Futbola

Altsasuk goiko postuen lehian jarraitzen du

Guaixe 2026ko martxoaren 31

Mutilen preferente mailan Altsasu laugarren da, igoera faseko postuei so

Asteburuan mutilen preferente mailako 25. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Ardoi B hartu zuen Dantzalekun, eta jokoan zeuden 3 puntuak Sakanan gelditu ziren. Partida hasi eta berehala, 7. minutuan Julen Floresek Altsasu aurreratu zuen. 14. minutuan Altsasuren aldeko penaltia seinaleztatu zuen arbitroak, eta Unai Calvok markagailuan 2-0 ezarri zuen. Atsedenaldia baino lehen 2-1 hurbildu zen Ardoi eta partida estutu zen, baina bigarren zatiko 67. minutuan Armstrong Fah-k Altsasuren hirugarrena sartu eta partida erabakita utzi zuen, 3-1eko garaipenarekin. 

San Jorgek jarraitzen du lider (51 puntu), Amigoren (49 puntu) eta Valle de Egues B-ren (43 puntu) aurretik. Altsasu laugarren da (43 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko, baina hemendik bi astera Altsasuk sailkapenean bederatzigarren den Aibares izango du aurkari, Oibarren.