Astekaria

Bizitzaren musika banda

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko martxoaren 26a

Trasteando taldea. UTZITAKOA

Trasteando taldeak 20 urte beteko ditu aurten. Gitarra jotzen ikasteko biltzen zen talde gisa hasi zen, eta "herri kanta ezagunak" abesten dituen talde arrakastatsua bihurtu da; besteak beste, urtero kontzertu solidarioa egiten dute.

"2006ko eguberrietan aurkeztu ginen publiko orokorrera; gitarra irakasten nien hainbat pertsonari, eta urteak generamatzan Josefina Arregi eta Aita Barandiaran egoitzetara joaten emanaldiak ematera". 2005. urtean Kruz Mari Martinez Larrea musikaria Olaztiko kontzertu solidario batean parte hartzera gonbidatu zuten, "Perun egondako emakume batek antolatu zuen, bertako herriak laguntzeko", eta altsasuarrari "ideia polita" iruditu zitzaion: "Musikarekin lagundu ahal izatea, irabaziak lortzea eta abar". Ideia horrekin gelditu zen eta hurrengo urterako, eguberriak iritsi zirenean, taldeari kontzertu solidario bat egitea proposatu zion: "Errepertorio duin bat genuen, egoitzetan emanaldiak ematen genituen... Horrela egin genuen". Arrakasta horren handia izan zen, hurrengo astean kontzertua errepikatu behar izan zutela; "aretoa bitan bete genuen". Lehenengo kontzertu hura Accion contra el hambre GKEra bideratu zituzten irabaziak, eta ordutik, urtero, eguberrietan kontzertu solidarioa antolatzen dute. Ez hori bakarrik, haren musika "beste herrietara eta kolektiboetara" zabaldu zuten ere. 

Trasteando
Gitarra izan zen taldea sortzeko "aitzakia": "Zenbait pertsonak esan zidaten ea gitarra jotzen erakusten nien; interes hori zegoen, eta modu informalean gitarra jotzeko gelditzen hasi ginen". Ikasitakoa "afari osteren" batean jotzen eta kantatzen hasi ziren, eta pixkanaka kanta horiek egoitzetan erakusten hasi ziren ere. "Musika gustatzen zaion jendea batzen hasi zen; taldea genuela zabaltzen joan zen". 

Hamabi bat pertsonak parte hartzen zuten hasierako talde horretan: "Gizonak, emakumeak... Akordeoilari bat ere etortzen zen, Iñigo Goikoetxea Gozategiko baxu joleak ere laguntzen zigun, Esther Irisarri gurekin egon zen...". Talde dinamikoa dela esan du Martinezek, eta hogei urteetan bizitzaren gauzengatik asko izan dira "joan-etorriak"; "Gazteak hasten dira baina ikastera kanpora joaten direnean uzten dute, egoera pertsonalengatik ere aldaketak izaten dira...". Azken aldian hiru taldekide hasi dira: Urdiaingo, Legazpiko eta Ordiziako hiru gizon. "Taldea ezagutzen zuten, eta astero etortzen dira". 

Taldekideen zenbatekoa urteekin mantendu da, eta gaur egun Ainhoa Mundiñano, Domut Constantin, Gerardo Rodriguez, Jose Ignacio Urriza, Montxo Goikoetxea, Paito Lopez de Goikoetxea, Pedro Santano, Roberto Cristobal, Helena Guajardo, Ione Fresneda, Javier del Rio, Juanjo Mintegui, Maite Imaz, Mari Jose Gil, Victor Larraza, Ander Murillo eta Kruz Mari berak osatzen dute Trasteando. Tarteka hainbat laguntzaile izaten dituzte, Jesus Irisarri tronboiarekin, Constantxo eta Alfonso tronpetarekin... 

Asteazkenetan ia bi orduz entseatzen dute, eta entseguetan "oso ondo pasatzen dugun topaketa" bat dela esan du Martinezek. Lanean dauden taldekideendako agian "sakrifizio" bat da, gehienbat txandatan lan egiten dutenendako. Baina merezi du. 

Betiko abestiak

"Hanto eta hemengo, atzoko eta gaurko abestiak eskaintzen ditugu"

Pablo Milanesen Yolanda, Xalbadorren heriotzean, Ilargia, Nor nori nork, rantxeraren bat eta abar izan ziren 2006ko eguberrietan eman zuten lehenengo kontzertu horretan interpretatu zituzten abestiak, "jendearentzat oso ezagunak zirenak". Errepertorioa osatzen eta aldatzen joan dira, eta taldearen konstantea da "hango eta hemengo, atzoko eta gaurko" abestiak eskaintzea: "Musikari ez diogu mugarik jartzen; edozein hizkuntza eta musika generori irekiak gaude". Hortaz, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz ere abesten dute. "Errepertorioa anitza izatea gustatzen zaigu; gure publikoari gustatzen zaio, ez bada abesti bat, besteren bat ezagutuko dute". 

Trasteandok zale asko ditu. "Oso-oso eskertuta gaude. Kontzertu bat antolatzen dugunean jendea etortzen da". Azken kontzertu solidarioa ANELA Nafarroako Esklerosi Alboko Amiotrofikoaren Elkartearendako izan zen, eta sarrerak azkar batean agortu ziren. Hurrengo emanaldia, apirilaren 11n emanen dute, Iruñean izanen den XXI Errondalla elkarretaratzea: "Andoni Sarobe eta Edelweiss Aller egonen dira, San Saturnino kofradia, Duo Tremolo eta Cantando en el tiempo Barañaingo taldea; oso interesgarria da". Altsasun maiatzaren 30ean emanen dute udaberriko kontzertua, 19:30ean, Iortia kultur gunean: "Barruan daukagun haurra ateratzeko deia egingo dugu". Kontzertua Milakoloreko kideekin egingo dute. 

Kontzertu solidarioak antolatzeko orduan taldean nor lagundu dezaketen aipatzen dute: "Orduan, ematen diren proposamenen artean haiekin harremanetan jartzen gara eta gehienetan denek gustu handiz hartzen dute gonbidapena". Kontzertuan proiektua azaltzeko eskatzen diete, "dena publikoan egiten dugu, baita txekea ematen dugu ere". Urtero aipatzen duten gauza bat da kontzertua eman ahal izateko Iortia kultur gunearen aretoaren alokairua taldeak ordaintzen duela: "Udalak kobratzen digu; batzuetan ez dugu ulertzen mota hauetako kontzertu solidarioak emateko areto kobratzea, guk ez dugulako dirua irabazten, irabazi guztiak txarteldegitik lagundutako erakundera joaten delako". Udalak ere zergati horretara lagundu zezakeela uste du musikariak. 

Eguberrietako kontzertuak solidarioak badira, udaberriko kontzertuetarako lagunak ekartzen ohi ditu Trasteandok: "Kanpoko taldeak ekartzen saiatzen gara, gehienbat hemen programatzen ez den musika ekartzeko; Altsasuko musika agendan horrelako abestiak entzun daitezen". Talde ezagunak ekarri dituzte: "Eibarko Trio Medianoche, Iruñerritik Tio Veracruz, Legazpiko Alaitasuna errondaila...". Altsasun ematen dituzten kontzertuak ez ezik, Arabako Lautadara ere joaten dira kontzertu solidarioak egitera, Burlatako Landazabal egoitzan egon dira, beste herrietako kultur etxetatik deitu izan diete, kartzelan bi aldiz jo dute, Castro Urdialesen egon dira...

Ondarea
Altsasuko festetan ere huts egin ezin duen talde bat da Trasteando: "Urteak daramatzagu. Udalak deitzen digu eta gehienbat izan da 2018 urtearen inguruan Altsasuko herri kanten berreskurapen lan bat egin genuelako; 1940 eta 1950ko hamarkadako herri kantak jaso genituen. Urte gogorrak izan ziren, oso zailak, eta abesti hauek bihotzak alaitzen zituzten". Abestiak berreskuratzeko lan handia egin zuten, "etxez etxe joan nintzen grabatzen; ondoren, harmonia sartu genien eta lan duina egin genuela uste dut". Proiektua herriaren ondare inmaterialarendako "oso interesgarria" da, eta hiru CDtan grabatuta gelditu da: Altsasuko Herri Kantak I, II eta III. 

"Musikak lagundu behar du, eta gure errepertorioak alaitsuak dira; betikoak"

Eta zein da taldearen sekretua? "Zenbait gauza daude. Musikaren alde sozial hori; laguntzeko ahalmen hori. Gero errepertorio mota; musikak lagundu behar du, eta abesti alaiak dira; betikoak". Askoren bizitzaren musika banda osatu duten abestiak eskaintzen ditu Trasteandok.