Altsasuko Udalak 74.513 euroko balioa duten baso lanak egingo ditu aurten. Lan horiek finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 36.932 euroko dirulaguntza izanen du. Aurreikusitako lanean artean dago, batetik, Dermaun abeltzaintzarako esleitutako herri lurren itxiturak berritzea eta metalezko hiru ataka berri instalatzea. Bestetik, Basoitxi eta Balankaleku basoberritzeak mantentzeko lanak eginen dira. Bestalde, Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "aurreko urteetan Otadia, Maibelo, Mendizabalazpi, Larrezabal eta Gurdilatz asfaltatu ondoren, aurten Larruntzako bidea berritzeko lehen fasea egingo da". Udalak lan horretara, gehienez, 72.000 euro bideratuko ditu
Era berean, Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuari 2027an egin beharreko abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntza eskaera egin dio. Aurreikusitako lanen artean daude, alde batetik, orain arte ibili ez den baina abeltzaintzarako erabiltzeko partzela bat ixtea. Beste alde batetik, Larrezabalgo herri lurretan itxitura berriak egitea abeltzaintza-erabilerarako. Horiekin batera, Sorozarretan itxiturak, atakak eta kanadar pasa eginen dira. Udalak aurreikusi du Dermaun abereendako putzu eta aska berria egitea. Eta, azkenik, Ulaiarko bidea berrituko luke. Lan horiek guztien kostua 137.892 eurokoa da.