Otsailean, ihoteetako astean, Andorran izan ziren Amaia Arangiz Oiarbide, Olatz Monreal Oiarbide, Olatz Azazeta Pelaez eta Olaia Eguzkitza Diego altsasuarrak, beraien zaletasunetako batez gozatzen: mendiko eskia. Kirol askotan aritu izan dira, baina mendiari lotutako mendi lasterketak, eskalada, alpinismoa eta mendiko eskia dituzte gustukoen. Altsasuko Mendigoizaleak klubak antolatuta, mendiko eskiari buruzko proiekzioa aurkeztu zuten martxoaren 20an Altsasuko Iortia Kultur Gunean: Mendiko eskia Zirkulu Polar Artikoan. "Mendiko eskia benetan zer den azaldu nahi dugu, zer egiten dugun, zein erabaki hartu behar izaten ditugun, eta zenbat gozatzen dugun". Emanaldian, Andorrako aurtengo irteeratik abiatuta, iazko Norvegiako Zirkulu Polar Artikora heldu ziren.
Mendiko eskiak batu zaituzte.
Olatz Monreal. Amaia eta biok kuadrillakoak ginen aurretik, baina mendiko eskiak gehiago batu gaitu.
Amaia. Mendiko eskiari esker dezente bidaiatu dugu; leku asko ezagutzeko eta gauza ezberdinak egiteko aukera eman digu.
Olatz Azazeta. Amaiarekin kirolari esker harremandu ginen, urte askotan zehar zenbait kirol egin ditugulako. Gero hirurak elkartu gara, Olatz Monrealekin. Eta mendiko eskian ama altsasuarra duen Olaia Eguzkitza batu zitzaigun.
Zer da mendiko eskia?
A. Alpinismoaren eskutik azalduko nuke. Alpinismoa da, baina eskiekin egiteko plus horrekin. Finean, mendian eskiatzea da. Zuk erabakitzen duzu zein zailtasunarekin egin nahi duzun. Arbel bat duzu eta zuk tizarekin marrazten duzu zein izan behar den egin behar duzun ibilbidea, bai igo, bai jaitsi. Aurretik zehaztu behar duzu zein ibilbide egingo duzun eta zergatik, nondik pasako zaren... erabaki pila bat hartu behar dira.
Amaia Arangiz: "Mendiko eskia alpinismotik ulertzen dugu: mendian eskiatzea"
Teknologia berriak erabiltzen dituzue mendiko eskian nahi dituzuen ibilbideak egiteko?
O.M. Ideia hartu bai, baina gero mendia irakurri behar duzu; zehaztu nondik joango zaren, nondik ez eta noiz.
O.A. Erabaki asko hartu behar dira mendiko eski irteera eta bidaia egin aurretik. Mendiko ibilbide gehienak udan markatuta egoten dira gehienetan, baina elurra egiterakoan eta txuri jartzen direnean guztia arbel bat bezalakoa da, txuri. Lehendabizi lurra interpretatu behar duzu, gero maldak, gero dauden baldintzak edo kondizioak (elurra, eguraldia...); horrenbeste gauza interpretatu behar dira... eta horren guztiaren barruan, segurtasun neurriak hartu. Zuk erabakitzen duzulako zein saltsatan sartu nahi duzun. Teknologiari esker segurtasun mekanismo asko daude, eta horrek behar ditugun baliabideak ematen dizkigu, mendira ateratzeko behar dugun segurtasuna.
A. Esaterako, badago "elur jauzien arriskuen buletina" deitutakoa. Horrek informazio pila bat ematen dizu, eta erabaki askoz ere zentzuzkoagoak har ditzakezu.

NORVEGIA
Bidaiak aipatu dituzue. Horietako zenbait Altsasuko proiekzioan azaldu zenituzten. Zirkulu Polar Artikoa jasotzen du proiekzioaren izenburuak.
A. Iaz egon ginen Norvegiako Zirkulu Polar Artikoan, Olatz Monreal, Olaia Eguzkitza eta Iruñea aldeko beste hiru neskarekin. Berriozar mendi taldeari esker ezagutu ginen, hor hasi ginen gure eski taldea edo kuadrilla sortzen. Aurretik Islandian eta Georgian egon ginen.
O.A. Ni ezin izan nintzen Norvegiara joan. Aurten, ordea, Andorran egoteko aukera izan dut.
Norvegian nolako egonaldia egin zenuten?
A. Lyngen-eko Alpeetan. Norvegiako ipar-iparraldean dago, Zirkulu Polar Artikoan. Etxe bat alokatu genuen herrian, eta bertatik antolatzen genituen eguneko irteerak. Autoa hartu, joan nahi genuen eremura hurbildu, bertan eskiatu eta etxera buelta.
O. M. Egun guztietan eskiatu genuen, sei egunetan.
Zenbat gradutan zeundeten?
A. Iazkoa nahiko negu epela izan zen. Bertara joan baino astebete lehenago Kilian Jornetek La Revuelta saioan aipatu zuen mendiko eskirako ez zela negu ona, epeltasunarengatik. Baina oso gustura aritu ginen.
Jantzi bereziagoak eraman zenituzten?
O.M. Ohiko eski trajeak, baina azpiko jantzi termikoak beroagoak ziren.
A. Jantzietan kapen asuntoa oso ongi kudeatu behar da, mendira igotzen ari zarenean izerditzen duzulako, eta jaisterakoan hotza pasatu ahal duzulako. Norvegian ez zuen hotz handirik egin, baina Islandian egon ginenean egun batez -17 gradutan egon ginen. Eskiekin martxan edo oinez zoazenean ongi, baina momenturen batean gelditu behar baduzu, benetan gaizki pasatzen duzu. Eskiak jartzen, kentzen, gordetzen... gauza guztiak eskularruekin egiten ikasi nuen.
O.M. Ura ere izozten zitzaigun; beraz, termoan salda beroa, edo gauza beroak eraman behar dira.
Olatz Azazeta: "Buruarekin eta segurtasuna bermatuz, mendian gauzak egin daitezke"
Pirinioetan eskiatzea edo Norvegian, ezberdina da?
O.M. Altuera nabaritzen da.
A. Itsasoaren ondoan geunden, baina hotz handia egiten du; elurra ez da umeltzen. Egun askotan elur hautsarekin eskiatu genuen. Eta hori Pirinioetan zailagoa izaten da.
O.A. Fiordoetan itsasoaren ondoan zaude eta haizeak ez du hainbeste jotzen. Pirinioak altuera handiagoan daude eta haize aldaketak handiagoak izaten dira.
A. Orientazioagatik Pirinioetara haize masa beroak sartzen direla esan ziguten behin, eta, orduan, horrek beti lurra umeldu eta pisutsua egiten du, kostrarekin.
O.M. Autoa agian itsasertzean uzten genuen eta bertatik hasten ginen eskiatzen, nahi genuen mendietara igo arte. Mendiek 1200, 1400 metro zituzten; beraz, desnibela 0tik 1000m-ra zen, alde handiagoa.
Beraz, gozatu ederra hartu zenuten Norvegian.
O.M. Pentsatzen genuena baino hobeto. Eguraldi nahiko ona, egunero 6 ordutik gora eskiatzen genituen, egun luzeenean, agian, zortzi ordu. Storgalten, Stetinden, Daltinden... mendietan egon ginen, gustura.
A. Daltinden Lesakako talde batekin elkartu ginen eta herriko batendako eskumuinak eman zizkiguten (kar-kar).
Aurora borealak, ikusi zenituzten?
O.M. Bai, berde kolorekoak. Baina gauza berezi bat gertatzen da. Argazkia ateratzen diozunean, ikusgarri ikusten da. Baina han bertan, ez da horren ikusgarria.
A. Kamarak kolorea potentziatzen du. Guk ikusten genuena kamaran politagoa zen. Objektiboak argiak bizitu egiten du. Nolanahi ere, guk aurora borealak agerkunde bat bailitzan bizi genituen.
ANDORRA
Aurtengo ihoteetan Andorran egon zarete. Iortiako proiekzioan Andorrako irudiak erakutsiko al dituzue?
O. A. Irudi hauekin hasi ginen mendiko eskia zer den azaltzen. Andorran asko eskiatu dugu, sekulako baldintza onak izan ditugu, zorte handia. Baina hasiera batean ez ginen bertara joan behar; Bulgariara edo Errumaniara joan nahi genuen, baina aurtengo neguan elur asko egin du; alde horretatik normala izan da, hau da, duela 20 urte bezalakoetakoa. Eta horregatik aldaketa egin behar izan genuen.
A. Mendiko eskia udaberriko diziplina izan da beti. Neguan arriskutsua da, elur jauziengatik. Elurra udaberrian asentatzen zen eta mendiko eski zeharbideak hasten ziren. Baina azken urte hauetan udaberrirako ez zegoen elurrik eta dena aurreratu zen.
O.A. Horregatik ohitu gara gure mendi eski denboraldia aurreratzera. Baina aurten zer gertatu da? Horrenbesteko elurrekin elur jauzien arriskua zegoela. Horregatik, egoera baloratu, eta Bulgariara edo Errumaniara joateko asmoa alde batera utzi genuen, arriskuarengatik. Andorra gertu dugu, Pirinioetako Herrialdea deitzen zaio, eta argi dago zergatik: bertako gobernuak dena oso ongi prestatuta du, mendiari begira. Mendian ibiltzeko baliabideak ikaragarriak dira. Segurtasuna eta erraztasunak bermatu nahi genituen, eta bertara joan ginen.
A. Andorran flipatzekoa zen, dokumentuetan nola agertzen zen dena: mapa topografikoak, informazio guztiarekin, buletinak... Bide seguruenak zein ziren markatzen zizkizuten; arbela eta tiza ez genituen behar; beraiek jartzen zizkiguten.
Hala ere, elur jauzien arriskua bazegoen.
A. Joan ginen aste horretan arriskua handia zen. Nahiz eta baliabideak handiak izan eta eremu nahiko kontrolatua izan, erabakiak hartu behar izan genituen, nondik pasa eta beste.
Elur jauziren bat ikustea edo ezagunen bati gertatzea tokatu zaizue?
O.A. Zorionez, gertu ez zaigu tokatu, baina, finean, guztiak kideak dira. Mendiko eskia egiten zuten, guk egiten dugun bezala. Pila bat larritzen zara. Guk halako irteerak prestatzen ditugunean, hori kontuan hartu beharreko zerbait da.
A. Islandian tokatu zitzaigun. Ez zen elurra erori, baina plaka puskatu zen; elurra nola zabaldu zen, marra bat ikusten zen. Geldi geldirik geratu ginen eta hasi ginen banaka jaisten, momenturen batean plaka hausten bazen eta norbait eraman, gainontzekoak adi egoteko.
Hotsen bat egin zuen?
A. Nik ez nuen ezer entzun. Taldekideek esan zuten, atzera begiratu eta marra bat zegoela ikusi nuen. Zorionez, ez zen ezer gertatu.

Andorran elur asko izan zenuten?
O.A. Bai, baina oso ongi antolatu ginen, oso ongi atera zen guztia.
A. Kantitatea baino, elurraren kalitatea da kontua.
O.A. Haizeak asko eragiten du, Andorran mendiko aurpegi batzuetan haizeak asko jo zuen eta zailagoa zen elur kapa handiagoa aurkitzea, izotza zegoen, beste eremuetan hobeki zegoen...
Halakoetan kranpoiak erabiltzen dituzue?
O.M. Bai, eskiak bildu eta kranpoiak janzten ditugu.
O.A. Mendiko eskia alpinismotik ulertzen dugu eta kranpoiak eta pioleta eramaten ditugu gainean, elurraren baldintzen arabera erabili behar ditugulako.
Segurtasunerako elementuak eramaten dituzue?
A. Bai. Esaterako, Arva para sonda delakoa eramaten dugu. Arva gailu digital bat da, ondak edo frekuentziak emititzen dituena. Bakoitzak bat eramaten dugu eta elur jauzi batek taldeko norbait harrapatuz gero, gainontzekoek euren aparatuarekin jakin dezakete zein puntutan dauden. Sonda bat atera, makila luze bat bezalakoa, eta inguru horretan sondeatuz, gorputza non dagoen sentitu eta palarekin gorputza atera daiteke.
O.A. Bestalde, GPS-ak eramaten ditugu, mapak... Mapak garrantzitsuak dira, teknologiek huts egiten badute.
Olatz Monreal: "Proiekzioa ikusita, esango zuten: hara hauek zeinen ongi pasatzen duten!"
Andorrara zenbat joan zineten?
A. Gu hirurok eta Olaia. Olaia ere Norvegian egon zen. Nik berarekin egin nituen lehendabiziko mendi eskialdiak, baina denborarekin guztien artean sare bat sortu dugu.
O.A. Sare horren sortzailea Amaia da, bera da gainontzekoak batu eta elkartu gaituena.
Neskak zarete, guztiak.
O.A. Mutilekin egin izan ditugu, baina irteera xumeagoak.
A. Talde misto batean hasi ginen eskiatzen, Berriozarren, baina azkenean nesken taldean geratu ginen.
O.A. Denak neskak izatearena ez da nahita hartu dugun erabakia, horrela tokatu da. Baina gerora dugun iritzia eta diskurtsoa bai doala emakumearen eta gure indarraren eta dugun boterearen aldetik. Egindakoak guk lortu ditugu, nesken talde batek.
A. Lagun talde bat gara. Izenik gabekoa.
O.A. Mendi klubak galtzen ari dira. Ildo honetan, gure mendi eski proiekzioak Altsasuko Mendigoizaleak taldeari esker egiten ditugu. Eskertzekoa da gu kontuan hartzea horrelako dinamikak aurrera eramateko.
MENDIKO ESKI PROIEKZIOA
Zer erakutsi zenuten proiekzioan?
O.M. Pixka bat denetarik: bideoak, argazkiak, azalpenak...
O.A. Amaia da muntaia egiten duena, ardatza eta iparra. Horregatik askotan ez da bideoetan agertzen. Olaiak gailu pila bat dauzka, dronea eta beste, eta asko aritu da grabatzen.
A. Proiekzioak 40 minutu inguru iraungo du, eta gero jendearen galderen txanda izango da.
Proiekzioaren helburua zein da?
O.A. Mendiko eskia ezagutaraztea. Gu ez gara mendi gidariak; guri mendian ibiltzea gustatzen zaigu, eta trebatu gara. Aurten elur jauzien inguruan gertatu denarekin, sentsazionalismo soziala egin dela azaleratu nahi dugu. Buruarekin eta segurtasuna bermatuz, mendian gauzak egin daitezke. Bideoan ikusten da guk eguraldi baldintzak begiratzen ditugula, segurtasun neurriak erabiltzen ditugula, eta erabakiak hartu eta eztabaidatzen ditugula.
A. Etxekoek, kuadrillakoek... mendiko eskiaren inguruan kuriositatea dute. "Nola igotzen zarete?" galdetzen dute. Proiekzioa azaltzeko modu bat da, eta mezu bat ematekoa. "Egon lasai, trebatuta gaude, ez goaz itsuan. Mendian 0 arriskua ez da existitzen, badakigu, baina kriterio minimo bat badugu".
Sakandar guztiak gonbidatuta zeuden.
O.A. Bai, aurretik esan genuen: "etor daitezela benetan zer egiten dugun ikustera, eta duten beldur hori kentzeko". Mendiko eskia ezagutu nahi duen pertsona orok uste dut disfrutatu, gozatu eta ondo pasatuko zuela hitzaldi honetan.
O.M. Proiekzioa ikusi eta esango zuten: hara hauek zeinen ongi pasatzen duten! (kar-kar)
A. Gu baino urte gehiagoz ibili direnak etorri ziren, eta haiengandik formakuntza handiagoa atera genuen.
O.A. Mendi eskia gozamena da guretako; mendian lasai ibiltzea, beste erritmo batean, beste gauza batzuk begiratzen, disfrutatzen... zenbat eta indartsuago egon, orduan eta gehiago disfrutatzen dugu.
