Futbola

Altsasuk hirugarren postuari eutsi dio

Guaixe 2026ko martxoaren 10a

Altsasuk goian jarraitu nahi du. ALTSASU K.E.

Mutilen preferente mailan garaipen polita lortu zuen Altsasuk eta martxoaren 14an San Jorge liderra hartuko du

Mutilen preferente mailako lehen multzoan 22. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Mutilvera B taldearen kontra partida oso borrokatua jokatu zuen Arangurenen. Hasi eta berehala, lehen minutuan, Julen Floresek Altsasu aurreratu zuen. Atsedenaldira aurreratuta joango zirela zirudienean, lehen zatiko luzapenean Mutilvera B-k bana berdindu zuen. Bigarren zatian bi taldeek gogor borrokatu zuten garaipenagatik. 76. minutuan Mikel Etxaizek areatik kanpo egindako jaurtiketa ikusgarriarekin 1-2 aurreratu zuen Altsasu. Gorritxoek ongi eutsi zuten, eta 3 puntuak Altsasura ekarri zituzten. 

Azken jardunaldian irabazi eta gero, San Jorgek jarraitzen du preferente mailako lider (44 puntu), Amigo taldea 4 puntura duela (40 puntu). Altsasuk hirugarren segitzen du, igoera faseko postuetan (39 puntu). 23. jardunaldian Altsasuk San Jorge liderra hartuko du. Partida erabakigarria martxoaren 14an, 18:45ean, Dantzalekun jokatuko da.