Auto harrapaketa kasua artxibatu dute

Guaixe 2026ko martxoaren 31

Altsasuko ikuspegia. ARTXIBOA

Epaileak ebatzi du ez dela hori 88 urteko emakumezkoa 50 egunera hiltzearen arrazoia. 

Iruñeko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Auzitegiko Instrukzio Atalak artxibatu egin du Altsasuko gidari baten kontra zabaldutako auzia. Emakumezkoak gidatzen zuen autoak 88 urteko emakumezko bat eta bere laguntzailea harrapatu zituen 2021eko lastailaren 1ean. Adineko emakumezkoa bere gorputzaren eskuinaldean hartu zuen kolpea. Laguntzaileak zauri arinak izan zituen. Ezbeharra Bakea kalearen eta Idertzagain kalearen arteko bidegurutzearen ondoko oinezkoen pasabide batean izan zen. 

Emakumezkoa Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Zauriak sendatu eta hurrengo egunean etxera bidali zuten. Baina oinazeekin jarraitzen zuenez eta bere egoera ona ez zelako egunetara berriro ospitalera eraman zuten. Bere osasun egoerak okerrera egin zuen eta emakumezkoa 50 egunetara hil ez. 

Eta horregatik auzitara eraman zuten gidaria. Baina auzitegiko medikuaren txostenak ondorioztatu duenez, 88 urteko emakumearen heriotzak ez zuen zuzeneko kausaltasun loturarik izan istripuarekin. Forentsearen balorazio teknikoak zehaztu zuen istripuak sortutako lesioak oso heriotza arrisku txikia zutela. Bestalde, pazienteak aurrekari mediko ugari zituen aurretik.

Auzitegiko medikuaren txostenak azpimarratzen duenez, traumatismoak osasun-egoera orokorrean presazko faktore gisa jardun zezakeen arren, ezin da heriotza azaltzeko arrazoi nahikotzat eta beharrezkotzat jo. Azken ondorioetan, medikuak baztertu egiten du harrapatzea heriotzarekin legez lotzeko beharrezkoak diren kausalitate-irizpideak betetzea, bereziki onargarritasun biologikoari eta lesioen intentsitateari dagokienez. Horregatik guztiagatik, eta ikertutako gidariaren abokatuak egindako eskaerari erantzunez, instrukzio epaileak gidariari irekitako auzia artxibatzea erabaki du.