Zortzigarren urtez Oholtzara salto eginen dute Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako DBH lehenengo mailako ikasleek eta Altsasuko Altsasu BHI, Iñigo Aritza ikastolako eta Korazonistaseko DBH bigarren mailako ikasleek, Dantzabideak programaren barruan. Aurten Zuk performing arts konpainiak hartu du egitasmoaren zuzendaritza, eta Saioa Iraizoz dantzari altsasuarra izan da martxoaren 9tik 13ra ikastetxeetan irakaslea, Igone Augusto eta Amaiur Goikoetxea herriko dantzariekin batera. Dantza konpainiarekin batera, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko Kultura zerbitzuek antolatu dute ekimena, Nafarroako Gobernuko Kultura sailaren, Nafarroako Antzoki Sarearen eta Caja Navarra eta La Caixa fundazioen laguntzarekin. Martxoaren 13an erakustaldia egin zuten, Iortia zabalgunean, eta dantzari gaztetxoekin batera Riart company-ren Dérive dantza emanaldia izan zen ere.
Dantza
Arte eszenikoak gazteengana hurbiltzeko eta gazteen artean sustatzeko programa da Oholtzara salto. Horretarako, hainbat ekimen egiten dira Nafarroan zehar, eta horietan Zuk konpainiak zazpi urte daramatza parte hartzen, Itsaso A. Cano dantzariak eta konpainiaren zuzendariak azaldu duen bezala: "Hainbat ekimen egiten ditugu, esaterako, Ebroren inguruan Ribera en danza jaialdia egiten dugu; hau zortzigarren edizioa izango da". Dantzara hurbiltzeko aukera gutxi dagoen herrietara dantza eramatea datza egitasmoak. Konpainiak Oholtzara salto programaren barruan antolatzen dituen ekimenen artean dantza urbanoko edo parkour tailerrak daude; "dantza garaikidearen barruan lengoaia asko sartzen dira; oso zabala da, geroz eta gehiago". Programaren barruan ere aurten lehenengo aldiz Dantzabideak egitasmoaren zuzendaritza hartu du, Amaia Fernandez eta Idoia Rodriguez konpainiako kideekin batera.
Oholtzara salto programaren helburuekin bat eginez, Dantzabideak programaren bidez dantza eta arte eszenikoak gazteengana zuzenean eramaten die, eta horrela ikastetxeetan bost egunez, dantza klaseak hartzen dituzte eta ikasitakoa erakustaldi publiko batean egiten dute. Aurtengoa zortzigarren edizioa da, eta aurreko urtetan Dantzaz konpainiak gidatzen zuen egitasmoa. Aurten erronka Zuk konpainiak hartu du, eta zuzendariak azaldu duenez, konpainiarendako garrantzitsua zen Sakanako taldea osatzea: "Horrela dantzarien eta ikasleen arteko harremana estuagoa izan daiteke eta elkar ezagutzeko aukera dute. Interesgarria iruditzen zitzaidan". Izan ere, proiektuaren helburuetako bat da dantzaren profesionalizazioa sustatu, "dantza ogibide bat dela erakutsi, goi mailako ikasketak daudela; arte eszenikoak orokorrean lan bat dela". Canok azaldu duenez, programaren bidez, eta gazteen " dantzarekiko benetako esperientziaren" bidez haien burua eremu eszeniko batean ikusten duten eta dantza zer den eta zertarako den hausnartzeko aukera dute.
Dantzabideak-eko irakasleak Altsasuko dantzari profesionalak izan dira
Saioa Iraizoz, Igone Augusto eta Amaiur Goikoetxea dantzari altsasuarrak izan dira aste honetan zehar dantza irakasleak, Altsasu BHIn, Andra Mari ikastolan, Iñigo Aritza ikastolan eta Korazonistak ikastetxean. "Guztira zazpi talde dira, eta bata bestearekin oso desberdinak; oso anitzak".
Ikastetxetan egiten dituzten saioetan "zati semantiko batekin" hasten dira: "Nortzuk garen, nondik gatozen eta horrelako gauzak kontatzen diegu". Gero beroketa ariketak egiten dituzte eta "ikerketa lan bat" egiten dute: "Dinamiken bidez ikerketa egiten dugu; lurretik hasi, erdi mailan eta gero zutik. Besteekiko kontaktua ere ikertzen dugu". Contact improvisation deitutakoa egiten dute, hau da, kontaktuaren bidez mugitzea: "Sorbalda ukitzen dute, besoa... Bien arteko konfiantza egon behar da, besteak gorputza ez badizu eusten, erortzen zara". Konfiantza hori nola sortzen den "oso ederra" dela esan du dantzariak. Dinamika horiek sormen prozesu bat da, eta bertan sortzen joaten den "materialarekin" koreografia erakusten dute, gaur erakutsiko dutena, hain zuzen.
Lotura
Pertsonen arteko lotura edo binkuloa da dantzaren bidez jorratu duten gaia. "Zerbait eszenikoagoa sortzea pentsatu dugu, ez izate koreografiak solteak, amankomuneko pieza bat izatea, taldeen arteko trantsizioak egitea...". Egindako lanarekin "oso pozik" daude. Sakanako Dantzabideak-en azken saioak eta emanaldia izanen da, eta dantzari gazteekin batera eta gai berdinarekin Riart konpainiak Dérive ikuskizuna eginen du. "Saioaren ikasleek ere emanalditxo bat egitea nahi genuen, baina azken orduko aldaketak izan ditugu, eta datozen urteetarako utzi dugu". Dantzari altsasuarraren ikasleak laguntzaileak izanen dira emanaldian.
"Nerabezaroan haien gorputzagatik lotsa dute, gorputza aldatzen ari da eta besteen gorputzekin alderatzen dira; bere identitatearen bila ari dira... Orduan dantzak gorputzarekin adierazteko askatasuna ematen die, eta erregulatzen dira, bai emozionalki bai psikologikoki". Antzinako Grezian dantza hezkuntzaren parte zela azaldu du Canok. "Gorputzaren bidez burua eta emozioak ordenatzen direla argi dago. Beraz, gazteek haien gorpen bidez eta besteen gorputzekin binkulatzea eta gainera eszenatoki batera ateratzea eta erakustea zerbait oso integratzailea da". Arte manifestazioak ere kulturartekotasunean elikatzen duela esan du dantzariak, "beste kapa bat izango zen, baina dantzatzearekin eta beste ikaskideekin dantza egitea, binkulazio maila hori ematen die". Hainbat irakaslek dantzaren onura horiek ikusi dituzte: "Batzuetan esan izan digute: talde honek ez du kasurik egiten, ez dira eserita egoten... eta harrizen gaitu nola dantzatzen elkar ulertu duten, irribarre egin duten, parte hartu duten...". Dantzak hori dauka, "unibertsala da, edonork egin dezake, modu batean edo bestean pentsatzetik harago doa".
Inspirazioa
Zuk konpainiak egiten dituen tailerretan lehenengo gauza da dantzarien biografia azaldu: "Guri buruz hitz egiten dugu; betidanik dantza egin nahi izan dugula baina baliabiderik ez zegoela, esaterako gure garaian goi mailako ikasketarik ez zegoela eta abar. Orduan, denborarekin pertsona batek esaten dizuenean ikastaroaren ondoren dantza egiten hasi dela, horretara dedikatu nahi duela eta dantza oso garrantzitsua dela, asko betetzen zaitu". Pertsonak inspiratzen dituztela kontziente dira; "pertsona bat inspiratu duzula sentitzen duzunean zerbait oso polita da".
"Edozeinek dantza egiten ikas dezake. Gorputza duen edonork dantza egin dezake. Dantzatzea da gure gorputza kontzientziarekin ordenatzea. Musikarekin edo musikarik gabe izan daiteke; beste batekin edo bakarrik...". Dantza barruan dagoen zerbait esan du Canok, Antsoainen, esaterako, gurpildun aulki batean dagoen pertsona batek dantza egin zuen eta hainbataten ikusmen arazoak dituztenekin ere dantza egin dute, "badago gorra den dantzari bat, eta izugarri ongi dantzatzen da".