Musika, historia eta literatura

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko martxoaren 10a

Haize Berriak bandaren entsegu bat. UTZITAKOA

Martxoaren 14an, larunbata, 'Emakumetasuna' kontzertua emanen du Sakanako Haize Berriak bandak Toti Martinez de Lezea idazlearekin batera, Altsasun. Maritik abiatuta emakumearen historian ibilbidea eginen du idazleak, bandaren "gertuko" musikak laguntzen dion bitartean.

Sakanako Haize Berriak bandaren kontzertuek inoiz ez dute epel uzten. Azken emanaldia Altsasuko Piñata inauteri egunean izan zen, eta Torrente pertsonaiaren antza handia hartuta, Espainiako tradiziozko koplak interpretatu zituzten herriko kaleetatik. Mozorroa alde batera utzita, eta martxoaren 8 Emakumearen nazioarteko egunaren harira, urteroko zitarekin bat egin dute ere, eta emakumea ardatz hartutako kontzertua antolatu dute martxoaren 14an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean: Emakumetasuna

Jasone Etxebeste bandako zuzendariak azaldu duenez, "garai batean" martxoko kontzertuetarako lanak emakumeenak izatea saiatzen ziren, "baina helburu bezala jarri genuen hori urte osoan zehar egitea; beti saiatzen gara emakumeek konposatutako obrak jotzen eta kontzertu guztietan emakumea bisibilizatzea". Hortaz, aurreko urtean emakume etorkinak gonbidatu zituzten eta bandaren doinuekin batera haien esperientzia kontatu zuten eta 2024an Mainamikirri lana mustu zuten. Aurten Toti Martinez de Lezea gonbidatu dute, eta "emakumearen eboluzioa nolakoa izan den" landuko dute. "Egia esan, ez nuen inolaz ere pentsatzen Totik baiezkoa emango zigunik". 

"Kolaborazioa oso modu xumean sortu zen. Beti nago pentsatzen kontzertu honi zer kutsu eman; tematika oso markatua duen kontzertu bakarra da, besteetan gai bat jartzen dugu eta horrekin egiten dugu, baina kasu honetan emakumea da. Orduan, bueltak ematen, etxean nengoen eta Totirekin gogoratu nintzen". Zuzendariak mezu bat bidali zion eta idazleak deitzeko esan zion: "Horrela jartzen zuen: dei nazazu. Toti deitu behar nuen!". Oso urduri deitu zion, eta urduri zegoela jakinarazi zion: "Bere lana irakurri dut. Sekulako emakumea da". 

Kontzertua
Martinez de Lezeak "euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako testu asko" dituela azaldu du Etxebestek eta musikarekin aurretik esperientzia badu: "Alberto Urretxu musikari handi bat da, tronboia jotzen du eta talde bat dauka, eta berarekin mitologiari buruzko gauzak egin ditu; Agurainen eman zuten kontzertu batera joan nahi nuen, baina ezin izan nuen". Beraz, esperientzia hori kontuan hartuta, Etxebestek mitologia zeukan buruan: "Berak esan zidan mitologian ia ez daudela emakumerik: lamiak eta Mari. Ez dago gehiago". Orduan, idazleak Mari lehenengo emakume bezala hartu eta gaur egunera arteko emakumeen historiako erreferentziak hartu ditu kontzerturako: "Etxeko andreak, sorginak, emaginak, landare saltzaileak, frankismo garaiko emakumeak, ahozko transimizioan nola nola gauzatu duten, eta gaur egungo emakumeak".

Emakumeak ardatz hartuta historian ibilibdea eginen du Martinez de Lezeak, eta Haize Berriak bandak "gertuko" lanak interpretatuko ditu: "Kilometro zeroko lanak aukeratu ditut: Urederra Alberto Muñeco konpositoreak sortutako lana; Sakana lana, gurea dela, eta Mainamikarri obraren zenbait zati. Mainamikirri bertako pertsonaia da, konpositorea emakumea da eta bandarako propio sortutako lan bat da". Urederra, esaterako, lehenengo aldiz eginen dute ere. Musika eta hitzak tartekatuko dira, eta "pare bat momentutan" biek bat eginen dute ere. 

Berezia
Emakumetasuna kontzertua berezia izango da "Toti bera ere emakume oso berezia delako. Berarekin hitz egiten dudanean gehiago flipatzen dut; lurrikara baten antzekoa da, sekulakoa". Emakumeekiko duen ikuspuntua ere "oso indartsua" dela aipatu du Etxebestek. "Berezia izango da berak puntu berezia daukalako". Haututako obrak ere "gertukoak eta bereziak" direnez, kontzertu polita izango dela aurreikusi du zuzendariak.  

Kontzerturako sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eros daitezke, orokorrak 7 eurotan eta bandaren bazkideek 5 eurotan. Gainera, kontzertuan zehar Toti Martinez de Lezearen liburuen zozketa eginen dutela aurreratu du Etxebestek, "besterik gabe sarrerarekin". Arkatz liburudendak ere idazlearen liburuak salduko ditu.