Pentsiodunak "bizitza duinen" alde eginen dute Martxoaren 8an

Guaixe 2026ko martxoaren 6a

Pentsio duinen aldeko aldarrikapena astelehen eguerdietan ateratzen dute kalera. UTZITAKOA

Adierazi dutenez, "martxoaren 8an, eta egunero, bizitza duinaren aldeko borrokan daude emakume pentsiodunak". Pentsiodunen mugimenduak mobilizazio feministetan parte hartzera deitu du.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek asteleheneko bilkuran adierazi zutenez, "emakume langilearen nazioarteko eguna borroka aktiboko eta kolektiboko eguna bihurtu behar dugu". Nabarmendu zutenez, "egiturazko aldaketak eskatzen jarraitu behar dugu, adinekoendako bizimodu duina ahalbidetzeko. Mugimenduko emakume eta gizonok irmotasun berarekin defendatzen ditugu eskubideak gure belaunaldiarendako eta datozen belaunaldiendako. Gizadiaren arteko desberdintasunak desagertzea eskatzen dugu". 

Aldi berean, "martxoaren 8a omenaldi bat izanea nahi dugu, eskubideak lortzeko eta urte askotan lortutakoak mantentzeko egunez egun borrokatu diren eta borrokatzen diren emakume guztiendako, eta orain arriskuan daudenak batzuek kendu nahi dituztelako", adierazi zuten. Azaldu zutenez, "gutako asko erregimen autoritario basatian bizi izan gara, eta ezagutzen dugu beldurrak, askatasunik ezak eta eskubideen ukazioak zer esan nahi duten". 

Pentsiodunen mugimenduko kideek salatu zutenez, "gaur egun milaka emakume pentsiodunek miseriazko pentsioak kobratzen dituzte, gutxieneko soldata baina askoz ere txikiagoak, eta, ondorioz, maila horrekin parekatzea eskatzen dugu, baina 1.500 euroko Berezko Gutxieneko Soldatarekin". Azkenik mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioetan parte hartzera deitu du.