Futbola

Altsasuk hirugarren postua galdu zuen Sarrigurenen

Guaixe 2026ko martxoaren 24a

Mutilen preferente mailan Altsasuk azken unean galdu zuen Valle de Eguesekin, eta orain laugarren da sailkapenean

Mutilen preferente mailan Altsasuk Valle de Egues B taldea izan zuen aurkari Sarrigurenen. Altsasuren hirugarren postua zegoen jokoan, eta partida tentsio handikoa izan zen. Partida borrokatuan, etxekoak aurreratu ziren, penaltiz, 30. minutuan. Unai Calvok berehala berdindu zuen, eta lehiak bizi-bizi jarraitu zuen bigarren zatian. Valle de Eguesek bigarren gola sartu zuen, eta Imanol Lobok bina berdintzea lortu zuen. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Valle de Eguesek hirugarrena sartu zuen 90. minutuan eta 3 puntuak Iruñerrian geratu ziren. Arbitrajeak zenbait kritika piztu zituen. 

San Jorgek jarraitzen du preferente mailako lider (48 puntu) bi puntura Amigo duela (46 puntu). Valle de Egues B da orain hirugarren (40 puntu), igoera postuetan, eta Altsasu laugarren (40 puntu), igoera postuetatik kanpo. Martxoaren 28an, 18:45ean, Altsasuk sailkapenean seigarren den Ardoi B hartuko du Dantzalekun.