Altsasuko Zelandi kiroldegian Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak saskibaloiko mutilen bigarren mailako eta nesken lehen maila autonomikoko liderrak hartu zituen aurreko asteburuan.
Mutilen bigarren mailan CBASK Narum Fisioterapiak Noain liderra hartu zuen Zelandin ligako 20. jardunaldian. Lehia oso borrokatua izan zen, lehen bi laurdenetan bereziki. Horren isla, sei berdinketa izan zituen partidak, eta markagailuan alternantziak eman ziren, baina alde oso gutxirekin. Azken laurdenean, ordea, Noain aldea ateratzen hasi zen, eta, azkenean, 61-76 gailendu zen.
Horrela, Noainek jarraitzen du mutilen bigarren mailako lider, jokatutako 18 partidetatik 16 irabazita (34 puntu), eta CBASK seigarren postura jaitsi da (28 puntu). 21. jardunaldian CBASK-ek sailkapenean hamaikagaren den Mendillorri Egues hartuko du martxoaren 14an Zelandin, 17:50ean.
Nesken lehen maila autonomikoan CBASK Xabi Gorrizek Liceo Monjardin liderra hartu zuen. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren bukaerara arte. Hasieran markagailuan alternantzia handia egon zen. Erdi partean Liceo Monjardinek aurrea hartu zuen, baina bukaeran CBASK gerturatu eta markagailuan aurreratu zitzaion. Azken segundoetan, ordea, Liceo Monjardinen alde erori ziren saskiratzeak, eta, azkenean, 52-59 irabazi zuen liderrak, 7 punturengatik.
Liceo Monjardinek, beraz, eusten dio nesken lehen maila autonomikoko lidergoari (39 puntu). CBASK hirugarren da (35 puntu). 21. jardunaldian talde altsasuarrak Sarriguren kiroldegian jokatuko du, Valle de Egues A taldearen kontra, martxoaren 15ean (16:00).