Komunitatean Ehuntzen egitasmoa sortu dute Altsasun, besteak beste, 60 urtetik gorako pertsonen ongizatea hobetzea helburu duena. Besteak beste, Ainhoa Llamas Altsasuko osasun etxeko gizarte langilea eta Oihane Armendariz Teknoadineko programako gizarte langilea ari dira prozesuan, baita Amelia Lapuente antzerki taldeko kidea eta Txuma Morcillo Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kidea ere parte hartzen ari dira. Martxoaren 25ean, asteazkena, 17:00etan, Iortia kultur gunean egitasmoaren aurkezpena eginen dute, eta altsasuarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
Zer da Komunitatea Ehuntzen?
Ainhoa. Altsasun garatzen ari den proiektu komunitario bat da, 60 urtetik gorako pertsonen ongizatea hobetzea helburu duena. Aktibo komunitarioen ikuspegitik abiatzen da, eta komunitatean dauden gaitasunak, jakintzak eta baliabideak balioan jartzen dira. Harreman sareak, parte hartze aktiboa eta komunitateko kide izatearen sentimendua sustatuz. Esaten dugu ez dela jarduera isolatu bat, baizik eta herritik herriarentzat sortutako prozesu komunitario.
Nola sortu zen? Zer beharrei erantzuten dio?
"Zahartzaroari lotutako behar orokorrei erantzuten die"
Ai. Osasun arlotik abiatu zen, osasun etxearen ekimenarekin, eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuaren laguntza du. Ikusi zen ongizatean eragina duten hainbat egoera, hala nola, bakardadea, isolamendua eta parte hartze falta ez direla kontsultatik edo ikuspegi sanitario batetik soilik konpontzen, eta horren aurrean parte hartze prozesu bat abiatu zen herritarrekin. Komunitatea Ehuntzen proiektua zahartzaroari lotutako behar orokorrei erantzuten die, nahi gabeko bakardadearen prebentzioa, harreman sareen indartzea, adinekoen parte hartze aktiboa herriko bizitzan eta ongizate emozional nahiz sozialaren hobekuntza.
Nork osatzen du Komunitatea Ehuntzen?
Ai. Proiektua talde motor edo eragile batek osatzen dugu. Herriko eremu soziosanitarioko profesionalak osatua: besteak beste, osasun etxeko profesionalak, gizarte zerbitzuko profesionalak eta Teknoadinekoak. Horrez gain komunitatean aktiboak diren pertsonek ere parte hartzen dute, herriko hainbat taldetako kideak, adibidez, antzerki taldea, mendizaleak, jubilatuak... Talde eragilean osasun etxetik Ana erizaina, Asun eta Cristina medikuak, Alberto fisioterapeuta eta ni gaude; Alodia gizarte zerbitzuko gizarte langilea, Oihane eta Iker Teknoadineko teknikariak, Amelia antzerki taldeko kidea...
Amelia. Juli musika eskolako partaidea, Inma abesbatzako zuzendaria, Txuma Mendigoizale taldeko kidea, jubilatuen elkarteko kideak ere gonbidatuak izan ziren... Gero beste hainbat pertsona sartu ziren, adibidez, asteartetan laboreak egiteko elkartzen dira eta horietako bat, Jesu, etorri zen, Elena...
"Izaera irekia eta kolaboratiboa du, eta helburua saretzea da"
Oihane. Talde irekia da eta jendea parte hartzen joaten da, sartzen eta ateratzen ere. Ez da zerbait itxia; zerbait dinamikoa da.
Ai. Izaera irekia eta kolaboratiboa du, eta helburua herriko eragile eta pertsona desberdinak sarean jartzea da. Horregatik, interesatzen zaigu pertsona desberdinak egotea.
Zeintzuk dira helburuak?
O. Orokorrean 60 urtetik gorako altsasuarren ongizatea. Prozesuak hainbat etapa ditu eta hasi ginen komunitatea aztertzen eta zer beharrizan zeuden ikusten. Hortik abiatuta hainbat beharrizanei aurre egiteko lanean edo antoaltzen ari gara. Betiere ikuspegi parte hartzailetik eta komunitatea saretzen eta ongizatea bilatuz.
Nola antolatzen zarete? Hainbat talde daude, ezta?
"Txikitasunetik handitasunera antolatzen gara; elkarlanean"
O. Proiektu honen zutabe edo ardatz nagusietariko bat antolakuntza da. Txikitasunetik handitasunera antolatzen gara eta talde edo norbanako guztien beharra eta elkarlana behar dugu. Talde motorra, laguntza sarea, parte hartzaileak eta komunitatea gaude, eta guztien elkarlana behar dugu. Ez da proiektu bat, zerbait eraldatzailea eta bizirik dagoen mugimendu bat da. Hori beti daukagu presente. Komunitate ekintza bat da, eta kolektiboa. Komunitatean dauden partaide eta pertsona desberdinen beharra daukagu.
"Zerbait eraldatzailea eta bizirik dagoen mugimendu bat da"
Zenbat fase ditu eta zein momentutan dago?
O. Lehenengo etapa izan zen gure arteko ezagutza, ekipoa sortzea, sarea egitea eta, azkenean, talde motorra eratzen eta ezagutzen hasi ginen. Ondoren, komunitatea aztertzen egon ginen, beharrizanak aztertu genituen, baita errekurtsoak ere. Lehentasunak jarri genituen. Momentu horretan lehenengo dinamika egin genuen; parte hartzailea denez komunitatean zeuden pertsonak gonbidatu genituen Gure Etxeara, beraiek ikusten zituzten beharrizanak aztertzeko eta guztien artean identifikatzeko. Gehienak 60 urtetik gorako pertsonak izan ziren eta 30 bat pertsona egon ginen.
Am. Emakumezkoak eta gizonezkoak pareko izatea saiatu ginen, baina leku guztietan bezala, emakume gehiago egon ginen. Hori uztailean izan zen.
O. Hori da, uztailean egin genuen. Dinamika horretatik atera zena lantzen jarraitu genuen eta hurrengo dinamika parte hartzailea prestatu genuen.
Parte hartzea espero zenuten?
O. Egia esan, oso ondo joan zen. Gainera, parte hartzaileen erantzuna oso positiboa izan zen. Hainbat esaldi oso esanguratsu eman ziren: "Eskerrik asko ideiak elkartrukatzeko espazio hau sortzen inplikatzeagatik", "denen artean hitz egin ahal izateko elkartzea", "bistaz ezagutzetik elkarrizketa bat izatera"... Jendeak dinamikarako eta elkarbanatzeko espazio hori izatea asko eskertu zuen. Oso ondo joan zela iruditu zitzaigun. Ondoren, beste dinamika bat egin genuen eta bertan beharrizanak aztertu genituen, eta handik proposamenak edo ekintzak proposatzera pasa ginen. Orduan, lan maila desberdinak proposatu genituen; guztien oinarrian pertsonen arteko harremanak eta bakardade ez hautatuari aurre egiteko helburua dago, gai desberdinetan kokatuta: kirola, intergerazionala, kultura eta arrakala digitala. Bakoitzak nahi zuen lan mailan kokatzen zen eta bi ekintza proposatu behar zituzten; ekintza guztiak amankomunean jarri genituen eta ekintzak aurrera eramateko hiru komisio sortu genituen: paseo, interkulturala eta intergenerazionala. Komisio hauek lanean daude eta gai horren inguruko jarduerak antolatzen ari gara.
Nola izan zen dinamikan parte hartzea? Zergatik parte hartu zenuten?
Am. Antzerki tailerrekoa naizenez, parte hartzera gonbidatu ninduten, eta lehenengo momentutik parte hartzen dut talde eragile horretan. Urtarrilean hiru komisioak osatu genituen. Nik kultura komisioan parte hartu nuen eta gure mahaian hainbat pertsona geunden, zortzi edo hamar pertsona, eta proposamenak atera ziren; horietako bat interkulturala izan zen. Herrian badaude beste hainbat komunitate, marokiarrak, hego amerikarrak eta abar, eta beraiek esaten zuten nolabait ezagupen falta dagoela eta ezazagutza horrek aurreiritziak ekar ditzaketela. Horrekin hausteko hurbilpen bat egin behar da, eta horretan ari gara. Beste proposamen bat eskulanak egitean izan zen. Poliki-poliki gauzak sortzen ari gara.
Biltzeko espazio bat izatea garrantzitsua zen, ezta?
Txuma. Bai, azkenean hau sortu da bakardade ez hautatutik, eta bakarrik ez egoteko elkartu behar da. Gure kasuan, duela lau urt einguru hasi ginen paseo osasuntsuak egiten, baina ez dakit zergatik amaitu zen, eta Asunek, medikuak, berriro hasteko esan zidan. Gehienbat elkartzea da helburua, eta gainera kirola egiten bada, hobe.
Am. Kirol proposamenak arrakasta handia izan du, gainera.
Zeintzuk izan dira orain arteko dinamiken ondorioak?
O. Batzuetan kostatzen da horrelako dinamika edo prozesu parte hartzaileak egitea edo antolatzea. Hasieran bai pentsatzen genuela ea nola izango litzateke pertsonak animatzea, parte hartzea eta inplikatzea, eta uste genuena baino askoz hobe joan da. Herritarrak asko inplitau dira, oso parte hartze handia egon da, eta harrera oso ona izan da.
Zein da hurrengo urratsa?
Am. Komisio bakoitzak bere egutegia du, eta aurrera eramateko asmoz biltzen ari gara. Orain hasi gara, bi bileratxo egin ditugu.
T. Guk ere bilerak egin ditugu eta irteerekin hasteko prest gaude. Datak zehaztu ditugu. Hasteko gogoz.
O. Guk ere komisioetan parte hartzen dugu. Hurrengo urratsa martxoaren 25ean, 17:00etan, Iortia kultur guneko aretoan prozesuaren aurkezpena izango da; bertan nola parte hartu azalduko dugu, bai komisioetan ekintzak antolatzeko bai komisioek antolatzen dituzten ekintzetan ere modu puntualetan edo gehiagotan parte hartzeko. Prozesu dinamikoa eta parte hartzailea da, eta pertsona guztien partaidetza ongi etorria izango da. Taldeak, komisioak eta talde motorra irekiak dira eta nahi duenak parte hartzeko aukera du. Horretan gaude; jendea anima dadila, eta aurkezpenera ere jendea anima dadila.