Mutilen preferente mailan Altsasuk eta San Jorgek jokatutako partidak ikusle ugari erakarri zituen Dantzalekura, San Jorge liderrak eta hirugarren den Altsasuk asko baitzuten jokoan. Partidak tentsio handia izan zuen, eta oso borrokatua izan zen. Bi taldeak saiatu ziren, baina lehen zatian ez zen golik egon. 64. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren markagailua mustu zuen, 1-0 aurreratuz. Partidak oso lehiakor jarraitu zuen, eta garaipenarekin bukatuko zela zirudienean, luzapenean, 94. minutuan, San Jorgek bana erdintzea lortu zuen. Altsasuko zaleak arbitroaren erabakiarekin oso kritiko azaldu ziren.
San Jorgek jarraitzen du lider (45 puntu), Amigoren (43 puntu) eta Altsasuren (40 puntu) aurretik. 24. jardunaldian Altsasuk sailkapenean bosgarren den Valle de Egues B du aurkari martxoaren 22an, 18:30ean, Sarrigurenen.