Nafarroako enpresa batek Sunsundegui zenaren pabilioiak eta, besteak beste, grua garabiak eta pintura kabinak erosteko prest legoke. Horiengatik lau milioi euro ordaintzeko prest legoke. Baina erosketa egiteko baldintza jarri du beste enpresa batek industria proiektua sortzea eta aloka diezazkiola azpiegiturak. Hala jakinarazi du Navarra Capital hedabideak.
Iturri beraren arabera, Sunsundeguiren konkurtso administratzeaz arduratzen den Molins & Andres Abogados bulegoak jasotako lehen eskaintza formala da. Orain industria plana eginen lukeen edozein sektoreko enpresa bat bilatzen ariko lirateke. Lehen proposamen batzuk badituzte, baina ezer ez dago zehaztuta, Navarra Capitalen arabera.
Likidazioa
2024ko azaroan borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu ondoren, Sunsundeguiren likidazioaren lehen fasea irailean bukatu zen. Orduan 2,5 milioi euro lortu ziren. Enpresak inolako hipoteka-kargarik gabe zuen pisu bat saldu zen 141.200 euroan. Eta enpresak Banco Santanderren zuen inbertsio funts bat ere saldu zen. Haren balioa 212.000 eurokoa zen.
Zenbatekoren zatirik handiena Volvorekin eta Scaniarekin egindako akordioetatik sortu zen. Haiek produkzioan zeuden autobusengatik 1.179.471,32 euro eta 335.997,73 euro ordaindu zituzten, hurrenez hurren. Ordura arte, Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuak, ekoizpen unitatea zen, 436.098 euroko diru sarrera garbiak sortu zituen. Gainera, Sunsundeguiri beste batzuek zor zizkioten 246.006,32 euro kobratu ziren.
Likidazioaren bigarren etapan, abenduan bukatu zena, 4 milioi gehiago lortu ziren gutxi gorabehera: 3,5 milioi Volvorekin egindako akordio baten ondorioz eta milioi erdi inguru produkzioan zeuden unitateen salmentagatik. Eta, duela gutxi, aktiboen lehen zazpi loteen enkantea ere hasi da (ordezko piezak eta osagaiak; ibilgailu industrialak eta makineria; makineriarena bakarrik den beste bat; ekipo informatikoak eta elektronikoak; industria materiala; bulegoko altzariak eta aldagelak; eta erreminta, lantegiko ekipamendua eta mantentze-lanak). Horrela, industria modeloak, patenteak eta markak aurrerago aterako dira enkantera.
Zorra
Sunsundeguiren zorra 50,5 milioira igotzen da, konkurtso-kredituari dagozkionak. Baina kopuru horri denboraren poderioz masaren aurka sortzen diren kredituak gehitu behar zaizkio. Azken horietatik, Sunsundeguik legez dagokion zenbatekoa ordaindu du. Eta, prozesua amaitzen denean, hartzekodunei ordainduko die, araudiak ezartzen duen ordenan.