Astekaria

Altsasuko Duatloia, elkarlanean eta biziberrituta

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 19a

2024an jokatutako Altsasuko Duatloiko azken edizioko irteera. Erdian, Sergio Garcia de Eulate. ARTXIBOA

Iaz ez zen jokatu, baina Sakana Triatloi Taldeari Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba batu zaio, eta elkarlanean martxoaren 21erako XIV. Altsasuko Duatloia antolatu dute. Parte hartzera animatu dute

"Batasunean dago indarra" dio esaerak, eta horren erakusle da martxoaren 21ean XIV. Altsasuko Duatloia antolatu izana. Joan zen urtean ez zen jokatu, Sakana Triatloi Taldeak ez zuelako antolatu. Baina Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba ekimenera gehitu da, eta proba bueltan dago.

Nekea
"Sakana Triatloi Taldean jende gutxi gaude. Ez da jende berria sartu, eta guk 12 urte baino gehiago daramatzagu. Proba ateratzeko boluntario dezente behar dira, eta gu gutxi izanda, beti faboreak eskatzen egon behar horrekin pixka bat nekatuta geunden. Gauza bat eta bestea zela, ez zen modua, eta, pena handiz, iaz ez genuen proba antolatu" azaldu du Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek. 

Itzulera
Horregatik sorpresaz hartu zen aurtengo kartel deigarria ikustea, sorgina bizikleta gainean atzetik momotxorroa korrika duela, Altsasuko Duatloiaren buelta iragarriz. Sakana Triatloi Taldeaz gain, Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba dago antolakuntzan. "Egia esan, Dantzaleku eta Sakana Triatloi Taldea ez gara klub berdinak, baina beti elkarren ondoan gaude. Eta Dantzalekukoekin hitz egiten eta eurak animatuta sortu zen atzera ere proba antolatzeko erabakia. Denon artean antolatuko genuela, eta aurrera berriz!" dio Garcia de Eulatek. 

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko presidente Adrian Claverrek gaineratzen duenez, "bi aldeetatik argi ikusi genuen pena zela Altsasuko Duatloia galtzea, Sakanan proba garrantzitsu bat izan delako. Pena zen gaztetxoek bere inguruan duatloian aritzeko aukera galtzea, Altsasuko proba helduendako eta Nafarroako Kirol Jokoetarako (NKJ) antolatzen baitzen. Horregatik Sergio Garcia de Eulaterekin eta Juan Luis Maizarekin hitz egin genuen eta elkarlanean aritzea eta proba berreskuratzea erabaki genuen". 

Izan ere, proba bat urte luzez aurrera ateratzea asko kostatzen da, baina zein erraz joan daitekeen guztia pikutara. "Zalantzarik gabe. Esparru guztietan ikusten ari gara, zenbat kostatzen den boluntarioak lotzea eta jendea inplikatzea. Toki guztietan betiko jendeaz tira egiten da beti. Baina, aldi berean, geroz eta zailagoa da gauzak aurrera ateratzea aurpegi berriak eta aire freskoa sartzen ez bada, indarrak berritzeko. Lehen zeudenak jarrai dezaten, baina ez bakarrik. Laguntza izan dezatela". 

Lanak banatu
Horrela, indarberrituta itzuli da Altsasuko Duatloia. "Proba antolatzeko baimenak, izapideak eta paper kontuak guk eraman ditugu gehiago, aurrekoak berritu eta egunean jartzea baitzen. Korrikako lasterketa edo duatloiko proba bat oso ezberdinak dira, eta guretako ez zen berria. Gainontzeko lan guztiak denon artean egingo ditugu" azaldu du Garcia de Eulatek. "Bai, prestaketen azken txanpan gaude. Dantzalekutik Olatz Azazeta Pelaez izan da gaia indar eta interes handiarekin hartu eta sekulako lanketa egiten ari dena, proba aurrera ateratzeko, Garcia de Eulaterekin eta Maizarekin elkarlanean. Orain gelditzen dena da jendea animatzea; batetik, kirolariek Altsasuko Duatloiko proba nagusian edo NKJ-etako txikien kategorian izena eman dezaten, eta, bestetik, boluntarioak animatzea, asko behar direlako. Azken momentura arte hori izango da gure kezka, ea boluntarioak izango ditugun eta ea zenbat jende animatuko den" nabarmendu du Claverrek.

Ehunen bat boluntario behar dira, goizean NKJetako proba eta arratsaldean proba nagusia delako. Motoristak behar dira txirrindularitza tarterako. Laguntza eman nahi duenak erraza du, Sakana Triatloi eta Dantzaleku taldeekin harremanetan jartzea.

Izena ematea, itxita
XIV. Altsasuko Duatloia martxoaren 21ean jokatuko da. 10:45ean kategoria txikiko NKJeko probak jokatuko dira Txioka parean, eta proba nagusia 15:45ean abiatuko da Altsasuko plazatik. Sprint distantziakoa da (5 km korrika, 20 km bizikletan, 2,5 km korrika). Ibilbidean ez dago aldaketarik. Korrika tartea herrigunean egingo da, eta txirrindularitza tartean bi itzuli egingo dira Altamirara, Olaztitik igo eta Altsasutik jaitsiz. Bizikleta hartu eta uzteko trantsizio gunea Foruen plazan egongo da. "Dena batera egotea polita da, bilduago bezala. Partaide batzuk korrika, besteak bizikletan... dena batera!" argi du  Garcia de Eulatek. 

Izena ematea martxoaren 16an itxi zen. "Azken bizpahiru egunetan mugitu zen gehiago. 100-120 partaide inguru espero ditugu" uste du Sakana Triatloi Taldekoak.  Eguraldia faktore garrantzitsua da. "Eguraldi ederra, beroa, hotza, euria, elurra... denetatik izan dugu: Altsasun gaude! dio irribarrez. 

Erreleboekin, herrikoiago
Altsasuko Duatloia ez da soilik duatletendako proba. Erreleboka har daiteke parte, hau da, kirolari batek korrikako sektorea egin, eta beste batek bizikletakoa. "Honek proba herrikoiagoa eta askoz ere parte hartzaileagoa bilakatzen du, korrikalari batek kide txirrindulari batekin parte har dezakeelako, eta alderantziz. Bakarrik korrika egiten dugunoi edo txirrindulariei esparru bat ematen zaigu. Oso positiboa da" dio Claverrek. "Zure kuadrillako lagun batekin, lankidearekin bikotearekin... erreleboetan aritu daiteke. Ongi pasatzeko primerakoa da, beste xarma bat du" gaineratzen du Garcia de Eulatek. 

Paratriatletak ere bai
Paratriatletek ez dute huts egingo. "Iñaki Mujika altsasuarrak eman du izena. Erreleboka ariko da, bere ahizparekin. Oso polita izango da. Bestalde, bere taldekide Aitor Oleaga ariko da. Espainiako Txapelketan eta Europan lehiatzen aritu da. Ikusgarria izango da" Garcia de Eulatek. 

Emozioz hitz egiten du altsasuarrak, itzulerarekin kontentu dagoenaren seinale. "Berriro martxan gaude, eta gustura". Garcia de Eulate Altsasun lehiatuko da, aurretik Vianan eta Agoitzen aritu eta gero. "Gurea kirol polita da, baina gogorra, eta ez dago modan. Baina, ahal dela, aurrera!".