EKLIPSE Izar Eskola berezia hartuko du Altsasuk

Guaixe 2026ko apirilaren 1a

EKLIPSE Izar Eskolaren aurkezpena. NAFARROAKO GOBERNUA

Eguzki eklipse osoa izanen da eta ikasleak hura ulertzeko eta gertutik bizitzeko prestatzen ditu.

Ezohiko astronomia gertakaria, eguzki eklipse osoa, izanen da agorrilaren 12an. Horregatik, Iruña Planetarioak bere pedagogia proposamena berritu eta Izar Eskola hezkuntza programa indartu du. Horren helburua da agorrileko eguzki eklipse osoa Nafarroako ikastetxeetara hurbiltzea. Horretarako, tresna eta esperientzia berriak diseinatu dituzte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Unibertsitateko Departamentuek bulkatuta. Horien artean murgiltze kabina bat dago, sei metroko luzekoa, hamar lagunendako lekua duena. Han sartzen diren ikasleek eguzkiaren eklipse oso bat nola gertatzen den ikusi ahal izango dute eta une hain berezi horretan ingurunea nola eraldatuko den sentituko dute.

Programaren barruan, ia lau metroko altuera duen kupula erraldoi bat ere badago, eta bertan Iruñeko Planetarioko talde zientifikoak hautatutako sekuentziak proiektatuko dira. Edukiaren aldetik, agorrilaren 12ko "hiru protagonistak" nagusituko dira. Aldi berean, eklipsea modu seguruan ikusteko beharrezko informazioa ere emango da. Gainera, tamaina handiko bi eguzki teleskopio ditu EKLIPSE Izar Eskolak, eguzkia xehetasun guztiekin ikusi ahal izateko. Azkenik, bisitan joaten diren ikasleek fenomenoaren inguruko hainbat pedagogia tailer egingo dituzte, eta, horietan, Eguzkia-Lurra-Ilargia sistema muntatuko dute, eklipseari buruzko galdera eta erantzunen joko berezia egingo dute, eta abar.

Astronomia ikasleengana gerturatzeko ekimen hori ibiltaria da eta Nafarroako hainbat herritan izanen da. Haien artean Altsasu dago, maiatzaren 25etik garagarrilaren 5era egoitza izanen dena. Eskola bisitak labur.eus/replcnrm edo pamplonetario.org/eu webguneen bidez eska daitezke. Bisitak ordu bat eta 45 minutukoak izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleendako dira. Arduradunek esan dutenez, ikasleek "zientziara apur bat gehiago hurbildu ahal izateko eta benetako dibulgatzaileen eskutik informazio fidagarria lortu ahal izateko" aukera izanen dute. Ekimenak La Caixa fundazioaren laguntza izan du.