Altsasuk Ogasunaren Errenta Bulego mugikorra hartuko du

Guaixe 2026ko martxoaren 20a

Herritarrei Arreta emateko Bulego mugikorra Altsasun ilbeltza akaberan izan zen. ARTXIBOA

Esperientzia pilotua izango da 2025eko Errenta Kanpainan, eta Zangoza, San Adrian eta Altsasuko herrietan egingo da.

Nafarroako Foru Ogasunak aurrez aurreko arretarako bulegoak handituko ditu Errentaren eta Ondarearen hurrengo kanpainan. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Herritarren Arretarako Bulego Mugikorra erabiliko du lehen aldiz, Foru Komunitateko hainbat herritan hainbat astez egongo dena. Esperientzia pilotu hori hartuko duen lehen herrietako bat Altsasu izanen da. Aipatu bulego mugikorra garagarrilaren 8tik 25era arte izanen da Altsasun.

Errenta Bulego Mugikorrean aitorpena egitea erabakitzen duten pertsonek hitzordua erreserbatu ahal izango dute, errenta presentziala balitz bezala. Horretarako, 948 505 505 telefonora hots egin beharko dute edo, hitzordua internet bidez hartu nahi badute. Kasu horretan, renta.navarra.es webgunean jarriko diren aukeren artean interesatzen zaien herria hautatu beharko dute.

Herritarrei Arreta emateko Bulego mugikorrak sortu zenetik eskaintzen dituen zerbitzuei errenta-aitorpenen aurkezpenarena gehitu behar zaie. Bestalde, Foru Ogasunak zabaldu egin du urtero herritarren eskura jartzen duen errenta aitorpena egiteko zerbitzua, eta, aldi berean, herritarrei arreta emateko eredua hurbiltzen du, Ogasuneko bulego bat ez dagoen herrietan bizi den biztanleria-sektore batera helduz. Halako bulegoak honako herri eta hiritan daude: Iruña, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Donezteben. Bulego mugikor berriarekin joan-etorri asko saihestuko direla aurreikusi du gobernuak.

Zerbitzu-sorta osoagoa
2025eko Errenta eta Ondare Kanpaina apirilaren 9an hasi eta garagarrilaren 25ean despedituko da. Eskuragarri dauden aurkezpen-modalitateak azken kanpainetan ohikoak direnak izango dira: online, telefono bidezko errenta eta aurrez aurreko errenta, Errenta Bulego Mugikorra barne hartzen duena.

Gainera, duela urte batzuetatik gertatzen den bezala, Foru Ogasunak aitorpen proposamen bat bidaliko die zergadun askori, eta horiek emaitzarekin ados dauden egiaztatu baino ez dute egin beharko. Hala bada, kontu-zenbakia berrikusi beharko dute, eta ados ez badaude, deklarazioa aurkezteko hitzordua erreserbatu ahal izango dute adierazitako bideetatik.

Nafarroako Foru Ogasunarekin lotutako tramiteak online egin nahi dituztenek ziurtagiri digitalaren edo NAN elektronikoaren bidez sartu beharko dute, Cl@ve erabiliz edo Ogasunaren NANa eta PINa sartuz.