Hithium enpresa txinatarrak Nafarroan baterien gigafaktoria bat sortuko du. Nafarroako Parlamentuan Zurekinen galdera bati erantzunez, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozial, Gizarte Ekonomia eta Enplegu kontseilariak esan zuen lanean ari direla inbertsio proiektu hori "aukera bat izan dadin azken hilabeteetan Nafarroan erregistratu diren itxiera eta enplegu erregulazioko prozesuen eragina jasan duten langileendako".
Maeztuk azaldu zuenez, "lan bilaketa aktibo horretan dauden eta eskatzen diren profilekin bat datozen pertsonek lanpostu posibleak betetzeko aukera izan dezaten saiatuko gara". Horretarako, "langabezian dauden pertsonen eta enpresaren beraren eskura jarriko ditugu Nafarroako Enplegu Zerbitzuan ditugun baliabide guztiak", adierazi zuen kontseilariak.
Sunsundeguin, itxierak 339 pertsonari eragin zien, haietatik 63 ez ziren nafarrak. Nafarroan bizi diren 276 langileetatik, 172 lan merkatuan sartu dira jada, eta 67k Nafar Lansarek bulkatutako birkokatze-plana sinatu zuten. 67 horietatik, 15 gutxienez lanean daude. Bestalde, BSH ixtearekin 20 bat langile sakandar kalean gelditu ziren.