Martxoaren 21 Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna da. Hori dela eta, Sakana Harrera Haranak kontzentrazioa egin zuen Altsasun. Adierazi zutenez, "ez dira garai onak lasai egoteko, atzerakoiak gero eta ausartago dabilelako eta are gehiago, irensten gaituelako sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta patriarkal batean, zeinak gure bizitzetan gorrotoa, zaurgarritasuna eta desberdintasun soziala iraunarazten duten ekintza eta politiketan oinarritzen baita".
Sakana Harrera Haranako kideek "aurrerapauso bat" eman beharra aldarrikatu zuten, "arrazakeriaren kontra posizionatu, bere adierazpen guztietan zalantzan jarriz, hala nola faxismoan edo inperialismoan". Gaineratu zutenez, "gerrako jauntxo nazkagarrien kontra borrokatzeari ezin diogu utzi, herrialdeak sarraskitzeko arrazoiak ere ez baitituzte disimulatzen: petrolio madarikatua". Gaineratu zutenez, Trumpek eta Netanyahuk "mundu beldurgarri batera garamatzate, non bizitza batek balak edo hura kentzen duen bonbak baino gutxiago balio duen".
Aldi berean, gogora ekarri zuten Euskal Herriak NATOn sartzeari ezetz esan ziola duela 40 urte. "Zuzenean ari gara bizitzen haren eragina, inperialismo kapitalista yankiaren beso armatua baino ez da. Bitartean Europak ipurdia miazkatzen dio".
Bestetik, Sakana Harrera Haranako kideek adierazi zutenez, "ezin dugu beste alde batera begiratu Palestinan, Sudanen, Ukrainan, Kongon, Iranen, Libanon eta abarretan gerrak elikatzen jarraitzen duten bitartean". Ez zuten begi onez ikusi "herrialdeak blokeatzea, gosearekin eta miseriarekin menderatzeko, Kubarekin edo Venezuelarekin edo duintasunez bizi nahi duen edozein herrialderekin egiten ari diren bezala". Azpimarratu zutenez, "gerrek aberatsei bakarrik egiten diete mesede, langile klaseak eskrupulurik gabeko jendaila honen ondorioak ordaintzen dituen bitartean. Eta mundu librearen zaindariak deitzen diote bere buruari".