AHT ibilbide proiektua

AHTren aurrean alternatiba badagoela adierazi dute

Guaixe 2026ko martxoaren 16a

Altsasun egindako manifestazioan 5.000 pertsona elkartu ziren. Han alegazioak jaso zituzten, baina biltzen jarraitu dutela jakinarazi zuten, martxoaren 27ra arte.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurrean alternatiba ekimenako bozeramaile Mikel Azkargorta Boal bozeramaileak gaztigatu zuenez, "gure ibarrak arrisku bizian daude. AHT gure lurraldea txikitu, erdibitu eta betirako baldintzatuko lukeen proiektu ez jasangarria da". Nabarmendu zuenez, "Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak aurkezturiko informazio azterlanarekin urteetako mamua izan dena gure etxeko ezkaratzera heldu zaigu dagoeneko".

Azpimarratu zuenez, "hamaika aldiz adierazi dugu ez dugula proiektu hau onartzen, ez dielako gure beharrei erantzuna ematen eta bakarrik hiri oso handien arteko loturak hobesten dituelako, landa eremuaren despopulazioa areagotuz eta hirien handitzea sustatuz". Gogorarazi zuen trenaren aldeko alternatiba bat dagoela. Hark "eskualdeak beraien artean eta haiek hiriburuekin lotuko lukeen tren zerbitzu eraginkor eta herritarra eskaintzen du. Baina Madrildik, atzera ere, entzungor egin diete gure behar eta nahiei, eta AHTa bultzatzen jarraitzen dute".

Ekimenekoak ez direla geldi egon adierazi zuen Azkargortak. Hamasei herrietan informazio batzarrak egin eta 800 herritar baino gehiago elkartu zirela azaldu zuen. Batzarretara joandakoek "etorkizunarekiko kezka bizia adierazi dute". Kezka hori ere beste modu baten bidez ere adierazi dela azaldu zuen, informazio azterlanari herritarrek aurkeztutako alegazioen bidez. Martxoaren 11ra arte 4.730 alegazio ziren aurkeztutakoak. Azkargortak azaldu zuenez, "alegazioak tren sozial eta publikoaren aldekoak dira. AHTri alternatiba jasangarria eta zerbitzua emanen ligukeen trenaren alde". Alegazioak aurkezteko epea martxoaren 27ra arte zabaldu dutela jakinarazi zuen, beraz, haiek biltzen segitu nahi dute. 

Alegazioen eta manifestazioaren bidez ekimeneko kideek "herriaren borondatea errespetatzea eskatzen dugu, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko proiektua gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea". 

Manifestazioan Sakanako hamalau alkate izan ziren, guztiak Altsasukoa ezik. Horretaz aparte, EH Bilduko parlamentariak eta Nafarroako Ahal Duguko kideak izan ziren.