Euskaltel Euskadik badu denboraldiko lehen garaipena. Talde laranjak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen Onturreko Udaberriko Sari Nagusian, Axel van der Tuuk eta Iker Mintegi elkarrekin batera iritsi baitziren helmugara. Garaipena nederlandarrarendako izan zen, eta bigarren postua altsasuarrarendako.
Euskaltel-Euskadi izan zen 167,8 kilometroko lasterketako protagonista nagusia proba guztien zehar. Txirrindulariek sterratoari eta aldapei egin behar izan zieten aurre. 30. kilometroan Van der Tuuk eta Mintegi eguneko ihesaldian sartu ziren, 20 txirrindulariz osatutakoan. Probaren erdian, nederlandarrak burua hartu zuen beste bi txirrindularirekin, eta, atzetik, Mintegik erasotu egin zuen helmugatik 40 kilometrora, buruarekin bat egiteko. 25 kilometroren faltan Euskalteleko bi txirrindulariek erasoa jo eta bakarrik egin zituzten azken kilometroak, helmugara batera helduz, Van der Tuuk lehenengo eta Mintegi bigarren. Horretarz gain, Euskaltel-Euskadik taldekako sailkapena irabazi zuen, Mintegik esprint bereziak eta Van der Tuukek tartekako helmugak.
Sakandarrak, pozarren
Euskaltel Euskadiko Jorge Azanza kirol arduradunak garaipenaren garrantzia nabarmendu zuen. "Garaipen hau oso garrantzitsua da. Lehen metrotik irabaztera atera da taldea eta sekulako erakustaldia eskaini du. Emaitza honek konfiantza handia ematen digu, atzoko eta Taiwango emaitzek bezala, eta gugan sinesten duten guztiei, txirrindulariengandik hasita, gure lekua dugula erakusten die. Ildo horri eutsi behar diogu, eta hain positiboa den dinamika hori aprobetxatu eta gozatu" azaldu zuen altsasuarrak.
Axel van der Tuuk eta Iker Mintegi pozarren zeuden. “"Gure denboraldiko lehen garaipena da eta, beraz, oso garrantzitsua da. Oso sasoi onean gaudela erakutsi dugu. Urtea ondo hasi dugu eta bolada ona dugu" azaldu zuen txapeldunak. Iker Mintegik altueran entrenatzearen onurak nabarmendu zituen. "Nire urte hasiera ez da nahiko nukeen bezalakoa izan, baina orain altueran egon naiz, denboraldiaren hurrengo atala prestatzeko, lasterketa oso politak baititugu aurretik. Taldeak oso ondo zegoela erakutsi du. Aukera bikaina zen eta aprobetxatzen jakin dugu. Erasora lehiatu gara, lasterketa hauek korritu behar diren bezala, eta gozatu egin dugu".