga irabazi eta 1 RFEF mailara igo zinetenekoa, esaterako.
Aurreko denboraldian, 2022/2023an, hirugarren mailako Baskonian jokatzen nuen, Athletic-eko harrobian. 1 RFEF mailara igotzeko play-offetarako sailkatu ginen, baina Bilbao Athletic kategoriaz jaitsi zen, 1 RFEF mailatik 2 RFEF mailara, eta igotzeko aukerarik gabe geratu ginen. Hurrengo denboraldian Bilbao Athletic-en jokatu nuen; helburua kategoria ahal bezain pronto berreskuratzea zen, eta 1 RFEF mailara igotzea lortu genuen.
Unai Simonen lesioa zela eta, iaz, 2024/2025 denboraldi hasieran Athletic-en lehen taldearekin entrenatzen egon zinen.
Aurre denboraldia Julen Agirrezabalak, Alex Padillak eta hirurok hasi genuen, baina liga hasi baino lehen Agirrezabala lesionatu egin zen eta Padillak eta biok ekin genion ligari, talde nagusiarekin.
Beldur pixka bat emango du.
Nik uste momentuan ez nintzela oso kontziente; dena oso azkar pasatu zen. Gogoan dut Bartzelonan Barçaren kontrako partidan bankilloan jarrita nengoela eta alboan Lamine Yamal, Ter Stegen eta konpainia zeudela.
Hasieran Lezaman bizi zinen.
Lehenengo bi urteak Lezamako egoitzan eman nituen, hirugarrena eta laugarrena Lezamako pisu banatan, eta aurten Athletic-eko beste bi taldekiderekin nago, Larrabetzun.
Arenas Club Getxon jokatzen ari zara, utzita. Nola hartu zenuen?
Aurreko denboraldia gogorra izan zen niretako, pertsonalki. Athletic-eko lehenengo taldean konbokatuta hasi nintzen, baina ondoren nire taldean, Bilbao Athletic-en, jarraitu nuen. Hasieran jokatzen nuen, baina une batean emaitzak ez ziren bat etortzen eta jokatzeari utzi nion. Hoberena beste leku berri batera ateratzea izango zela erabaki genuen, zerotik hastea. Maila berdinean jarraitu dut, 1 RFEF-en, eta, gainera, etxetik gertu.
Arenas Club-en gustura zaude?
Esperientzia berria da. Lezaman futbola pixka bat ezberdin bizi dugu, eta bertatik aterata benetako futbolaren egoera zein den ikusten da, Athletic-en ditugun erraztasunak ez datozela dagoen errealitatearekin bat. Arenas 1 RFEF mailara igo berria da eta ligan aurrekontu gutxien duen taldea da. Bi errealitate dira eta hori ongi datorkit, dena arrosa kolorekoa ez dela ikusteko.
"Analistaren papera funtsezkoa da, asteburu bakoitzean zer landu edo zer moldatu behar dugun jakiteko"
Harrera ona egin zizuten?
Bai. Nahiz eta taldearen baliabideak agian munduko hoberenak ez izan, taldekideek elkarri etengabe laguntzen diogu eta gustura ari gara. Atean Anartz Peña bigarren atezaina eta ni neu gaude, eta partida kopuru aldetik nahiko antzeko jokatu dugu. Nahiz eta munduko lekurik hoberenean egon lan giroa aproposena ez bada batek ez du disfrutatzen; alde horretatik zortea dugu Arenasen, talde ona dugu eta ongi ari gara.
Jon Erice entrenatzailearen staffean Asier Arregi lakuntzarra dago, analista. Taldekide sakandar bat izatea bitxia egingo zitzaizun.
Bere aurpegia ezagun egiten zitzaidan baina ez nekien zertaz. Altsasun lagunek galdetu zidaten ea zergatik argazki batean Asier entrenatzailearen ondoan azaltzen zen, eta orduan konturatu nintzen (kar-kar). Asier entrenamenduetara etortzen denean gure gauzetaz hitz egiten dugu.
Asierrek prestatzen ditu jokalariek ikusten dituzuen bideoak, bai arerioenak, partida prestatzeko, eta baita zuen partidenak, taldearen jokoa aztertzeko. Analistak garrantzitsuak dira?
Entrenatzaileen lana jokalarien lana erraztea da, eta jokalariei ahalik eta baliabide hoberenak ematea, jokalariak zelaira atera eta ahalik eta hobekien lan egin dezaten. Horretan, analistak funtsezko pieza dira. Ez da berdin talde baten kontra jokatzea euren abilezia zein den jakin gabe, edo talde baten kontra aritzea jokatzeko modua pixka bat moldatuta, haien ahuleziak esplotatzeko. Hor analistaren papera funtsezkoa da, asteburu bakoitzean zer landu edo zer moldatu behar dugun jakiteko, xehetasun txiki horiek landu, partidan non begiratu edo zer egin automatikoki jakin dezagun. Entrenatzaileari taldeak identitate nabarmendu bat izatea gustatzen zaio, beti berdin jokatzea, baina partida bakoitza mundu bat da eta batzuetan pare bat gauza txiki aldatu behar dira hobeki jokatzeko.
Helburu nagusia Arenasek 1 RFEF mailari eustea da. Barakaldori derbian 2-1 irabazita eta Athletic B-rekin bana berdinduta pauso bat eman duzue. Hamahirugarrenak zarete (34 puntu), jaitsiera postuetatik 5 puntura.
Iaz klasifikazioa begiratzeari utzi nion. Aste batean zure burua behean eta hurrengoan goian ikusten duzu. Astebururo lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz, eta datu horiekin ez itsutzen.
"Martxoaren 8an ezin izan nintzen Athletic B-ren kontra Lezaman aritu, beldurraren klausulagatik"
Martxoaren 8an Athletic B zure talde ohia izan zenuten aurkari Lezaman. Bihotza erdibituta zenuen?
Ez. Nahiz eta Athletic-eko jokalaria izan, orain Arenasen koloreak defendatzen ditut eta guk irabaztea nahi dut. Gainontzeko partidetan, hori bai, onena opa diet. Joanekoan 3-1 irabazi genien, baina martxoaren 8an Lezaman ezin izan nintzen aritu, "beldurraren klausula" famatua dela eta.
"Beldurraren klausula"?
Klub bateko jokalariak liga berdineko beste klub batean utzita jokatzen duenean aplikatu daiteke. Athletic-ek beti egiten du. Nire kontratuan jartzen du Lezamako bueltako partida ezin dudala jokatu. Joanekoa jokatu nuen, etxean, baina itzulerakoan ezin izan nintzen aritu. Gustatuko litzaidake horrenbeste denbora eta momentu pasa ditudan tokian taldekide ohien kontra jokatzea, baina ezin izan nuen. Bana berdindu genuen, eta puntu garrantzitsua lortu.
Arenasek 1 RFEF mailari eusteko borrokan murgilduta zaude erabat. Denboraldia bukatuta, zer?
Kontu horiek guztiak agenteek eta ordezkariek eramaten dituzte. Nire esku dagoena da astean zehar ahalik eta hobekien entrenatzea, entrenatzaileak asteburuko partidarako ni hauta nazan. Hori da nik kontrolatu dezakedan gauza bakarra. Gainontzeko gauzak dakitenen esku uzten ditut, eta etorriko dira. Futbolean jokatzearekin batera Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasten ari naiz UNIR-en, online. Egingarria da, eta guztia nahiko ongi daramat.