Madrilgo Ifema erakustazokak 39. Gourmets Azoka hartuko du hilaren 13tik 16ra, astelehenetik ostegunera. Bertan Nafarroako 25 enpresa parte hartzen ari dira, eta haien artean dago ahatekiarekin produktuak ekoizten dituen Katealde enpresa altsasuarra. Intia enpresa publikoaren standean dago Katealderen eskaintzaren berri, beste hamahiru enpresekin batera. Nafarroako Txistorra Adierazpen Geografiko Babestua ere azokan parte hartzen ari da.
Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak "Nafarroak elikagai berezituetan eta kalitatezkoetan erreferentziazko lurralde gisa duen posizionamendu estrategikoa" nabarmendu du. Nafarroako eskaintza anitza duten standetatik pasa ondoren, kontseilariak horrelako azoka profesionalak babestearen garrantzia azpimarratu du, "Foru Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektorearen esportazio-ahalmen handia kontuan hartuta, joan den urtean %6,3ko hazkundea izan baitzuen kanpoko salmentetan, beste sektore batzuek erregistratzen duten batez bestekoaren bikoitza, eta barne eta nazioarteko merkatuetan eskaintzen ari garen elikadura-produktuaren kalitate oso handia" goraipatu du.