ELAk hiru lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin du Altsasun

Guaixe 2026ko martxoaren 27a

ELAk hainbat neurri hartzea eskatu du. UTZITAKOA

Lan ikuskaritza indartzea, prekaritatearekin bukatzea eta arrisku handiko sektoreetan kontrola handitzea aldarrikatu du sindikatuak.

ELAk bere Nazio Kontseilua Altsasuko Iortia kultur gunean bildu du. Bilkuraren ondoren ELAko ordezkariek kontzentrazioa egin dute. Haren bidez salatu dute dagoeneko aurten hamabi langile hil direla Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz. Aste honetan lanean hildako langileak hiru izan dira, Gasteizen, Legution eta Valtierran. 

ELAko kideek babesa eta elkartasuna adierazi diete senide, lankide eta gertukoei, eta azpimarratu dute lan heriotzak ez direla kasu isolatuak, baizik eta prekaritatearen ondorio zuzena. “Azpikontratazioa, lan erritmo altuak, prebentzio neurri eskasak eta kontrol instituzionalaren gabeziak handitu egiten dute istripuen arriskua”, gaztigatu dute.

Sindikatuko ordezkariek ohartarazi dutenez, "saihestu daitezkeen heriotzak errepikatu egiten direla sektore eta egoera jakin batzuetan, bereziki basogintzan, makinak harrapatuta edo altueratik erorita". ELAk nabarmendu duenez, "lan heriotzen errudunak eta erantzuleak prekaritatea eragiten duten enpresak eta gobernuak dira".

Eskaerak
Egoera horren aurrean, ELAk eskatu du lan ikuskaritza indartzea eta Europako batez bestekora hurbiltzea: zehazki, ikuskaritzako plantilla 120ra handitzea Euskal Autonomia Erkidegoan (egun 56 dira) eta 50era Nafarroan (egun 15).

Bestalde, sindikatuko kideek premiazko plan bat martxan jartzea proposatu dute, makina arriskutsuak kontrolatzeko, altuerako lanetan segurtasun-neurriak bermatzeko eta basogintzako jarduera guztiak zorrotz ikuskatzeko.