Saskibaloia

CBASK-eko neskak, Lauko Finalera

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 31

Nesken senior mailako CBASK taldea denboraldi ikusgarria ari da egiten. CBASK

Nesken lehen maila autonomikoko lehen fasea despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, altsasuarrek tituluarengatik borrokatuko dute. Mutilen bigarren mailan, CBASK-ek 1-8 postuen arteko ligaxkan borrokatuko du

Nesken saskibaloiko lehen maila autonomikoan lehen fasea despeditzeko oraindik hiru jardunaldi falta dira, baina dagoeneko CBASK Xabi Gorriz Micropigmentacion taldeak Lauko Finalean sailkatzea lortu du. Asteburuan jokatutako 22. jardunaldian CBASK-ek 51-84 irabazi zion Noaini. Hasieran paretsu hasi zen partida, baina altsasuarrek berehala aurrea hartu zuten, tartea zabaltzen jarraitu zuten eta garaipen erosoa lortu zuten. 

Asteburuan 23. jardunaldia dago jokoan, baina CBASK Xabi Gorrizek eta Payvi taberna Sanduzelaik partida martxoaren  13ra aurreratu zuten eta CBASK-ek 64-47 irabazi zuen. Egun, Liceo Monjardin da liderra (43 puntu), eta CBASK bigarren (41 puntu).

Mutilak, 1-8 postuen arteko borrokan
Mutilen bigarren mailan CBASK Narum Fisioterapiak 22. jardunaldia zuen jokoan. Asteburuan Larraona Claret zuen aurkari, eta partida oso estuan 6 punturen aldearengatik galdu zuen CBASK-ek, 88-82. Larraona Claretek tarte handia hartu zuen partida erdialdean, baina altsasuarrak gerturatzen hasi ziren eta sorpresa ematear egon ziren. 

Mutilen bigarren mailako hasierako faseko liderra Noain izan da (37 puntu), Larraona Clareten aurretik (36 puntu). CBASK Narum Fisioterapia seigarren sailkatu da (31 puntu). Lehen fasea despedituta, CBASK-ek 1-8 postuak zehazteko ligaxkan jokatuko du. Apirilaren 11n CBASK-ek San Ignacio Nasabi hartuko du Zelandi kiroldegian, 17:50ean.