Kantauri-Mediterraneoko trenbide korridorearen proiektuaren Iruñea-Altsasu tarteko azterlanari alegazioa aurkeztu dio Altsasuko Udalak. Bere xedea da tren egitasmoak Altsasun izanen lukeen soinu inpaktua murrizteko neurriak eskatzea. Izan ere, azterlanak jasotzen duenez, Altsasuko dermioko bi tokitan trenek egunez pasatzean 60 eta 64 dezibel arteko zarata sortuko lukete. Toki horietako bat da Zangitu dermioa, industrialdea aurreikusi zen parean. Bestea, berriz, Santo Kristo barren kale paretik tren geralekurainoko tartea.
Aurrenekoan ez da soinua murrizteko pantailarik aurreikusten baina herri parean bai. Trenbidearen alde banatan jarriko lirateke, 34 metro luze eta 4 metro altuerakoa bata eta 337 metro luze eta 3 metro altuerako bestea. Gauez pasako liratekeen trenek ezarritako muga, 55 dezibel, baino soinu gehiago aterako lukete. Horregatik, Altsasuko Udalak alegazio bidez beste toki batean soinua mugateko pantailak jartzea eskatu du. Tren geralekuaren ondoren trenbidea bi norabide hartzen ditu eta Olatzagutira daraman trenbidearen alde bietan nahiko lituzke udalak horrelako pantailak. Geroa Bairen aldeko eta EH Bildu abstentzioarekin onartu zen alegazioa.
Javier Ollo Martinez alkateak esan zuenez, "ez gaude azterlanarekin ados. Ez du ez ezer esaten, baina Ministerioa Euskal Y eta Nafarroako korridorea Gasteizen lotzearen alde agertzen ari da pixkanaka. Hori ez da gure aukera". Alkateak gaineratu zuenez, EH Bilduren mozioak zuzenean AHTren kontrakoa zen. "Jendaurreko epe honetan halako alegazioen garaia ez da. Azterlanari aurkeztu beharreko alegazioek alternatibak aurkeztu behar dituzte, horretan sakondu. Ministerioak ez zuen tren publiko eta sozialaren alternatiba onartu". Ibarreko hainbat herritan egitasmoak Altsasun baino ondorio handiagoak zituela nabarmendu zuen.
EH Bilduk AHTren tren ereduaren kontra eta tren publiko sozialaren alde egin zuen. Juanjo Goikoetxea San Roman zinegotziak gogorarazi zuenez, "tren publiko eta sozialaren kalitatezko azterlan teknikoa bat egin zen. Mozioaren bidez azterlan hori kontuan izatea eskatzen dugu". EH Bilduk aurkeztutako mozioak ez zuen aurrera egin.
